Hezkuntza jardunaldiak antolatu dituzte Deustun gaur arratsaldean

uriola.eus 2015ko urt. 23a, 09:11

Gaur, urtarrilak 23, ostirala, Hezkuntza jardunaldiak antolatu ditu Deustualdeko Hezkuntza Sareak 18:00etan Bidarte auzo etxean. 

Hauexek dira gaurko prestatu dituzten tailerrak:

- ANTZERKIAREN BITARTEZ JAZARPENARI AURRE EGIN AHAL DIOGU? (Ainhoa Madariaga)

Zapalduon antzerkiaren teknikak erabiliz, -jokuak eta antzerki irudiak- eskoletan ematen diren bullying egoerak identifikatu eta hauei aurre egiteko aukerak antzerkiaren bidez landuko ditugu. Tailer honek geure egunerokotasunerako entsegu izatea du helburua.

- ETXERAKO LANAK BEHARREZKOAK DIRA XXI. MENDEAN? (Leire Saez)

“Gai tabu” honen inguruan inor gutxi ausartzen da hitz egitera, gurasoen eta seme-alaben arteko elkarrizketetan etxerako lanak gai nagusienetako bat izaten diren arren. Egungo ikasleek egiten dituzten etxerako lanek ez ote dute orain dela 40 urte egiten zirenen antz handiegia? Ez ote da jendartea aldatu? Derrigorrez egin behar dira hezkuntza-sisteman aurrera egiteko

- PSIKOMOTRIZITATEAN, GURE MUGIMENDUAREN BITARTEZ ERAIKITZEN ARI GARA? (David Jorrin)

Mugimenduaren bitartez, askatasunean edo bideratuta, nortasuna, pentsamendua, lateralitatea, etab. eraikitzen ditugu. Tailer honetan, helburu hoiek lortzeko dauden teoria eta metodologia ezberdinak ezagutuko ditugu.

- HEZKIDETZA, HARREMANAK ERALDATZEKO BITARTEKOA? (Hegoa Ugalde eta Maider Gonzalez)

Gaur egun asko hitz egiten da hezkidetzaren inguruan, baina zelan hezi ahal ditugu haur eta gazteak parekidetasun batean? Zelan hezi ditzakegu zaintza, autuestima eta pentsamendu kritikoa erdigunea izanda? Tailer honen bidez hezkidetzaren oinarriak ezagutzeaz gain zenbait gako eta estrategia ezagutzeko aukera izango dugu.

Izena emateko idatzi honako helbidera: bideanheztendeustueraiki@gmail.com