Sei orturen erabiltzaileak kanporatuko dituzte gaur Ugaskon

uriola.eus 2015ko ots. 27a, 08:26

Sei lagun taldek zazia garbitu ostean, bi urte eman dituzte Ugasko auzoan sortutako ortuak zaintzen. Gaur bukatzen da Udalak emandako 15 eguneko epea bertan duten guztia husteko. Inguruan landatu diren pagoak kaltetu dituzten "aitzakiarekin" kanporatuko dituztela diote ortuen erabiltzaileek.

"Bururatu ere ez zaigu egin" Ugasko auzoan, futbol zelaitik gertu, sei orturen ondoan Udalak landatutako pagoak kaltetzea. Horregatik uste du Jon Ander ortuen sustatzaileak Udala "aitzakia" bila ari dela "gu kanporatzeko". Duela 15 egun Udalak mezua utzi zien ortuen erabiltzaileei bertan zuten guztia husteko. "Dena kentzeko". 

Gaur goizean, mezuak zioen 15 egunak pasata, Udalak Bilbo Garbi udal erakundeko langileak bidaliko dituela uste du Jon Anderrek. Bertan egongo dira ortuen sortzaile eta erabiltzaile diren lagunak, sei lagun taldeetako ordezkariak. "Gure asmoa pasatzen ez uztea da, lana ez erraztea". Erresistentziarekin Udalari ikusaraziko diote "botako gaituztela".

Zentzugabea da ortuen erabiltzaileentzat Udalaren jarrera. "Gu bertan lanean hasi ginenean lursail horiek ez ziren ezertarako erabiltzen, eta gu bota ostean ere ez ditu inork erabiliko. Bi urtetan egindako lana une batean kenduko digute". 

Sei ortu sei lagun talde 

Jon Anderrek Ugasko auzoan, Deustuko unibertsitatearen goi aldean, paseoan zegoela aurkitu zuen inguru laua sasiz beteta. "Bi metroko altuera zuten sasiek", gogoan du Jon Anderrek. "Ortua lantzeko asmoa" beti izan duela eta, apurka-apurka lagunekin hasi zen gunea garbitzen eta ortuari forma ematen. "Deustuko jendearen parte-hartzearekin joan gara proiektua lantzen". 

Bi urtetan sei ortu izatera heldu dira Deustuko hiru gazte koadrila, txinatar talde bat eta errumaniar familia bat "elkarri laguntzen materiala eraman eta ekartzen eta lanabesak konpartitzen". 

Jon Anderrek espazioa babestea erabaki zuen. Horretarako 200 euro gastatu zituen hesi bat ezartzen. Besteak beste oilategia eta txakurren txabola babesteko. Oilategia eraikitzen hilabete eman zuen bere koadrilak; 20 oilo izatera iritsi da. Txakurren txabola txakurtegitik atera zituen bi txakurrentzat eraiki zuenn. Gereziondo bat eta zortzi sagarrondo ere landatu ditu Jon Anderrek Ugaskon.