4. pop pilulak

uriola.eus 2015ko mai. 21a, 09:29

Pop-kultura ardatz duen euskarazko fanzinea da Pop Pilulak, gaur, maiatzak 21, laugarren alea kaleratuko du. Zenbaki berri horren aurkezpena Euskararen Etxean izango da 19:00etan, Xabier Montoia musikariaren kontzertu berezi batekin batera.

Fanzine berriak ekarriko dituen edukien harira, bost kolaboratzaile berriren testuak jasotzen dira. Aritz Galarragak Maiztasun poemak idatzi ditu; Gotzon Hermosillak rhythm & blues musikarien zorigaiztoko bizitzak bildu ditu bere artikuluan (adarrak, mozkorraldiak, Little Willie John, Little Walter…); Txerra Rodriguezek Bilboko hormetako pintada eta graffitiak jorratu ditu Paretek isiltzen ez dutena artikuluan, eta Giorgio Bassmati musikari donostiarrak The Pastels pop banda eskoziarraren inguruko testua idatzi du, emozioz betetakoa; azkenik, Gorka Erostarbek David Thomas (Pere Ubu) musikari estatubatuarrari eginiko elkarrizketa sakon bezain interesgarria argitaratuko du.

Gainerako kolaboratzaileak ez dira atzean gelditu: Goizalde Landabasok jazz atmosferadun Jack Vettriano pintorea izan du hizpide; Antton Iturbe True Detective telesail zingiratsuan murgildu da; Yurre Ugartek erreferentziez beteriko testu aldarrikatzailea josi du (Tortura Sistematika eta Bukaera Tolosako hardcore talde mitikoak, Lydia Luch artista, The Slits banda, Kathy Acker idazlea, …); Iñigo Basagurenek AEBetako herri kulturako bi elementuren ibilbideak lotu ditu, Jonh Waters zinegilea eta Charles Manson hiltzailea, hain zuzen; Koldo Almandozek zoofiliaren inguruko hausnarketa umoretsua egin du; Iñigo Bidetxeak Parisko Apatxeei buruzko artikulu zinematografikoa idatzi du; Xabier Sagardiak abenturazaleak izan ditu aztergai; Eremuz Kanpo bikoteak Jean Luc Godard (JLG) zinegileari buruzko sormenezko testua landu du; eta, amaitzeko, Julen Azpitartek Agrimensor K 80ko urteetako post-punk talde donostiarrean aritutako Ignacio Valencia elkarrizketatu du.

Aurkezpen ekitaldia

Zenbaki berria gaur aurkeztuko da San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxean, 19:00etan. Ekitaldian Julen Azpitarte argitalpenaren arduradunak eta Yurre Ugarte kolaboratzaileak parte hartuko dute. Ane Zabala kazetariak solasaldia gidatuko du. Hizketaldiaren ostean, Xabier Montoiaren kontzertua izango da.

 

www.nontzeberri.com-etik hartua