Gaizka Gondra: “Bizi-bizirik nagoen sentsazioa dut egunero”

PREST!-Ane Rotaetxe 2015ko urt. 8a, 07:30

Gaizkak Bilboko finantza enpresa baten lanean zegoela Brasilera bi urtez joateko eskaintza izan du. Bertan dago, Sao Paulo hirian egunerokotasunaz disfrutatzen.

Noiztik bizi zara Sau Paulon eta zer egiten duzu han? 


Hiru hilabete daramatzat hemen, urrian etorri nintzen lanera. Eskaintza interesgarria egin zidan nire enpresak, lehenengo Brasilen urte pare bat eta printzipioz horren ostean Mexikon beste 2-3 urte. Nire formaziorako zalantza barik aprobetxatu beharreko trena. Baloratu nuen eta aukera paregabea iruditu zitzaidan munduko beste herrialde batzuk barrutik nola funtzionatzen duten ezagutzeko. Ez da gauza bera turista bezala edo lanera joatea. Aurrera egitea erabaki nuen.


Zelakoa da Sao Paulo?

Kotxez beteriko hiria da, guztiz salbajea. Jendetza eta zementoa nonahi daude. Tamaina aldetik Mexiko DFren antzeko tankera du, baina askoz itsusiagoa da. 
Deusturekin alderatuta... 
Zuria eta beltz. Sao Paulon inork ere ez du inor ezagutzen, entretenimendu eta zerbitzuen eskaintza zoratzeko modukoa da, segurtasun arazo larria dute, kutsadura beldurgarria da, trafikoa zer esanik ez...

Zer da gehien faltan duzuna? 


Gehien faltan dudana kaletik paseatzen nagoela lagun batekin topo egin eta ardotxo bat hartzea da. Deustun edozein momentutan egin dezakezun hori Sao Paulon ezinzezkoa da. Nire familia eta nire lagunak oso gogoan ditut.


Zer da Sao Paulotik gehien gustatu zaizuna? 


Egunak zein konpletoak diren. Errutina ez da existitzen hemen, dena aldatuz doa, dena mugimenduan dago, bizirik sentitzen zara momentu oro. Hori ikusgarria da. 


Eta gehien harritu zaituena? 


Gorputzaren idealizazioa, estetikari zein nolako garrantzia ematen dioten eta zenbat denbora eskaintzen dioten kirol eta edertasun gaiei. Brasildarrak, izan dudan esperientzian, harritu naute, era positiboan. Gauden urbe erraldoi honetan, beti irrifartsu eta laguntzeko prest topatu ditut, oso sorpresa atsegina izan da. 


Zelakoa da Gaizkaren egun bat Sao Paulon? 


Ni oso goiz itzartzen naiz, ariketa fisikoa egiten dut goizero eta lanean igarotzen dut egunaren zatirik handiena. Arratsaldeko 19:00etan bukatzen dut lanaldia. Zorionekoa naiz, ordubete baino gutxiago ematen dudalako etxetik ofizinara, ohikoena hemen 2 ordu joateko eta bi itzultzeko izaten da, askotan 15 kilometroko distantziak egiteko. 


Bidaiatzeko astirik izan duzu? 


Momentuz ez. Bestalde, orain ezkondu berri naiz eta nire bikotea badator nirekin abentura hau bizitzera. Laster etorriko da eta bere zain nago elkarrekin Brasil ezagutzeko. Nire kabuz Ihla Belan izan naiz, Sao Paulotik 4 ordura dago eta buzeatzeko toki zoragarria da. Bertan Bigarren Mundu Gerran hondoratutako barkuak ikus daitezke. Zu oso futbolzalea zara. Ahtletikzalea.

Nola bizi dute Sao Paulon futbola?


Argentinarren antzera, erlijioa balitz bezala, pasio handiarekin. Corinthians taldearen partida batera joateko aukera izan dut duela gutxi eta uste dut badudala nire Brasileko taldea dagoeneko.

Etorkizunerako asmorik?
Orain nire bikoteaz difrutatu, Amerikaz gozatu, bere txokoak eta jendea ezagutu... mugimenduan egon. Hemendik aurrera nork daki, agian, egunen batean familia handitu!