Deustuko etxetxoaren eraispena eta proiektu berria

uriola.eus 2015ko mai. 12a, 10:27

Irudia: Diego GrisaleƱaren muntaia

Diego Grisaleña Arkitektura ikasleak esku artean duen Agirre lehendakariaren etorbideko 1. zenbakian dagoen etxetxoaren gaineko ikerketak ez du etenik, eraikinaren eraispenak bezalaxe.

Denbora gutxi geratzen zaio etxetxoari, eraisteko zorian baitago. Diego Udaleko Hirigintza Sailean izan da informazioa jasotzen. Erakustaldi publikoan zegoen etxetxoaren lursailerako F. Javier Goicoechea Garcia eta F. Javier Goicoechea Goenaga arkitektoek diseinatu duten proiektua ikusteko aukera izan du. Jesucristo de los Santos de los Últimos Días elizaren proiektua, alegia. “Aurreratuta dago dena. Eraikitzeko baldintzak betetzen dituela eta, beharrezko baimenak eskuratu ditu mormoien elizaren proiektuak. Gainera, martxoaren 31n eman zieten etxetxoa eta pabiloi txikia botatzeko onarpena. Sei hilabete dituzte eraisteko”, dio Diegok.

Hortaz, hirutik bi eraikin eraitsiko dituzte. Zutik geratuko den bakarra, behin behinean, etxetxoaren atzean dagoen pabiloi handia da, haurtzaindegia eta kolegioko gimnasioa izana. Pabiloi hori 1936an eraikia izan zen etxetxoa Alemaniar Eskola izan zen garaian. Bilboko HAPO-PGOUn, C graduko babesa du, oinarrizkoa, eta eliza mormoiaren kudeatzaileek “aurrerago baloratuko dute pabiloi horrekin zer egin, eraitsi edo mantendu”.

Arkitektoen diseinuaren arabera, elizak 30 metroko sakonera izango du eta egun lusailak duen zabalera osoa beteko du, guztira 3.102 metro karratu. Lau solairu, dorrea eta lurrazpiko aparkalekua izango ditu.  

Deustuko eraikin eta txoko garrantzitsu asko desagertu dira Diegoren esanetan. “Denetariko ikurrak”. Adibide gisa aipatzen ditu udaletxea, frontoia, Los Tilos garagardotegia, Euskalduna etxaldea, Octavio etxea, Banderas zinema, Basabe jauregia edota La Parra txakolina. “Ezabapena gertatzen ari da”.

Deusturen aldaketak eta izan diren ‘agerpen eta desagerpenak’ era grafiko batean adierazteko argazki-muntaia bat egin du Diegok. Sei garaitan zatitu du denbora, XIX. mendetik gaur egun arte, etxetxoaren historian oinarrituta, hirigintzaren bilakaeraz jabetzeko. Foto-muntaian argi ikusten da “inguruan dena aldatzen den bitartean etxetxoak tinko jarraitzen duela denborari aurre eginez”.



“Normala da aldaketak egotea, baina aldi berean errespetuz eta kontuz jokatu behar da historiarekin”, eta Diegoren ustez ez da horrela izan. “Ez dugu izan sentsibilitaterik ondarearekin eta iraganeko gauzekin. Egun sentsibilitatea aldatzen ari dela eta, planteatu behar da ea balore arkitektonikoa den lehenetsi behar dena. Etxetxoa da adibide bat, txikia da, ez dirudi ezer denik, edukiontzi izatez txikia da, baina bertan gauza asko sartzen dira, sekulako historia dauka”.

Alemania du erreferentziatzat Diegok ondare zainketa egokia egin duen herrialde moduan. “Sentsibilitate berezia dute Alemanian ondare historiko eta industrialarekin. Guri, aldiz, kosta egin zaigu ondare industrialari balioa ematea; hemen itsasadarrean egiten ari dena suntsiketa itzela da”.

Ondareari buruzko “hausnarketa egitea” beharrezkoa da Diegoren aburuz. “Gauzak botatzen dira ia ohartu gabe. Nork, zelan eta zergatik erabakitzen du eraikinak mantendu behar diren edo ez? Egungo irizpideak ez dira nahikoa. Erakundeena ez da ardura osoa. “Ardura handia dute erakundeek, kasu honetan Bilboko Udalak, kudeatzaile publikoa da eta erramintak dituena proiektua gelditzeko”. Baina, Diegorentzat “herritar guztiok ingurua zaindu eta baloratu behar dugu. Hori guztion lana da”.

Etxetxoaren historia ofiziala eta bere ardatz kronologikoa zehaztuta eta idatzita ditu Diego Grisaleñak. Orain erronkatzat du historiari istorioak eranstea, “bizipenak, aurpegiak eta arimak”, hain zuzen ere. Etxetxoarekin harremana izan duen jendea elkarrizketatzea eta beraien istorioak jasotzea.

Bizipenen bilketan, Las Esclavas lagunartekoekin harremanetan jarri da Diego. Urte luzez bizi izan ziren etxetxoan. “Zuek etxearen historiaz asko duzue kontatzeko”, esan die mojei, eta mojak duten dokumentazioa partekatzeko prest agertu dira. Alemaniar Eskolarekin ere harremanetan jarri da Diego, eta arduradunen erantzunaren zain dago. Azkenik, Frantses Eskolako kudeatzaileekin komunikatzea falta du. Urte gutxi eman zuen etxetxoan, 1944-1951 bitartean, eta “ezer gutxi aurkitu dut udal artxiboan eta foru artxiboan, garai horretako argazkirik ere ez; ikasle eta irakasle izan zirenekin jarri nahiko nuke harremanetan”.

@Baznbehin #Deustukoetxetxo1     
www.facebook.com/deustukoetxetxobat
deustukoetxetxobat@gmail.com

 

[2015/04/08] Bazen behin Deustuko etxetxo bat