Arangoiti hankaz gora

PREST!-Bea Medrano 2015ko urt. 8a, 10:26

Sutan daude Arangoitiko auzokideak gauez aparkalekua topatzea loteria suertatzea bezain zaila bihurtu baita. Egileor kaleko zati handi bat oinezkoentzat egiteko lanak hasi zirenetik, aparkatzeko arazoak aspaldi ez bezalakoak dira.

Egoera honen berri izateko Bihotzaran auzo elkarteko Javi Gonzalez Lavadorekin harremanetan jarri gara.  Berak azaldu digu Egileor kaleko lanak, auzoko irteera zabaltzeko lanak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen etxebizitzen eraikitze prozesua batera ematen ari direla eta honek aparkatzeko lekua nabarmen murriztu duela. Hiru obra hauek epe desberdinetan egin behar ziren. Izan ere, irteera egokitzeko lanak urrian amaitu behar ziren, baina udan arazoak izan zituzten eta bi hile eta erdi geldirik egon ziren.

Egileor kalean espaloiak zabaltzen ari dira eta aparkalekuak kendu dituzte. Honez gain, lanek irauten duten bitartean autobusa ezin da kale honetatik pasa  eta norabide bakarreko Ganeta kalean bi norabide jarri dituzte autobusaren ibilbidea mantentzeko. Ondorioz, kale horretan ere aparkalekuak kendu dituzte eta hirugarren kale batean autobus geralekua jarri ahal izateko tokia egin behar izan dute. Honi gehitu behar zaio lehen aipatutako bi obrek eragiten duten espazioaren okupazioa.

Egileor kaleko proiektua orain zortzi urte abiatzekoa zen baina  auzo elkartetik gelditzea eskatu zen apartzeko arazoa konpondu arte. Behin aparkalekua eginda, proiektua berrartu zen. Proiektu honekin auzoko erdigunea berpiztu eta apaindu nahi da, pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko asmoz. Baina badirudi Egileor kalea oinezkoentzat egiteak hautsak  harrotu dituela. Elkartearen ustez, kotxeek espazio handia betetzen dute pertsonen asebetetzerako leku gutxi utziaz, ondorioz kaleak berreskuratu behar dira. Auzotarren artean denetiko iritziak daude. Batzuk zain daude espazio berriez gozatu ahal izateko, eta beste batzuei aparkatzeko zailtasunak ondoeza eragin dienez, izorratzeko egiten dela pentsatzen dute. Beste batzuk berriz, pozik daude auzoak izango duen itxura berriarekin eta haserre instituzioen kudeaketarekin.

Javiren ustez arazorik handiena lanen kontzentrazioak ekarri du, ondorioz ordu batzuetatik aurrera auzoan aparkatzea oso zaila da. Hau guztia Udala eta Eusko Jaurlaritzaren artean egon den deskoordinazioagatik eta irteerako lanetako akats teknikoagatik eman da.



Egoera zein izango zen aurreikusita, auzo elkartetik Udalari aparkatzeko gune gehiago jartzea eskatu zitzaion, baina teknikoek ez zituzten egingarri ikusi. Bide berean, txarto aparkatutako autoekin malgu jokatzeko ere esan zitzaien. Izan ere, arazoa hain larria izanik, hainbatek debekatuta  dauden guneetan autoak utzi izan dituzte. Batzuetan honek ez du arazorik suposatu, baina inoiz eragozpenak suertatu dira eta ondorioz salaketak. Udaltzainak etorri direnean txarto aparkatuta topatu dituzten auto guztiei isuna jarri diete.

Auzo Elkarteak jarritako isunen fotokopiak bildu eta Udaltzainen buruari helarazi zizkion bertan behera utz ditzaten eskatzeko. Udaletik erantzun dute ezin dutela isunik kendu, eta momentuz  auzo elkartetik  kaltetuei esan diete norbanako erreklamazioa egiteko.

Auzokideek arazoak laster amaitzea espero dute. Arangoitiko irteerako lanak bukatuta daude eta Egileor kaleko obrak apirila edo maiatzerako eginda egongo dira. Ordurako normaltasunera itzultzea espero dute.