Tomas Deuna heltzear dugula, bi ekintza gastronomiko ospatuko dira Kabian: alde batetik, gazta dastaketa; eta bestetik, talo tailerra. Lehenengoa gaur izango da eta bertan gaztagile batek eta esnekiekin diharduten lagunek, produktu hauen elaborazio prozesua azaldu eta beraien produktuak dastatzeko aukera eskainiko dute.
Ostiralean talogile profesionalek Euskal Herriko talorik goxoenak egiten irakatsiko dute, jendeak 22an taloak egiten jakiteko. Tailerretik lehiaketa ospetsuenetara salto egitea dute helburu elkartekoek. Bost euroko prezioa izango dute bi ekintzek eta elkartean bertan egingo dira, San Inazioko Orixe Kaleko 48 zenbakian, zehazki.
Bestalde, ostegun honetan ‘Zohardia’ aurkeztuko dute dokumentaleko zuzendariek. Josu Muguruzari buruzko lan hau Lander Iruin eta Markel Andia errealizatzaileek egin dute, eta diputatuaren figura berreskuratu eta ezagutaraztea du helburu. Batik bat, publiko gazteari begira dago, ‘Madrilen hil zen diputatua’ kontzeptua aldatzeko. 70eko hamarkadako Errekalde auzoko arazo sozialetatik hasita, Euskal Herri mailako konpromisoak aipatzen dira dokumentalean.