Noiz etorri zinen hona?
Deustun bi urte daramat baina Bilbora, duela 20 urte etorri nintzen, nire aita hemen bizi zen eta.
Adin horrekin, gogorra egin zitzaizun?
Egia esaten badizut, bai, aldaketa handia izan zen. Espazioa faltan botatzen nuen batez ere, hango etxeak handiagoak dira, hemen inurrien moduan bizi gara pisu txikietan.
Espero zenuena topatu zenuen hemen?
Jende hotza eta itxia topatzea espero nuen, eta gero ez da horrela izan. Hasieran, izan daiteke irudi hori ematea baina behin jendea ezagututa oso eskuzabalak eta zintzoak zaretela uste dut.
Ekuadorren non bizi zinen?
Quiton, hiriburuan. Oraindik ditut neba arrebak han. Duela zortzi urte joan nintzen azkenengoz bisitan, baina dirua aurreztu eta oporretan berriz joateko asmoa dut, hango aldaketak ikusi nahi ditut.
Asko aldatu da hau duela 20 urtetik hona?
Bueno, krisiak eragina izan duela uste dut. Lehen jendea lasaiago bizi zen hemen eta orain kontuak aldatu egin dira.
Ile-apaintzailea zara. Lana topatzeko zailtasunak izan dituzu?
Egia esateko, ikasketak amaitu eta berehala hasi nintzen lanean, toki ezberdinetan egon naiz. Orain Deustuko Basicoh izeneko ile-apaindegian nago lanean, eta oso gustura nabil. Astegunetan denbora libre gutxi dudan arren, asteburuetan atsedena hartzeko aprobetxatzen dut.
Etorkizunerako erronkarik?
Nagoen moduan jarraitzea, besterik ez, apur bat hobeto ahal bada, hobe, baina ezin naiz kexatu.
Eta zure herrira itzultzeko asmorik?
Ez, hemengo mutil batekin ezkondu nintzen. Bertakoa sentitzen naiz eta hemen dut nire bizitza. Orain Arangoitin bizi gara, eta oso pozik gaude. Dena oso eskura dugu Deustun, zerbitzu asko dituelako. Mendia eta hondartza ere gertu ditugu. Erreka ingurua ere gustuko dut, paseatzeko eta lasai egoteko.
Zer aldatu edo hobetuko zenuke Deustun?
Giroa, festarako giro handirik ez dagoela uste dut, jaiak direnean ere, ez da giro handirik ikusten. Guk parranda egin nahi dugunean Alde Zaharrera joan behar dugu.