Deustuko jaietan oso erabakiorra da eguraldia. Eta aurtengoak "azken urteotako Deustuko jai euritsuenak izan dira". Horrek izan du ondoriorik. Eguneko ekintzek "hala nola" egiten dute aurrera, eta txosna gunean nabaria da askoz jende gutxiago ibili dela. "Hor behean euriak harrapatuz gero ez duzu non babestu", dio Leire Arroyo jai batzordeko kideak.
Jaiak amaitu eta gutxira jakin zuen jai batzordeak elektrizitate kablea lapurtu ziotela. "Kristoren atsekabea" hartu zuen. "Aurten, gainera, diru gutxiago atera dugu txosnetan eguraldia dela eta, eta kablea lapurtzea sekulako txerrikeria izan da", zioen Arroyok. "Duela urte batzuk inbertsio handia egin genuen kable horiek erosten, pentsa. Bai inauterietan bai jaietan, txosnak muntatzen direnetik desmuntatzen diren arte, segurtasuna jartzen dugu azken urteotan baliotsu dena zaintzeko, kablea, hain zuzen ere. Gauetan beti norbait egoten da zaintza lanetan. Kable guztiak kendu, Euskalduna zubipeko lonjan gorde eta hurrengo egunean lapurtu dizkigute. Tonto aurpegia geratu zaigu".
Arazoa sozializatzea
Jai batzordea "egoera ekonomiko txarrean dago", eta Laura Freijo batzordekideak URIOLAri azaldu dioenez "jendeak jakitea nahi dugu". Egoera hori iraultzeko jai eguna antolatu dute Deustun, bihar, ekainak 13. "Deustuko jaiak eta batzordeak egiten dituen ekintza guztiak babesteko eguna izango da". Udako solstizioa, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta inauteriak, besteak beste.
Goizean jolasak eta txaranga izango dira eta, bazkari ostean, bingo musikatua eta lau talderen kontzertua, "egun pasa egiteko egitaraua".
Udalaren baimen faltagatik, bazkaria Tintigorriren txokoan izango da eta kontzertuak Gazte Lokalean.
Egitaraua
12:00 TXUPINA eta 2. eskuko arropa merkatuaren irekiera, Txori-dendan.
12:30 JOLASAK Txarangaz girotuak, Luzarra kalean.
15:00 BAZKARIA, Tintigorriren txokoan (bonoak 5 eurotan salgai): Deustuko Herriko taberna, Bordatxo taberna, Drakkar taberna, La Parra taberna, Atxuri taberna, Baiona taberna, La Logia taberna eta Noiz…? Taberna
16:00 BINGO MUSIKATUA. Kontzertuak baino lehen ahotsak zein gorputzak berotzeko!
18:00 KONTZERTUAK, Gazte Lokalean: The Lasai, Garilak 26, Sutan eta Ximaurre erromeria. Egun osoan, DJ KUPRE.
[2015/04/08] Leire Arroyo: “Herri bateko jaiak herriko plazan izatea da zentzudunena”