Familia osatzeko bi erraldoi berri

uriola.eus 2015ko mar. 17a, 08:30

Ume "piloa" hurbildu dira Ondalan konpartsara azkenaldian. Horri esker konpartsak bere harrobia berritu eta indartzea lortu du. Deustuko jaietan, sei eta hamar urte bitarteko ume horiek dantzatzeko bi erraldoi berri kaleratuko ditu taldeak. Martxoaren 21eko kalejiran, hain zuzen ere.

Gaitaria eta albokaria dira. Euskal folkloreko bi pertsonaia irudikatzen dituzte. Eta "eramateko oso errazak dira", Jabi Ortega Ondalan konpartsako kideak dioenez. Izan ere, umeek dantzatzeko erraldoiak dira, 6 eta 10 urte bitartekoek, eta egituraren pisu arina funtsezko faktorea da. Kukubiltxo antzerki taldean aritu zen lagun batek egin ditu bi erraldoi berriak. Martxoaren 21ean, larunbata, 11:30ean aterako dituzte Ondalaneko kideek euren lonjatik Deustun zehar dantzarazteko. "Estreinua izango da", aurreratu digu Jabik ilusioz. Madariaga etorbidea, Ramon y Cajal, Luzarra, San Pedro plaza eta Heliodoro de la Torretik pasa ostean lokalera itzuliko dira 15:00etan. 

Joan den udan erraldoiak dantzatzen ikasteko tailerra, ume eta gaztei bideratua, zuzendu zuen Ondalan konpartsak. Euskal Museoko ikastaro hartako partaide batzuk "erraldoizaletu" ostean konpartsan sartu dira. Deustuko Ikastolatik ere zenbait ume animatu dira erraldoiak dantzatzera. Jendea prest zegoela ikusirik, aspaldiko ideia gauzatu du Ondalanek: "Erraldoien familia handitzea".

Harrobi berrituarekin, Ondalan erraldoien konpartsa osasuntsu dago. Azken bi erraldoiekin "epe luzean amaitutzat emango dugu familiaren hazkundea". Guztira, 14 erraldoi dauzka konpartsak: 4 txikientzat, 4 erraldoi txiki, mamutxak 2 eta erraldoi nagusiak 4. "Ideiak beti izaten ditugu", dio Jabik, beraz, "batek daki bazkari batetik zer atera daitekeen", baina egun konpartsaren asmoa "14 horietan geratzea da". Hortaz, martxoaren 21ekoa izango da "azken estreinaldia urte piloan".

 

www.ondalan.com