Bazen behin Deustuko etxetxo bat

prestaldizkaria 2015ko api. 8a, 09:30

“Ez nuen Bilbora etortzeko ideiarik, beste nonbaitera joateko ez bazen”, dio Diego Grisaleñak. Baina bere ideia eta asmoak guztiz aldatu dira. Deustutik kanpo eman ditu hamar urte Arkitektura ikasten. Donostian, Valentzian eta Berlinen, besteak beste. Karrera bukatzeko azken proiektua egiteko txanda heldu zitzaionean, bazekien “lan mordoa” egin beharko zuela. “Zertarako” galdetzen zion bere buruari, eta “balio duen zerbait” egitea erabaki zuen.

Hasieran kooperazio proiekturen bat hautatzea pentsatu zuen, baina gero kanpora joan ordez, bertan geratu eta industria ondarean murgiltzea bururatu zitzaion. Azkenik, duela bi urte, parranda gau baten ostean erabaki zuen karrerako azken proiektua zertara bideratu: Deustuko etxetxo batera.

Goizaldea zen eta Diego lagun frantses batekin Deustuko zubia gurutzatu eta etxerantz zihoan, “parrandatik bueltan”. Agirre lehendakariaren etorbidearen hasieran eraikin handiz inguratutako etxetxo bati erreparatu zion: “Eta hau? Lursail ona da, Deustu erdian dago. Ondo legoke barrura sartzea eta zutik zergatik jarraitzen duen jakitea”, pentsatu zuen. “Hau da nire proiektua”, adosteraino.

Zubiko kolegioa, Alemaniar ikastetxea, Frantses ikastetxea, Carmen kolegioa, Virgen de Nazaret kolegioa, Deustuko etxetxoa, Haurtzaindegia... izen guzti horiekin -eta gehiagorekin-, ezagun da 106 urteko eraikina. Manuel Camaron arkitektoak 1908an Pedro Unibasoren aginduz altxatutako etxetxoa. Izen ugari ditu erabilpen ugari izan dituelako. Izan ere, aldaketa askoren lekuko izan da, historia eta istorioen gordailu. Hitz bakarrarekin definitzekotan, Diegok “bitxia” dela aipatzen du, “1908an Deustuko elizateari erakitzeko baimena eskatu ziotenetik, orain arte hortxe iraun duelako”, ingurua erabat aldatu den bitartean: Deustuko zubia eraiki zuten ondoan, etxe piloa bere inguruan eta Deustu bitan zatitu zuen etorbidea parez pare. “Ipuin bateko etxetxoa iruditzen zait”, dio. Etxetxoa, “ezer ez dela” dirudien arren, Diegorentzat Deusturen “ikur” da, Deustuko Zubia edota Deustuko Tigrea bezala.

“Kasualitatez” hautatutako proiektua edukiz osatzen hasita dago Diego. Udal eta foru artxibategietan, esaterako, dokumentu “piloa” aurkitu du. Arkitektura ikaslea harrituta geratu da “hain etxe txikia izanik” jaso duen datu kopuruagatik. Bihotz Alai folklore taldearen bitartez, Deustuko jai batzordea edota Txema Luzuriaga ezagutu ditu eta Txemaren bidez PREST! aldizkaria. Horregatik, ez da kasualitatea aurtengo Deustuko jaietako kartelean Etxetxoaren irudia agertzea. Kartel lehiaketan garaile atera zen kartela Diegok diseinatua da. “Aukera oso ona zen -dio- Etxetxoa beste era batera erakusteko, collage eran, eta nire proiektuarekin lotzeko”.

Barruraino
Itxita eta hutsik dagoen etxetxoaren lursailean sartu eta barrutik ezagutzeko aukera izan duen bakarrenetakoa da Diego. Etxetxoaren aurretik pasa zen egun batean, atea zabalik ikusi eta, galtzeko ezer ez zuela eta, barrura sartu zen. Orduan ezagutu zuen Carmen, Etxetxoaren zaindaria, proiektua egiten Diegori “asko lagundu dion pertsona”, informazio iturri handia. Partzelakoak ez ezik bestelako ate asko zabaldu dizkio Carmenek Diegori, bere historia eta istorioen ateak, besteak beste. Denak etxeari estuki lotuak. Guzti horiek entzutean, proiektu “zabala” egitearen beharra sentitu du arkitektoak. Artxibategietan aurki daitekeen historia Etxetxoarekin nolabaiteko harremana izan duten horien istorioekin osatzea. Esaterako, Etxetxoan bizi izan ziren mojen istorioekin, Haurtzaindegian ikasi zuten ikasleen istorioekin edota parrandatik bueltan Etxetxoari erreparatu zioten horien istorioekin. “Historia ofizialean” sartu nahi ditu Diegok norbanakoen bizipen guzti horiek, “gure esperientziei ere balioa emateko”.

