Deustuko jaiek "parranda" egun bat gehiago izango dute aurten

uriola.eus 2015ko ots. 24a, 09:57

Martxoaren 13an hasiko dira 2015eko Deustuko jaiak. San Jose eguneko zubia tarteko, egun bat gehiago iraungo dute jaiek Deustun. Jai Batzordeak "ahalegin handia" egin du jai herrikoiak "aurrera eramateko eta programako ekintzak deustuar orok disfrutatzeko, adin eta gustu ezberdinetarako proposamenekin".

"Ez da bide erraza" Deustuko Jai Batzordearentzat jai herrikoiak antolatzea. Besteak beste, Bilboko Udalak ez duelako "inolako" laguntzarik ematen. Jai herrikoiak "ez dira lehentasuna" Udalarentzat. Are gehiago, Jai Batzordeak eta beste gizarte eragile batzuk egindako proposamenei "mila traba jarri dizkigu". Elkarte herrikoiekin elkarlana "zer den ahaztu omen du" Udalak.

Trabak traba, Jai Batzordeak argi dio: "Ez gaituzte geldituko". "Oztopo guztien gainetik aurrera jarraituko dugu deustuarrek merezi dituzten jai herrikoiak antolatzen". Hori dela eta, Jai Batzordea osatzen duten talde eta elkarteek Deustuko eta Bilboko jendartea gonbidatu nahi dute martxoaren 13tik 22ra "barre egiten, abesten, dantzatzen, garai bateko lagunekin elkartzen... gure artean ez dauden deustuar oro ahaztu gabe".

Gertatuz gero, sexistak, homofoboak eta "deustuarrei kalte egiten diguten erasoak" salatuko dituela azpimarratu du Jai Batzordeak.

 

Egitaraua

Martxoaren 18an, asteazkena, San Jose -aurten jaieguna- bezpera egunean, 'Sonbreru gaua' antolatu du lehen aldiz Jai Batzordeak. "Atera ezazu kalera zure sonbreru or¡ginala, barregarria, elegantea eta abar", diote batzordetik. Egun horren aldeko apostua egin dute deustuarrek, "parranda egun bat gehiago daukagu aurten", diote, eta ondo baliatzea erabaki dute poteo musikatuarekin "Deustun barrena" eta txosnetako eszenatokian Mandoilek taldearen eta DJ Lororen emanaldiekin.

Oro har, kontzertu "politak" dira aurtengo Deustuko jaietakoak. Lehenengo gauean, martxoak 13, Governors eta Gozategi taldeak izango dira protagonista txosna gunean. Hurrengo egunean berriz, martxoak 14, 'Taupaka gaua' izango da. Bertan parte hartuko dute Suaia ta La Hainek, Nizuritazunerik eta Patrol Destroyersek.

Martxoaren 20an gerriak askatzeko hitzordua dute Deustun. Radio Tropicalen eskutik zapalduko dute txosna guneko eszenatokira Habana 537, Rumba Band, Viejoteca Johana Bustamante eta DJ Diego Tropicalek.

Martxoaren 21ean, Gazte Lokalean, Silbote Projekt eta Jazz Colective taldeen kontzertua izango da.

Bertso-saioa, ostegunean izango da, ohi bezala, martxoaren 19an, txosna gunean. Arkaitz Estiballesen gaiei Andoni Egaña, Fredi Paia, Alaia Martin eta Sustrai Colinak kantatuko diete 20:00etatik aurrera.

 

Mintzodromoa

Martxoaren 19an, bertso-saioa baino lehen, 19:00etan Mintzodromoan elkartuko dira lehen aldiz deustuarrak. "Korrikaren aldeko berbodromoa izango da". Deustuko kalea "euskAHALduntzeko" xedea du egitasmoak eta horretarako "eseri, elkar ezagutu eta euskara erabiltzeko" gonbitea luzatu nahi diete herritarrei.

 

Argazkien trukaketa

Deustuko argazkien bilketa eta trukaketa antolatu du aurten lehenengoz Jai Batzordeak. "Kalekoak, jaietakoak, koadrilakoak, momentu berezietakoak, uholdeetakoak, etab". Horretarako Done Petri plazan 'Argazki gunea' atonduko dute jaietako bi igandetan, martxoaren 15ean eta martxoaren 22an, eguerditik aurrera. Deustuarrek bertara eramaten dituzten argazkiak (paperean, USBan...) eskaneatuko dituzte -beharrezkoa balitz- eta Jai Batzordeak eposta bidez partekatuko ditu nahi duten auzotarren artean. Egitasmo honetan parte hartzen duten lagunek Txema Luzuriagaren argazki-bildumako aleren bat eskuratuko dute trukean.

Martxoaren 17an, Txema Luzuriagak Jabi Ortegarekin batera Deustuko historiari buruzko hitzaldi-solasaldia eskainiko du Bidarte auzo etxea 19:00etan. Deustuko historiako hainbat pasartetatik abiatuko dira Txema eta Jabi, besteak beste, Deustuko Olentzero edota erraldoiak izango dituzte mintzagai, San Sebastian klinika edota Agirre lehendakariaren etorbidea. 

 

Deustuko Jai Batzordea

deustukojaibatzordea@gmail.com

www.facebook.com/deustuko.jaibatzordea

@deustukojaibatz