Juan Manuel Sanchez: "Cadizeko turista euskaldunek animatu ninduten hona etortzera”

PREST!-Nerea Olaziregi 2015ko ots. 3a, 09:44

Duela bost hilabete etorri zen lan bila , hemengo baldintzak –ostalaritza behintzat– hangoak baino hobeak direla dio, baina hala ere ez du nahi beste behar topatu. Arangoitin bizi da pisu konpartitu batean, San Ignazion entrenatzen du futbolean eta lagun handiak egin ditu.

Zenbat denbora daramazu hemen?
Urrian etorri nintzen Cadizetik. Vejer de la Fronterakoa naiz,  ostalaritzan egiten nuen lan, Zahara de los Atunesen, bertan turismo asko dago, Euskal Herriko jendeak animatu ninduen hona etortzera, deustuar bat haien artean, berak asko lagundu nau hemen.

Espero zenuena topatu duzu?
Egia esateko, ez dut behar nuena topatu. Lana badut baina bizitzeko beste, apur bat gehiago beharko nuke...

Zertan zabiltza lanean?
Asteburuetan Txurrasko jatetxean egiten dut lan, Bilbon, eta astean zehar kotxeetarako piezak saltzen ditut, gasolindegi eta tailerretan.

Eta lanik egiten ez duzunean?
Futbolean jokatzea gustatzen zait, San Ignazion entrenatzen dut, bertan lagun asko egin ditut. Baita Deustun ere. Pelikulak ikustea gustatzen zait eta korrika egitea.

Norekin bizi zara?
Arangoitiko pisu batean nago alokairuan beste bi mutilekin, beasaindar batekin eta Extremadurako beste batekin.

Beasaindarrarekin euskara ikasteko aukerarik izan duzu?
Apur bat, esaldi labur batzuk baino ez ditut esaten, neska polita, adibidez.

Eta neska polit asko ezagutzeko aukerarik izan duzu hemen?
Bai, batzuk bai, baina ni ez naiz 8 apellidos vascos filmekoa bezalakoa, niri andaluziarrak gustatzen zaizkit.

Film horretakoak bezalakoak gara euskaldunok?
Ez da horrenbesterako, Bilboko jendea serioagoa da  baina herrietakoak atseginagoak dira. Ni Arangoitin oso pozik nago, izaera hotzarena eguzki faltagatik izan daiteke –barre egiten du-.

Hango beroa botatzen duzu faltan?
Bai, martxoan itzuli egingo naiz Cadizen lana izango dudalako, ordu gehiago egingo dut lan baina gehiago ordainduko didate. Hala ere, atea irekita utzi dut, udazkenean berriz ere, hona itzultzeko. Nork daki.

Hango jenderik etorri zaizu bisitan?
Bai, lagunak etorri dira, oso ondo pasatu dugu eta pozik joan dira. Ahal dutenean berriro ere itzultzeko prest daude.