Bere aburuz, “zerbaiten parte sentitzen garenean zerbait hori zaintzeko beharrizana sentitzen dugu”, eta deustuarren artean Etxetxoa zaintzeko mezua zabaltzea da Diegoren helburuetako bat. Auzotarrekin proiektua “banatzea da” etxearen kontserbazioa sustatzeko bidea. Arkitektura ondare izateko behar duen “justifikazioa”.

Proiektua jendartean irekitzeak bere Arkitektura ulertzeko moduarekin zerikusi zuzena du. Zergatia galdetuta, “finean eraikinak pertsonok erabiltzen ditugu”, esanez eran-tzuten du. Eta berak pertsona horietako ba-tzuk “omentzeko” baliatu nahi du bere lana: emakumeak omentzeko, hain zuzen ere. Deusturen historian emakumeek izan duten garrantziagatik -beste inon baino emakume langile gehiago izan direlako-, Etxetxoaren historian emakumeek izan duten garrantziagatik -bai langile, bai ikasle moduan- eta Diegoren bizitzan emakumeek izan duten garrantziagatik, “giltzarri izan dira”-. “Urteetan pairatutako diskriminazioa orekatu nahian” txertatu nahi izan du genero ikuspegia bere lanean, eta horrela “emakumeei omenaldia egin”.

Etxetxoa desagertzekoa da
Urte hasieran, egunkari baten bitartez jakin zuen Diegok Etxetxoa desagertzekoa zela. Carmenek berretsi zion albistea. Partzelaren jabe zen fundazio erlijiosoak jabe “legitimoetako” bat aurkitu zuela, eta honek komunitate mormoi bati saldu ziola, alegia. Diegoren arabera, prozesu “lauxoa” izan da. Jabe berriek Etxetxoa eraitsiko dutela ezagutzean “pena” sentitu du Diegok. Atzean duen eraikineko fatxada da geratuko den bakarra, babestuta baitago. Harrezkero, Diegoren proiektuak bestelako abiadura hartu du. Bizkortu egin da. “Orain da unea”. Etxetxoa desagertu baino lehen “ahalik eta informazio gehien biltzea” da bere erronka. “Gauzak konturatu gabe desagertzen dira. Gero, ‘zelako pena’ esaten dugu, baina eraitsi eta gero, zer egin dezakegu”, galdetzen du.

Bilboko Udalera jo behar du. Partzelak hezkuntza jarduerarako erabilpen kategoria izan du, eta “hori zertan den” jakin nahi du Diegok. Jabe berriek esku artean duten zentro mormoia eraikitzeko proiektua “zein  fasetan dagoen” jakin nahi duen bezalaxe. Udalera “joan eta galdetu” egingo du, bere lan pertsonalarekin “eman beharreko pausoak erabakitzeko”. Alemaniar ikastetxea, Frantses ikastetxea eta Madre de Dios ikastetxea ere jomugan daukaz. Baikorra da Diego, lagunduko diotela pentsatzen du. “Jendeak ondo erantzuten du, jator. Uste dut guztioi interesatzen zaigula Etxetxoaren historia kontatzea, euren historia ere badelako”. Franco garaian Alemaniar eskola izan zen garai “ilunaz” itauntzean, Diegok argi dio: “Etxearen historian ez da dena iluna izan, historia historia den moduan da”.

Guzti horiei eta entzun nahi duen guztiari kontatzeko Diegok badu “amets bat”. Etxetxoaren eraispena ekidin eta ingurua “berraktibatzeko plana” izan daitekeena. “Auzora eta Bilbora irekia den espazioa, programa anitzekoa”. Inguru hurbilean dauden zubi, unibertsitate, institutu, Hizkuntza Eskola eta adineko zentroarekin lotutakoa. Bizilekua, lantokia eta bilgunea da bere ametsetako Etxetxoa.

@Baznbehin #Deustukoetxetxo1     
www.facebook.com/deustukoetxetxobat
deustukoetxetxobat@gmail.com