IBAIZABAL: Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI) martxan

Erabiltzailearen aurpegia Bilbo Hiria Irratia 2015ko ots. 25a, 11:05

Jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzeko, EKKIk bilera egingo du kulturako eragileekin bihar, osteguna, Bilboko Euskararen Etxean. Aurrera begirako asmoen berri emango diete EKKIko kideek kultur sektoreko ordezkariei.

Igor Estankonak kontatu digunez, EKKIk ez du alimaleko egiturarik elikatuko: egitasmoa betetzeko sortzaileei banan-banan galdetuko die.

EKKIren erronka da "sektore kulturalari egokitutako zerbitzua eskaintzea", elkarteko lagunak sinesturik baitaude "ezein jabetza ez dagokiola herri bati gehiago bere sorkuntza lanaren fruitua baino”.

Euskararen Etxean du egoitza EKKIk, eta bertan, bihar, otsailak 26, kultur sektoreko jendearen aurrean etorkizuneko asmoen berri emango du.

 

Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI)

Egile eskubideak kudeatzeko euskal agentzia da EKKI. 2014ko urriaren 22an sortu zen.

2011n hasi ziren proiektua mamitzen; hain zuzen ere, Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJren diputatuak egile eskubideen agentziak baimentzeko eskumena Gasteiza ekartzea lortu zuenean. 2014ko urriaren 21ean, Eusko Jaurlaritzak baimena eman zion eta hurrengo eguneko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen ebazpena.

Gardentasuna eta hurbileko harremana indartzea ditu helburu agentziak, eta bost elkarte dira bazkide sortzaileak: Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Musikari Euskal Herriko Musikariak, Bertsozale Elkartea eta Irudika Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala.