Roman Elexpuru: “Baliteke, Elizak Jesukristoren mezua ez ondo gaurkotzea eta zabaltzea”

uriola.eus 2015ko mai. 11a, 11:50

Argazkiak: Iñigo Azkona

Hamabost urte daramatza aita Romanek (Aramaio, 1942) San Felicisimo elizako Jaunaren Nekaldia parrokian arduradun. Hori baino lehen Madrilen, Kolonbian, Urretxun eta Irunen ibili da. Txiroenak laguntzea du xede eta egiten duen horretan bihotza jartzea.

Pasiotarren lagunarteak Deusturekin harreman luzea du.
1880tik gaude erlijioso bezala bertan. Estatu mailan aita pasiotarrek izan dugun lehen etxea da Deustukoa. Hemendik joan ginen Gaztelara, Andaluziara eta abar. 1886an San Felicisimoren gorpuzkinak iritsi ziren, eta ordutik santutegia izan da. Eta parrokia bezala urriaren 3an egingo ditugu 50 urte. Hemen gauza asko egin dira. Aberatsa izan da, lan asko egin zuen aurretik egon den jendeak.

San Felicisimo elizan egoitza duen Jaunaren Nekaldia parrokia zein sasoirekin heldu da mende erdia betetzera?
Parrokiak bere historia du, eta historia horretan gauza batzuk oso sakonak eta ondo eramanak izan dira. Egun, gauza askotan gutxitu egin gara eta beste batzutan sendotu. Kopuruari begiratuz, hasi zenetik gaur egun arte, gutxitu egin da. Jende gutxiago etortzen da gure elizara eta katekesira. Etxe barrukoak kopuruan berdintsu gaude, eta karitatean eta laguntasunean ari diren boluntarioak ugaritu egin dira. Hor kanpoan, elikagaien bankutik datorren janaria jasotzeko zain jendetza dago, eta zerbitzu hori emateko jende asko behar da; arlo horretan ondo gabiltza.

Urteurreneko ospakizunetan hasita zaudete.
Elizbarruti mailan kultura arteko topaketa egin genuen urte hasieran, Etorkinen Egunarekin bat. Maiatzaren 9an Parrokia Eguna ospatuko dugu, gure eguna. Topaketak ere egingo ditugu katekistekin, liturgiakoekin, parrokian izandakoekin eta abar. Azkenik, urriaren 4an ospatuko dugu 50. urteurrena, meza eta beste ekitaldi batzuk izango dira. Hiru begiradarekin gabiltza. Alde batetik, atzera begira esker ona agertuz hainbat pertsonari egindako lanagatik. Besteak beste, argazkiak batzen ari gara erakusketa bat egiteko. Bestetik, uneotako elkartasuna sakontasunez biziz eta, hirugarrenik, geroari begira, egin ditzakegun proposamen eta ekarpenen inguruan hausnartuz.

Zeintzuk dira parrokiaren lehentasun eta ardura nagusiak egun?
Beti izan da parrokia honetan garrantzia handikoa pobreei laguntzea eta misioei laguntzea zeren gu berez misiolariak gara. Horregatik hona begiratzen dugu eta beste aldera, urrutira, ere bai. Erronkatzat dugu jende pobreari laguntzea, pobreeni batik bat. Janaria, erropa edota altzariak banatzen ditugu, diru-laguntzak etxebizitza ordaintzeko, argindarra, ura, eta baita botikak ordaindu ahal izateko, aholkua ematen dugu eta erakundeetara bideratzeko informazioa. Denetik ematen ahalegintzen gara, nahiz guk ez dugun diru askorik, gure laguntza da parrokiakoek ematen digutena.

Krisi ekonomikoaren ondorioz, jendearen sentsibilitatea handitu al da?
Sentsibilitate handia izan da beti hemen, eta orain ere bada. ‘Kilo operazioa’ egiten dugunean, esaterako, jendeak elikagaiak ekartzen ditu, nork bere neurrian, dirua ere ematen du jendeak. Dagoen premiaz konturatzen dira. Eliza ondotik pasatzen direnean jende ilara ikusten dute jatekoaren zain, eta etortzen dira ‘nik badut hau edo bestea’ esanez, ‘behar duzue?’. ‘Bai, bai, ekarri’, guk dena hartzen dugu.

Jakin du gizarteak behar bezala erantzuten?
Gure elkartasuna eta laguntasuna petatxu txikiak dira, eta horrek beste bide bat ere eskatzen du erakunde eta gobernuen aldetik gauzak konpontzeko eta eskubideak bermatzeko. Sentsibilitatea denera ez da heldu hortaz. Baina kristau bizitza hemen inguruan egiten dutenek beharrizana ikusten dute eta parte hartzen dute zer edo zer egiten, nahiz eta petatxuak izan.

Zelako pertsonak hurbiltzen dira parrokiara? Badago profilik?
Profil oso zabala da. Adinez, mezetara etortzen direnak, gehiago dira helduak, gazte jendea askoz gutxiago hurbiltzen da. Laguntza eske datozenak oso anitzak dira, Estatuan jaioak eta beste kontinenteetatik etorriak dira. Gehienak bertakoak dira, espainiarrak, askok ez dute sinesten, baina horrela da. Bigarren Marokokoak. Denetik datoz. Asko eta asko dira umeak dauzkaten amak. Ikastetxeetan haurrak daudela etortzen dira elikagaiak eramatera edo laguntza eskatzera, besteak beste.

