Deustuko jaien ospakizunari jarraipena emanez, Korrika txoko eta lagun guztiak euskahalduntzen ibili da azken asteotan. Bata zein bestea euskal marka duten ospakizun herrikoi, partehartzaile eta anitzak ditugu.
Herri mugimendua ez zen aitzindaria bizitza ospatzeko kontuetan, ez eta AEK-koak manifestazio korrikalari eta alai bat burutzen, baina batzuk eta besteek ederto jakin zuten herriaren garaiko sentimendua eta aldarrikapenak uztartzen.
Beti mugimenduan den euskararen jaia ospatzen jarraitzen dugu, gure ama-hizkun-tzak, mespresatu eta jazartu besterik ez dezaketen instituzio arrotzen pean, kateatua jarraitzen baitu. Are gehiago, ez dugu Euskal Herriak bere instituzioak sortu ezean euskal kultura askerik ezagutuko.
Espainiar eta frantziar estatuen sistema politiko eta nazionalek ezartzen diguten kartzela instituzionalaz ari garela, kultur kolonizazioaren konplexutasunaz argi ohartu eta hizkuntzaren jazarpenean soilik zentratu beharrean, hobe genuke bizi-tzaren ikusmolde ideologikoaren adierazle diren lengoai guztien garrantziaz jabetu.
Hori da ozen aldarrikatu zutena, nazio eta hegemonia eraikuntza inor baino hobeto ulertu zuten belaunaldiek, ikastolak sortzeari ekin ziotenean; hizkuntza eta hezkuntza uztartu eta hezkuntza sistema propio baten genesia marraztu zuten maistra bolondresak eta guraso desobedienteak herri mugimenduaren babesaren laguntzaz.
Horrela, bada, gure ama-hizkuntza berreskuratzeko eta zabaltzeko proiektuak hezi-tzeko modu berri eta propioa asmatzea ere ekarri zuen. Nazio kulturaren adierazle nagusiena den hizkuntzaren berreskuratzea genuen enpresaren hanka bat. Bestea, herri eta pertsona askeak amesten zituen hezkuntza sistema.
Aldebakartasuna, desobedientzia zibila, nazio eraikuntzaren zerbitzura. Euskal botere sinbolikoa berreskuratu, eguneratu eta, nazio aske baten bidean, ametsa egikaritu zuten gure aurrekoek. Orain baina, fase historiko berri honetako belaunaldi berrioi dagokigu testigua hartzea. Bizkaiko ikastolen jaia zein eskola publikoaren jaia bertan ditugula, horra bueltan harria. Euskal harri garaikidea.