Hezkuntza sarea, elkargunerako gunea

uriola.eus 2015ko urt. 7a, 12:47

Deustutik eta Deusturako, LOMCE legearekin ados ez dagoen lan taldea sortu eta antolatzen ari da. Urtarrilaren 23an hezkuntza jardunaldiak prestatu dituzte.

Batzuk irakasleak dira, beste batzuk ikasleak, gurasoak edo hezitzaileak. Hezkuntzarekin lotutako kezkak, erronkak, proposamenak eta hausnarketak partekatu nahi dituzte, Deustutik eta Deusturako. Dagoeneko LOMCE legeari aurre egiteko mahai ingurua antolatu dute Deustuko ikastetxean eta urtarrilaren 23an hezkuntza jardunaldiak burutuko dituzte Bidarte auzo etxean.

Hezkuntza Sarea lantaldea hezkuntza munduarekin lotura duten kideen bilgunea izateko jaio zen aurreko ikasturtean. Ikasle, familia, hezitzaile, langile zein herritar ororen parte-hartzea bultzatu nahi du, “denon artean, elkarlanean, gure hezkuntza eraiki dezagun”.

Lego piezak hartu dituzte taldearen iruditzat. Sarean dauden partaideen ustez, oso ondo definitzen dute taldearen izaera. “Forma eta kolore askotakoak dira eta elkartuz gero oso gauza interesgarriak sortu ahal dira”. Horixe da hain zuzen ere sare honen erronketako bat: “Sakabanatuta dauden ikastetxeetako hezkuntza komunitatea harremanetan jartzea eta elkarlanean aritzea”. Horretarako, norberak nahi eta ahal duen mailan parte hartzeko guneak dituzte: talde egonkorra, asanblada, dinamika puntualak... Deustuko errealitatetik abiatu nahi dute eta horretarako oso garrantzitsutzat jotzen dute ikastetxeekin harreman zuzena izatea.

Abenduaren 11an LOMCE legeari aurre egiteko mahai ingurua antolatu zuten Miren Larrion, Gasteizko ikastolako amarekin, Miren Barrutia, irakaslea eta sindikalistarekin eta Ikoitz Arrese, hezkuntza mugimenduko kidearekin. Gaur egun ikastetxeetan LOMCEk duen eraginari buruz mintzatu ziren. “Dagoeneko LOMCE aplikatzen ari da eskola eta ikastoletan –azpimarratu zuten-, ikasgaien ordutegietan, Ingurune ikasgaian izen aldaketekin, erlijioak indarra hartu du eta ebaluatzen hasi dira dagoeneko eta Lehen Hezkuntzako 3.mailako ikasleak kanpo ebaluazio bat egitera behartuko dituzte”. Horri aurre egiteko eta “gure hezkuntza sistema propioa” garatzeko aukerak badaudela gaineratu zuten eta horretarako, gonbidatuek hainbat ikastetxe eta herrietako esperientziak eraman zituzten.

Urtarrilerako 23rako, hain zuzen ere, erronka handi bat dute Hezkuntza Sarekoek. Jardunaldiak antolatuko dituzte 18:00etan Bidarte auzo etxean. Hezkuntzarekin lotutako bost gairen inguruan tailerrak prestatuko dituzte. Gaiak definitzeko hasi dira hezkuntza komunitateko kideei beraien interes eta kezken inguruan galdetzen. “Adituak etorriko dira tailerrak dinamizatzera eta aldez aurretik izena eman beharko da bertan parte hartzeko, partaide kopurua mugatua izango delako”. Haurrentzako gunea ere izango da eta beraientzako tailerretan parte hartzeko aukera izango dute hauek ere.