Zeintzuk dira parrokiaren kezka nagusiak?
Asko. Niretzat kezka nagusia da Jesukristoren jarraitzaile onak izateko pausoak ematea, eta hori sendotzea gazteen ebanjelizaziotik, elkartasunetik, laguntzatik eta kulturaartekotasunetik. Maila horretan asko egin da parrokian, baina zeregin asko itxi egin ditugu. Hemendik sortu zen Lagun Artean edota Mercadeco nahiz eta gero, seme-alabekin bezala, handi egitean utzi egin behar zaien euren bidea egiten. Adeco eta Guztiok Lagun elkarteak hemen ditugu gurekin lanean.

Fedearen eta sinesmen krisiak gazteak bete-betean harrapatu ditu.
Umeak zirenean esan diegu zein garrantzisua den erlijioa bizitzan, gero jarraipenik ez du askotan izan, eta orduan ez da erraza esatea. Elkartzen ez bagara ezin dezakegu elkarrizketarik izan gazteekin proposamenak egiteko. Sinesmen krisia badago Europa guztian, gure herrian ere, zoritxarrez. Jesukristori helduta gauzak hobeto egingo ditugula sinetsita gaude, bera kanpoan utzita baino. Gaur egun gizarte mailan kanporatze hori ikusten dugu. Gure bizitzan garrantzia gehien badu norberak eta nahi duzun hori egiteak, lehentasuna hori bada, ez dago ezer egiterik. Gure proposamena da norbere bizitza ematea eta zabaltzea maitasunari, justiziari eta elkartasunari, Jesukristok erakusten dizkigun eduki horiei.

Jakin du Elizak modernizatzen?
Baliteke hori ere izatea. Baina ez da hori soilik, Elizaren arazoa bakarrik balitz. Politikan ere badago, gizartean ere badago. Arlo askotan, baliteke, Elizak Jesukristoren mezu hori ez ondo gaurkotzea eta zabaltzea.

 

Francisco aita santu berriaren egiteko erak lagun dezake hurbilagoa den eliza sortzen?
Asko ari da egiten Francisco eta Benediktok ere egin zuen, bere moduan, urrats on bat emanez eta baztertuz. Ondo sartu da Francisco, esaten dituen gauzak Ebanjelioak esaten dituenak dira, esaten ditu gertuago, gozoago eta, agian, gogorrago. Horregatik, gure munduan onartua da, ez leku guztietan, baina mundu honetan bai. Garrantzia ematen dio eman behar zaionari, hau da, maitasunari, eliza pobreari, justiziari, ospetsutasuna kentzeari eta kristau bizitza alaitsaunez bizitzeari.

Eliza barruko pederastia eta homosexualek bizi izan duten bazterketa salatu ditu.
Denekin errukia eta maitasuna izatea defendatu du beti. Ebanjelioan dagoena, eta berak garbi-garbi esaten duena, beste doktrina asko bazterrean utziz. Horretan gauzak ondo egin ditu gertutasuna eta bihotz handia erakutsiz jende guztiari, hori da benetako bidea. Dena dela, lan luzea izango da gauzak oker doazen lekuan zuzentasuna jartzea izan apaiza, gotzaina, kardinala edota pertsona xumea.


Gizartean piztu den eztabaida da diru-laguntza publikoetan nork izan behar duen lehentasuna. Horrelakoetan zer datorkizu burura?
Ulertzekoa da, baina niretzat garbi dago, pobreenak lehenengo. Eskubideak denok dauzkagu eta eskubideei jarraituz jokatu behar dugu eta ez zortzi abizen euskaldunei jarraituz. Laguntzak ondo ematen diren edo ez, beste gauza bat da. Hor lan sakona egin behar da. Astakeriak egin dira laguntzak emanez behar ez dutenei. Hor dabilen jendea ikasten joan da, nik ere askotan ez dakit zein den behar handiena duena, hau edo bestea, zeren biak dituzu aurrean, eta biek behar dute. Askotan paperek ez dute egia guztia esaten, eta orduan zuk ere ez dakizu gauzak behar bezala egiten dituzun. Lan handia dago egiteko eta bideratzeko laguntzetan.

‘Muerte a los musulmanes’ eta ‘Muerte al islam’ zioten margoketak egin dituzte Deustuko hormetan.
Hemen bertan ere egin zituzten, eta beherala kendu genituen. Hori ez da bidea. Indarkeriatik indarkeriara egitea da hori. Denok gara jainkoaren seme-alabak eta elkarren artean lan egin behar dugu adostasunean eta maitasunean.

Garai latzean indarra ateratzea ez da erraza.
Egunerokoan jendeari entzuten egoten naiz eta, askotan entzun besterik ez daukat, animatu, zer edo zertan lagundu, eta batzutan hori ere ez. Bihotza jarri behintzat bai.