Erakusketan bildu dute Bilbok bere baitan gordetzen duena

uriola.eus 2015ko api. 10a, 12:59

'Hiri asko bere baitan' proiektuko obra guztiak, zortzi argazki, testu eta audio lan (Bilboko barruti bakoitzeko bana) Euskararen Etxean paratu dituzte Aitor Gomez, Asier Olabarrieta eta Unai Villenak.

Iazko apirilean hasi zuten 'Hiri asko bere baitan' izeneko sorkuntza prozesua. Eginiko lanak fruituak eman ditu. Zortzi hilabetetan zortzi lan. Diziplina desberdinetan aritzen diren sortzaileak izanik Aitor Gomez, Asier Olabarrieta eta Unai Villena, emaitza halakoxea da, diziplina anitzeko obra.

Beste "nolabaiteko" Bilbo bat islatzea da proiektuaren helburua. Bilbo "internazionaletik" aparte dauden auzoen "xarma" erakustea. Lanak bizitokitzat duten hiriko txokoak ezagutzeko ere balio izan die.

Zortzi lanek osatutako obra erakusketara eraman du hirukoteak. San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxera, hain zuzen ere. Bertan egongo da ikusgai maiatzaren azkenera arte. Orain baino lehen bi lekutan izan da ikusgai, tartean, San Frantzisko kaleko Okela sormen lantegian.

Lanok ikusi eta entzuteko beste modu bat da joan de Durangoko Azokarako argitaratu zuten liburuxka eskuratzea. Ondoko estekan ere ikus daiteke formatu digitalean: issuu.com/hiriaskoberebaitan

Ikuskizuna

"Bigarren fase batean", zuzeneko emanaldi formatua ere eman diote 'Hiri asko bere baitan' proiektuari. Hiru musikari eta abeslari-aktore batek "unibertso literario, musikal eta bisuala" sortuko dute eszentoki gainean. Elgoibarren eta Gasteizen ikuskizuna taularatu dute jada. Apirilaren 16an, osteguna, Bilborocken dute hitzordua.