Janzteaz eta biluzteaz

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Peña 2015ko ots. 3a, 10:43

Ez dut inoiz gustuko izan kritikarien lana. Kapitalaren kulturak dena kutsatzen duen honetan, kritikak ere aspaldi topatu zuen bere lekua perbertsioaren makina itsuaren hortzetan. Ofizio bilakatu zuten artelanak sailkatzearen lana. Eta adituen kritika ez denean, tertuliakideak izaten ditugu etika eta moralak marraztutako lerroan dantzan gure jendartearentzako komenigarria zer den eta zer ez azalduz.

Batzuek zein besteek, sari baten truke, herriaren imaginario kolektiboa etengabe kutsatu eta baldintzatzea dute helburu, ezkutatzen den asmoa aldiz beti ideologikoa delarik. Baina ez gaude hemen egungo kazetaritzaren kode deontologikoaren eskasiaz aritzeko.

Jende taldeetan kulturak duen garrantziaz aspaldi jabetu zen gizakia. Honen konplexutasunaz ohartzea aldiz, azken garaietako kontua da. Pertsonok, gure komunitateetako parte garen heinean, errealitate kultural zehatz batek lagunduta topatzen dugu aurrera ekiteko bidea eta modua.

Gure pentsamendua jende talde baten imaginario kolektiboan txertaturik egonda osatzen da,eta historiak aurrera egin ahala bizitzan zehar garatzen dugun kosmobisioa lagunartean eta elkarlanean eraikitzen dugu. Egun, badakigu pertsonon edota jende taldeon sorkuntza zein interpretazio oro subjektiboak direla eta momentu historiko konkretu bati lotuak azaltzen direla.

Horrela bada, ez naiz musika talde batek argitaratutako azken diskoari buruzko kritikak burutzen arituko, ez eta antzezlan edo libururen bat gomendatzen hasiko; baizik eta Euskal Herriak parean duen garai berriari erreparatuz, kultura barrutik (bir)sortzeko dugun beharra izan nahi dut hizpide Kultur Txotx izeneko txoko honetan.

Azkenengo hamarkadetan egungo jendarteen bilakaerak herri kulturan duen eragina eztabaidagai garrantzitsua izan dugun honetan, gure herrian, adierazpen kultural gorena den jaia, jantzi erlijioso, ilustratzaile edota ekonomikoetatik biluztu eta ekintza askatzaile eta libertigarria bihurtu behar dugu. Herritar ororen parte-hartzea ezinbestekoa den bezala, sortzaileok inertzia komertzialetatik jaregin eta natura zein jendea ulertu behar ditugulako amaren etxetzat.

Eta garai berriez ari garela, bueltan ditugu mozorrotzeko egunak. Inauteriak denboran muga bat seinalatzen duten jaiak dira, zerbait abiatuko denaren seinale. Historian zehar eduki ditugun asmo, amets eta bizitza hobetzeko nahimenak dira mundu osoan zehar ospatzen diren jaien funtsa. Gurean ere bai.

Beraz, izan gaitezen zomorro eta uxa ditzagun kapitalaren, Ilustrazioaren eta erlijioaren izurriteak. Askatu dezagun kultura pertsona askeen herri libre bat eraikitzeko. Horra hor erronka.