'Euskal Herria', guk irakurri eta munduari erakusteko moduko liburua

PREST!-Patxi Gaztelumendi 2015ko ots. 3a, 10:24

Argazkiak: Elkar fundazioa/ Sua argitaletxea

Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez plazaratu da ‘Euskal Herria’ izeneko liburua, eta Hektor Ortega Prest! aldizkariko kazetariak ondu du, argazki ederren laguntzarekin.

Hektor Ortega historialari eta kazetaria Sua edizioak argitaletxean ari da aspaldion lanean, Euskal Herria liburuak izeneko atalean. Aldizkarigintzan orain arte, liburu tematikoak koordinatzen ditu aspaldi honetan, eta ziurrenik aspaldian jaso duen enkargurik ederrenak ikusi du argia duela gutxi: Euskal Herria liburua. Berak aipatu digunez, Elkar fundazioak “Euskal Herria jendaurrean aurkezteko liburu baten beharra sumatu zuen”. Eta Sua argitaletxean hausnarketarekin bat egin, eta ekin zioten lanari. “Eta egia esan, bazen garaia horrelako argitalpen bat kaleratzeko, Euskal Herria bere osotasunean azaltzeko: lurraldeak, herriak, natura, historia, kultura, kirola eta, jakina, gure hizkuntza, euskara”. Eta liburua gauzatzeko Elkar fundazioak eta Sua argitaletxeak indarrak batu zituzten.

Duela zenbait urte, Sua argitaletxeak Euskal Herria, herri bat izeneko beste argazki liburu eder bat plazaratu zuen. Prest! aldizkariko kidea ere baden Hektor Ortegak gogorazi digunez “liburu hori aspaldian agortu zen. Lan bikaina izan zen eta, hein handi batean, eredu izan da liburu berrirako. Esate baterako, Alex Ugaldek liburu hartarako idatzi zuen testua abiapuntu hartu dugu 2014koa idazteari ekiteko”. Urteak igaro dira ordutik, eta historia zertxobait luzatu da. Liburu modernoagoa eta edukiz hornituagoa da oraingo Euskal Herria.


“Lainoak ezkutatzen dizkionean maite ditu maite poetak gure bazterrak, orduan, eta orduan baino ez, so egin lezakeelako bere buruaren baitan”, horrela adierazi dute liburuaren argitaldariek, Mikel Laboaren Gure bazterrak kantua gogoraraziz. Eta gure bazterrak ezkutatzen duten hori bera da liburuan zehar aurkituko duguna.

Liburu honetan gure herriari begiratuko diogu, zuzen eta garden, paisaiari, naturari, historiari eta kulturari erreparatuta. Eta hor azalduko zaigu Euskal Herria; bere horretan, guk ikusten dugun bezala. Lainoa izan zein oskarbi izan. Guk, eta beste askok. Hemengo eta hango.

Atzerrian interesa dago Euskal Herriarekiko
Lau hizkuntzatan kaleratu da liburua: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Lau liburu ezberdin dira. Lau argitalpen. “Euskal Herria zertan den azaldu nahi izan du lehenengo eta bat hemen bizi garenontzat eta horregatik euskaraz eta Euskal Herrian erabiltzen diren erdara nagusietan -gaztelaniaz eta frantsesez- argitaratu dugu”, eta ingelesez ere plazaratu dute beste edizio bat, nazioartean zabaldu edota bertora datozenei zuzenduta. Hektorrek ahopeka aitortu digunez, Durangoko azokan oso ondo saldu omen zen ingelesez plazaratutako liburua, antza.

Berton irakurri eta kanpoan erakusteko moduko liburua da beraz Euskal Herria liburua, eta kanpora begira zer egiten den galdetuta, kezka ageri du historialariak: “Oraindik lehenengo urratsetan gaudela iruditzen zait. Baina atzerrian interes handia dago Euskal Herriarekiko eta komeni da guk geuk ematea gure herriaren berri”.  

