XX. mendeko Deustuko historia eta eraikinak izango ditu hizketagai Borja Sarrionandia-Ibarra kazetariak gaur, hilak 13, asteazkena, 18:30ean emango duen hitzaldian. La II República y la Guerra Civil en Deustu liburuaren egilea da Sarrionandia-Ibarra.
Deustu: sentimendu baten jatorria dokumenatala ere ikusteko aukera izango da liburutegian maiatzaren 14 eta 15ean 12:00etan eta 17:00etan. 25 minutuan Deustuko elizatearen historia eta bilakaeraren zertzelada batzuk ematen ditu dokumentalak. Auzotarrak beraiek dira protagonista eta historiaren kontalari. Beraien azalpenak, oroitzapenak eta aitortzak argazki zahar eta irudi berriekin uztartzen dira mende bateko ibilbidea eginez. Lekukotza ematen dutenen artean historiagileak zein pertsona anonimoak daude. Besteak beste: Txema Luzuriaga, Jose Ignacio Gonzalez de Langarika, Iñaki Villota, Juan Garitagoitia, Hektor Ortega, Txema Juanes, Txemi Prado, Josu Etxebarria, Jabi Ortega, Encarna de Larrinaga eta Maialen Martija.
“Herria ginen eta herria sentitzen ginen”, esanez ematen dio hasiera dokumentalari Juan Garitagotia Deustuko auzokideak. Eta bere hitz hauek ematen diote amaiera: “Deustu ez da Bilboko auzo bat. Bilbo da Deustuko auzoa. Hori esaten genuen. Denok ezagutzen genuen elkar Deustun, familia ginen eta hori oso leku gutxitan gertatzen da”.
Sentimendu ugari biluzten dira dokumentalean, jatorriari estuki loturikoak. Txema Juanesen esanetan: “Gure txoko txikia errebindikatzen dugu. Nondik gatozen eta nongoak garen”.
Deustuarren nortasun propioa zelan eratu den ulertzeko Deustuko elizatearen historia ezagutzea ezinbestekoa da. Irudi, azalpen eta anekdota ugariren bitartez laburbiltzen ditu ikus-entzunezkoak pasarte historikoak: aduanako zerga ordaintzetik libratzeko trikimailuak, tomateen eta oro har ortuarien famaren sekretua, landa gunearen eraldaketa, burgesiak jauregiak eraiki izanaren arrazoia, Erriberako tailerretako eta lantegietako andrazkoen modernotasuna, Bilbok indarrez egin zuen anexioa, Kanalaren irekiera… Gaur egunetik begiratzen zaio historiari eta horrek Deustualdeko auzoen bilakaera ezagutzeko zein egungo erradiografia egiteko balio du. Esaterako, auzoen arteko desberdintasunak ezagutzeko. Garai bateko desberdintasunak eta oraindik orain irauten dutenak. Arangoiti eta Deusturen artekoak, adibidez. Josu Etxebarriaren arabera, Arangoiti “herrixka bat da, Bilbotik 60 kilometrora dagoena”. Urteetan Arangoitik “gutxiespen-zentzua” izan duen arren, gaur egun inoiz baino gertuago dago Deustutik.