Argoitz Ruiz de Gauna: "Pazientzia landu behar du Indonesiara etorri nahi duenak"

Nerea Olaziregi 2015ko mai. 12a, 09:36

Arkitekto deustuarra da, eta duela urte bete joan zen Jakartara lan bila bere neska-lagunarekin batera. Ez du Indonesiako hiriburua gustuko, 12.000.000 biztanle baino gehiago izanda, kaos eta kutsadura handia dagoelako, baina hiritik gertu toki bitxi eta zoragarriak daudela dio.

Zer dela eta joan zinen Jakartara?


Orain dela urte eta erdi, nire neska-laguna lanik gabe gelditu zen eta nik Arkitektura karrera amaitu nuenetik, ez nuen denbora luzerako lanik topatzen, beraz, beste herrialde batzuetako lan eskaintzak ikusten hasi ginen. Eusko Jaurlaritzak Jakartako UNESCOra euskal volunteer moduan lan egiteko eskaintza egin zion eta onartu egin zuen. Niretzat ere aukera profesional izugarria izan zen, Indonesian asko eta ezberdin eraikitzen ari direlako eta berarekin joatea erabaki nuen.  


Ez da Euskal Herritik kanpo bizitzen egon zaren lehenengo aldia.


Ez, 2008an karrera amaitu eta lan finkorik ez nuenez, 2012an Australiara joan nintzen ingelesa ikastera. Bertan sei hilabete eman nituen, azkenengo hirurak lanean baina bertan geratzeko visa garestiegia zenez eta neska-laguna Bilbon zegoenez, etxera bueltatzea erabaki nuen.

Zertan zabiltza han?


Azkeneko hamar hilabeteetan arkitektura enpresa batean lan egiten ibili naiz, baina arrazoi ezberdinengatik apirilean bukatzen zitzaidan kontratua ez luzatzea erabaki nuen. Momentu honetan lana topatzen nabil berriro ere, pasadan urtean bi hilabete behar izan nituen lana topatzeko. Ikusiko dugu aurten zenbat hilabete beharko ditudan.


Etorkizunerako planik? Itzultzeko asmorik?


Oraingoz datorren martxora arte behintzat, Jakartan geratuko gara, neska-lagunak beste 11 hilabeteko kontratua dauka eta. Baina gure buruetan etxean lan egitea dago, hori bai, kanpoan ibili ostean.


Zelakoa da zure egun arrunt bat?


Lanik gabe nagoenez, denbora gehiena nire portatilaren aurrean ematen dut lan eskaintzak ikusten eta nire CV eta portafolioa hobetzen. Lanean ibili nintzen bitartean, deigarriena etxetik zein ordutan ateratzen nintzen banekiela zen, baina ez nekien zein ordutan helduko nintzen. Dena Jakartako auto ilarengatik da, egun batean 50 minututan hel zaitezke lanera, baina hurrengoan distantzia bera egiteko bi ordu behar dituzu. Hiri kaotikoa da, hirigintza plan gabe hazten dabil eta gero eta kotxe eta motor gehiago dago.


Asteburuetan edo oporretan zer egiten duzu?

Asteburu arruntetako plana etxeko lasaitasunaz gozatzea eta lagunekin gelditzea izaten da. Hiru jaiegun baino gehiago ditugunean hiritik alde egiten dugu, ez baitugu gustuko. Indonesiako hiriburuan bizitzearen alde on bakarra, hegazkinez ordu betera kristoren lekuak dituzula eta kotxez lau ordura ere. Azken urtean, Sumatra, Bali, Lomboke, Sulawesi, Moluketa eta Javako leku ezberdinetan buzeatzen, orangutanak ikusten, desagerrarazteko zorian dauden errinozeronteen aztarnak ikusten, sumendietan trekkingak egiten eta surf egiten egon gara. Ahal dugun bakoitzean zerbait berria egiteko planak egiten ditugu.

10.000 biztanletik gorako hiria izanda, denetik egongo da bertan.

Jakartara etorri aurretiko azkeneko urteak Urdaibai erreserbako Laida eta Kanalan bizi izan nintzen, 200 biztanle baino gutxiagoko ingurune batetik 12.000.000 biztanle baino gehiago dituen hiri batera salto egin nuen. Dena ezberdina da, hiria bizitzeko aukera bakarra mall-etara, merkatal guneetara, joatea da. Bertan denetik duzu eta Indonesiako jendeak denbora librea duenean bertara joaten da. Ez da nire gustuko hiria, ezin da kaletik ibili, kutsadura maila altua dago, filtrodun maskara bat erosi nuen kaletik ibiltzeko. Interesgarriena, kaosetik jaiotako hiria izanda, funtzionatzeko ahalmena izatea. Hori bai, bakoitzaren pazientzia maila aldatzen du egunero.

Bertoko jendea ezagutzeko aukerarik izan duzu?

Lanean ibili naizen bitartean bertako lagunen bat egin dut, baina ez da erraza. Beraien ohituretara oso lotuta daude eta zu ezberdina zarenez, ez dizute atea guztiz irekitzen, zerbait ezkutatzen egongo balira bezala. Hori bai, edozein tokitan jende interesgarria ezagutzeko aukera dago, kanpotarrekin hitz egiteko prest baitaude.

Indonesian egonda, hemengo Deustuko norbaitek aprobetxatuko zuen bisitan joateko.

Pasadan udan neska-lagunaren gurasoak eta lagun batzuk etorri ziren. Yogjakartara joan ginen tenpluak ikustera eta Baliko hondartzak eta barnealdeko tenpluak eta mendiak ikusten.

Zer da gehien faltan duzuna?

Herria beti faltan botatzen da, familia eta lagunak bertan daudelako. Hori bai, gaur egunean internetekin errazago daukagu familiarekin eta lagunekin komunikatzea, eta horrek lagundu egiten du. Jendeaz gain, elikagaien kalitatea daukat faltan, herrixka txiki batera goazen bakoitzean arrain freskoa jaten dugu eta hori bai goxo-goxo dagoela barbakoan egina. Hango puntualtasuna ere faltan dut, hemen aurreikusitakoa baino denbora gehiago ematen duzu edozertan.

Indonesiara joan nahi duenarentzat aholkurik?

Pazientzia landu behar da, baina herrialdearen bitxikeria eta ohitura guztiak ezagutzera etortzea gomendatzen dizuet. Herrialde honetatik buelta bat emateak merezi du eta.