Euskal Herri fisikoa, historia eta kultura
Argazki koloretsu ederrez hornitua hasieratik amaierara, diseinu zainduarekin, ikusgarritasuna irabazten du lan honek. Baina ez da diseinu eta argazki hutsa. Mamia ere badu bere baitan Euskal Herriak. Edukietan sakondu du Hektorrek berak: “Testuetan gure herria goitik behera korritu dugu, Euskal Herria bere aniztasunean agertzeko. Lehenengo gure herri fisikoa deskribatu dugu (mendiak, itsasoa, klima, naturaguneak...) eta ostean gure kultura eta historian murgildu gara: artea, euskara, kirolak, jaiak…”. Liburua begietatik sartzen da, egileak berak azpimarratzen duenez, baina testuak ere laguntzen du gure herria hobeto ezagutzen. Beti daude detaile berriak, datuak, eta guztiok daukagu zer ikasi bidaia horretan, izan bertoko, euskaldun ala kanpoko, atzerritar. Munduko herri izan nahi duen leku honen lekukotasuna ematen du, ezbairik gabe.

Eta egilea bera ere, maiz harritu egin da ikasi dituenekin. “Gurea herri txikia izanagatik hamaika altxor eta harribitxi gordetzen ditu bere baitan” esanez abiatu du bere gogoeta Hektor Ortegak, “ondo ezagutzen dugula pentsatzen dugunean ere, ezustea hartuko dugu. Etengabe ikasten ari gara. Alde horretatik, Euskal Herria amaigabea da”. Liburu guztiek dute zerbait eskaintzeko alde horretatik. Idazten duen guztion kezka izaten da, zerbait gorde edo jaso izana irakurleak berau bukatutakoan. Ez da zaila lan honekin ordea.

Liburua egin, idatzi, diseinatu, argitaratu ez da egun batetik bestera egiten. Ez da aldizkari bat edo egunkari bat argitaratzen den moduan sortzen. Bestelako lana eta ardura dago horrelako obra baten atzean. Baina pozik ageri da Hektor, nabari zaio hori. Alde horretatik zortekoa dela deritzo berak, “Zortekoa naiz, zalantzarik gabe, horrelako lanak egitea egokitu zaizkidalako. Niretzat Euskal Herria liburua idaztea erronka izan da, zalantza barik, baina baita egundoko gozatua ere”, eta poz bera hartuko du irakurleak ere, sekulako lanaren aurrean aurkituko delako. Gure historia, gure kultura, jaiak, paisaiak, ohiturak, hizkuntza eta zenbait txoko ezezagun topatuko dituelako bertan, Euskal Herrian.

http://euskalherriablog.com/2014/12/01/euskal-herria-gure-herria-islatzen-duen-liburua

 

Gure herria gobeto ezagutzeko aukerak zabaltzen

Langile nekaezina da Hektor Ortega. Ezagutzen duenak aitortuko dizu. Prest! aldizkariaren proiektuan hasiera hasieratik dago. Bere izan zen lehen arduraduna Deustualeko aldizkari honetan, 1999ko udaberrian. Santutxualdeko Berton koordinatzen be hasi zen gero. Eta bi lanak batera egin izan ditu luzaroan. Eta irratietan ematen zuen gure auzoetako berri, gure berri beste auzoetan.

Deustuko unibertsitatean Historia ikasi zuen arren, laster ekin zion prentsan idazteari. Karrera bukatu, eta Egin egunkarian hasi zen idazten. Bilboko kronikari aparta bilakatu zen. Hain zen zabala bere ezagupena, Bilbao a la deriva liburua be plazaratu zuela, Txalaparta argitaletxearekin. Bilboko trakimaneje ugariren berri eman zuen liburu horretan. Garzon epailearen aginduz Egin itxi zuen, eta lan barik geratu zen Hektor Ortega ere. Eta gogotsu hartu zuen Prest! kudeatzeko ardura. Eta berarekin lan egin dugunok, beti gogoratuko dugu batzarren animatzaile, arduratsu, zorrotz eta irizpide kritikoetan trebatua.

Nora aldizkarirako fitxatu zuten gero. Bidaiak eta lantzen zituzten Berria egunkariarekin batera argitaratutako aldizkari berezian. Euskal Herria aldizkaria, El mundo de los Pirineos eta antzeko proiektuak kudeatu dituen Sua argitaletxearen muinean. Aldizkari batzuk desagertu egin dira, tartean Nora, baina Hektorrek jarraitu du abentura, historia, Euskal Herria, mendia, txangoak eta horrelako gidak, mapak, liburuxkak argitaratzen, koordinatzen, lantzen. Eta ezagupen hobetatik, guk geuk ere gure herria hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digu horrelako lan bakoitzean. Eta gu, zelan ez, hori dena hobeto ezagutzeko prest.

Mila esker.

uribitarte.wordpress.com