Jardunaldi honen izenburua 'Teknologia irakaslearen eskura' izango da eta honetan teknologiaren aplikazioa didaktika arloan, dinamizazioan eta eskolak eskaintzerako lanean eman izan diren aldaketak, garapenak eta esperientzia ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute partaideek.
Guztira, bost ikastetxe, arlo eta etapa ezberdinei lotutako proiektu ezberdinen arduradunek euren esperientzien oinarriak azalduko dituzte; ingurukoak eta baita estatu mailakoak ere.
Baina batez ere jardunaldi hau, partekatze, elkartruke eta hausnarketarako gunea bilakatzea da Azkue fundazioaren helburua: esperientzia ezberdinen bidez zalantzak argitzea, eztabaidatzea, ideiak hartzea, lankidetzarako bideak elkarrekin topatzea, profesionalen artean elkar ezagutzea eta abar.
Horregatik jardunaldiaren formatua praktikoa izango da: hitzaldi nagusiez gain, ikasketa mailaren araberako hiru lan talde osatuko dituzte eta horretako bakoitzari dagozkion gai zehatzen inguruan sakonago lantzeko aukera izango da. Azkue Fundazioko kideek esaterako, Klikasi.eus (euskarazko eduki eta baliabideak partekatzeko sortutako plataforma) aurkeztuko dute.