Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Saila,hirugarren urtez, lanean arituko da urte osoan zehar jaietako sexu-erasoen aurkako sentsibilizazio-kanpaina zabaltzeko. Oraingo honetan, Elorrietako jaiak direla, San Ignazioko, Ibarrekolandako eta Elorrietako Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak hartuko du parte ekimenean, gizartearen eta herritarren eragile moduan auzoko jaietako sexu-erasoen kontra.
Ekimen honen helburua eraso sexistak saihestea eta errespetuan oinarritutako harremanak bultzatzea da. Deustuko jaietan abiatu zen martxoan, Deustu Bizirik merkataritza-elkartearen laguntzarekin. Bilboko Udalak uriko auzo guztietara heltzeko egingo du lan, urtean zehar jaiak ospatzen dituzten auzo guztietako merkatarien eta ostalarien elkarteen sarea handiagotzeko.
"Bai beti da bai. Ez beti da ez" kanpainak jokatzeko eta sentsibilizatzeko jarraibideak zabalduko ditu, Bilboko Konpartsek eta Bilboko Udalak Aste Nagusirako egindako eta bultzatutako protokoloan oinarrituta. 2012an, protokolo horrekin bat egin zuten Zazpi Kaleetako, Erdiguneko eta Bilbo Zaharra-San Frantzisko-Zabalako merkatarien eta ostalarien elkarteek. Zabalkunde hori zenbait agenteren laguntzarekin egingo da (oraingoan San Ignazioko, Ibarrekolandako eta Elorrietako Merkatarien eta Ostalarien Elkartea); horrekin nabarmendu nahi da errespetua eta askatasuna ezinbesteko elementuak direla jaietako giro ona bermatzeko pertsona guztien artean, batez ere emakumezkoen artean, eta horren kontrakoa dakarren edozein jokabide guztiz errefusatuz.