Josu Muguruzaren figura "berreskuratu eta ezagutaraztea" helburu du dokumentalak. Batik bat, publiko gaztearen artean, Markel Andia eta Lander Iruin egileen esanetan, gazteek "asko ez baitakite".
Memoria egitea "beharrezkoa" den garaian, dokumentalak Muguruza definitzen duen ‘Madrilen hil zen diputatua’ kontzeptua aldatzea du xede, bere ibilbide labur bezain "gorabeheratsuan" oinarrituta. 70eko hamarkadako Errekalde auzoko arazo sozialetatik hasi eta eta Euskal Herri mailako konpromisoetara".
"Positibismoa, esperantza, egoera zailei aurre egiteko nahia" da ‘Zohardia’ Lander Iruin eta Markel Andiaren hitzetan. "Hori da Josu Muguruza, dituen arrisku guztiekin". "Dituen arrisku guztiekin", Iruñean eginiko mitin baten amaieran Josuk berak erabili zituen hitzak dira. Andia eta Iruinen ustez, "bitxia" den esaldia, eta Josuren bizitzaren amaierarekin "zentzua hartzen duena".
Zohardia zen Josuk Egin egunkariko kazetari gisa lparraldean jardun zuenean erabiltzen zuen ezizena testuak sinatzeko eta ‘Zohardia bete dute, izarren bidez gidatzen baitira’ Joseba Sarrionandia idazlearen hitzekin osatu dute izenburua, bi egileei Muguruzaren "bizitzaren isla" iruditzen zitzaileko.
Euskal Herriaren historian une "garrantzitsuak" izan zirenak ere azaltzen ditu filmak. Muguruzaren "garaiak", hain zuzen ere, besteak beste, Frankismoaren amaiera, GALen garaia "bete-betean" edota Argeleko elkarrizketak. Horrela, "guk ere memoriaren berreskurapenean parte hartu nahi izan dugu".
Urte beteko proiektuaren atzean, "mila esperientzia eta mila ikasgai" bereganatu dituzte Andia eta Iruinek, Muguruzaren familia, lagun eta lankideekin eginiko 21 elkarrizketetan. Guztira, 28 pertsona dira dokumentalean lekukotza eman dutenak eta "arazorik gabe" konbentzitu dituztenak parte hartzeko.
Estalitako historiak ateratzeko olatua
Ikus-entzunekoetan lizentziatuak diren Markel Andia eta Lander Iruinek FITE izeneko ekoiztetxea sortu dute bai ‘Zohardia’ bai aurrerantzean "beste historia batzuk kontatzeko". Zinemak bizi duen sasoi latzean "gure historiak kontatzeko gogoa inoiz baino biziagoa da", adierazi dute. Izan ere, bi errealizatzaile gazteen iritziz "olatu bat" dago "nahiko estalitako historiak ateratzeko". Olatu hori Barrura begiratzeko leihoak, Gazta zati bat, Itsasoaren alabafilmekin hasi zen, eta Lasa eta Zabala-rekin "nabarmen" egin du aurrera. "Guk ez badugu egiten, nork egingo du", galdetu du Andiak.
‘Zohardia’-ren atzeko talde lana azpimarratu nahi izan dute egileek gaurko agerraldian. Hainbat profesionalen laguntza izan dute dokumentala osatzerakoan, "irabazi asmorik gabekoak", eta horiei eskerrak eman dizkiete.
Ostiralean, talo ikastaroa
Tomas Deuna heltzear dela eta, bihar -ostirala-, abenduak 19, talogile profesionalek Euskal Herriko talorik goxoenak egiten irakatsiko diete Kabiara hurbiltzen direnei. Tailerretik lehiaketa ospetsuenetara salto egitea dute helburu elkartekoek. Bost euroko prezioa izango du ikastaroak eta elkartean bertan izango da, San Inazioko Orixe Kaleko 48. zenbakian, zehazki.