Elorrieta-Zorrotzaurreko ponpa etxe zaharberritua barru-barrutik

uriola.eus 2015ko api. 23a, 18:27

Ingeniaritzaren alorrean erreferente izan ziren eta ehun urte baino gehiago dituzten industria instalazioak bisita gidatuen bidez ezagutzeko aukera emango du 'Bilbao Izan' ekimenaren edizio berriak.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Hiriko eraikin enblematikoetara egiten diren bisita gidatuei berrekingo die maiatzean. Ekimen hori, ondarearen hedapenerako 'Bilbao Izan' programaren barruan sartzen da, eta aurtengo edizioan, bere egunean ingeniaritzaren alorrean erreferente izan ziren eta ehun urte baino gehiago dituzten industria instalazioetan zentratuko da. Oraingo honetan, bisitara doazenek, duela denbora gutxi, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearekin, IOHLEE-AVPIOPekin, lankidetzan, berriztatu den Elorrieta-Zorrotzaurre ponpa etxe izandakoa bisitatzeko aukera izango dute.

Elorrieta-Zorrotzaurreko ponpa etxea 1895 eta 1904 artean eraiki zuen Recaredo de Uhagon Bide ingeniariak, Bilbok kolera izurritea jasan ondoren. Bilboko saneamendu sistemaren barruan zegoen. Sistema horren bitartez, putzu beltzak kendu eta Bilbo osoko ur zikinak jasotzen zituen kanalizazio edo estolderia sare berria eraiki zen. Sistemak, hiriko ur zikinak leku altuan zegoen puntu batera ponpatu eta, bertatik itsasora bidaltzen zituen. Ponpa etxean lurrun makinak, ponpak eta galdarak, konponketetarako tailerra eta sutegi bat zeuden.

Saneamendu sistema moderno hori eraiki zenean, Bilbo, itsasadarreko ur kutsatuak jasotzen zituzten 63.900 biztanleko hiria zen. Hala ere, Bilboko saneamendu proiektua aitzindaria izan zen, bere planteamendua eta diseinua zirela eta. Elorrieta-Zorrotzaurreko ponpa etxearen multzoa Sailkatutako Kultur Ondasun gisa katalogatu zuen 1984an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak.

2012an, Bilboko Udalak ponpa etxe zaharra berriztatzeko lanak hasi zituen. Lan horien barruan jatorrizko piezak erosi ziren, ehun urte baino gehiago zuen makinaria berreraikitzeko eta martxan jartzeko. Lan hori joan den urtarrilean amaitu zen. Horrela, orain, zalantzan jarri ezin daitekeen balio historikoa eta teknologikoa duen multzo monumentala erakusteko aukera dugu.

Elorrietako ponpa etxea izenez ezagutzen den eraikinera egingo diren bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 17:00etan eta 18:45ean; ostegunetan eta ostiraletan goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan (euskaraz), eta larunbatetan goizeko 10:00etan eta 11:45ean, datorren maiatzaren 30era arte. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 25 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara), datorren astelehenetik  aurrera.

 

Bisita gidatuak Elorrieta – Zorrotzaurreko Ponpa Etxe Zaharrera

· Maiatzaren 5etik 30era

· Astearteetan eta asteazkenetan: 17:00etan eta 18:45ean

· Ostegunetan eta ostiraletan: 10:00etan eta 18:00etan (euskaraz)

· Larunbatetan: 10:00etan eta 11:45ean

· Erreserba zabalik apirilaren 27tik aurrera: 94 401 00 10 / 010 (goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara).

www.bilbaoizan.net