Antzerki Arinaren hirugarren edizioan lehen aldiz euskarazko lanak ikusteko parada

uriola.eus 2015ko api. 17a, 10:25

Martxoan eta apirilean Pabiloi 6 aretoan Antzerki Arinaren hirugarren edizioa ospatzen ari da. Aurten estreinekoz, gaurtik igandera arte euskaraz izango dira hiru pieza.

2011n ireki zituen ateak lehenengoz 6. Pabiloiak, antzerki munduko jende talde batek sortu eta kudeatzen duelarik. Ordutik hamaika proposamen ekarri dituzte Erriberara. Bertakoak, urrutikoak, errekaren alde batekoak zein bestekoak ikusi ahal izan ditugu. Azken asteburuetan teatro arinez bete dituzte txoko guztiak. Agudo, bizkor, azkar gozatzen diren istorio txikiz bete dute. Ikuslea bere plana egin eta batetik bestera ibili da, istorio txikiez gozatzen, aktoreen arnas eta begirada gertutik bizitzen. Ia aktorearen musua jaso dugu eta berarekin batera zerura begira su artifizialak ikusi ditugu. Pieza txikiak, espazio txiki eta gertuan aurkeztuak. Bakarra edo guztiak ikusteko aukera arratsalde batez, zale batentzat teatro festa ikaragarria. Zinean laburmetraiak bezala antzerkian ere teatro arinak gero eta presentzia handiagoa du, kontatzeko beste era bat da, 15 minututan ikuslearekin beste jolasteko era bat proposatzen da.

Hirugarren ediziorako asko izan dira aurkeztutako lanak, aukeraketa baten ostean, hamar lan gazteleraz eta hiru euskaraz aukeratu dira. Taula gainean bertako aktore ezagun eta ez hain ezagunak. Apirileko hirugarren asteburuan estreinekoz euskarazko piezak taularatuko dira.

Chispun taldeak Ausardien bidaia aurkeztuko du. Urrutira eginiko bidaia proposatzen digu taldeak, Baltasar eta Gaspar erregeak protagonista ditugu. Beraien aurrean hesi bat dago, ikusleak eta bi protagonistak banatzen dituena. Haien ondoan, “Ongietorri Melillako hesira” dioen kartela. Saharauiak izan arren, euskaraz hitz egingo digute.

Gotibera antzerki taldeak Beltxarga beltza pieza taularatuko du. Ispiluaren aurrean jarri eta ikusten duguna ezagutzeko gai ez garenean, zerbait oker doala atzeman dezakegu. Noraino heldu gaitezke familia, lagun, lanbide eta orokorrean, gizartearen eskakizunak betetzeko ahaleginean? Beltxarga beltzaren unibertso onirikoak, errealitate gordina jartzen digu aurrez aurre.

Azkenik Bibote Gorriak taldeak Off the record lana taularatuko du. Prekarietatea langileen egoera naturala bilakatu bitartean, kapitalaren kudeatzaileek irabaziak biderkatzeko eta txiroen lanaldia merkatzeko trikimailuak asmatzen jarraitzen dute etengabe. Off the record satira bat da, egungo pertsonen merkatuaren parodia. Egoera arrunta izan zitekeena muturrera eramango da pieza labur honetan. Antzezleak 15 jardungo dira, komedia eta ukitu absurdoa galdu barik. Ikusleak ordu laurdenez egunero edozein bulegotan gerta daitekeen egoera baten lekuko izango dira, voyeur pasiboak, alegia. Azken finean, egunero edozein lantokitan gertatzen den bezalaxe.

Antzerkia beste forma batez bizitzeko aukera paregabea Pabiloi 6 aretoan. Erriberako atari eder batean aktoreekin batera sentitu eta begiak itxita istorioa entzuteko aukera, bertako soinuak belarrietatik sartu eta beste mende batean kokatu, labanak odolik ez badu beldurra sentiarazi dizu.

Fokuaren argia kulunka entzuteko aukera.


pabellon6.org