Pintada eta graffitien katalogoa

prestaldizkaria 2015ko eka. 3a, 13:03

Argazkiak: Eider Palmou

Hormetan dagoen “ia dena” gustatzen zaie, edo beste era batera esateko, horma grisak, “bizitasun gabeak” ez dituzte gustuko. Pintadei buruzko lagun arteko eztabaidak animatu ditu Txerra Rodriguez eta Eider Palmou derioztarrak Bilboko pintada, graffiti eta hormairudiak argazki-album batean jasotzera.

“Aldatu dira, bai” pintadak 90eko hamarkadatik gaur arte. Gainera, kalitate aldetik “hobera” egin dute, eta teoria hori frogatzeko “erronka” bere gain hartu zuten lagun artean piztutako eztabaida irabazi asmoz. Horrela, Txerra Rodriguez eta Eider Palmouk aspaldian zuten ideia gauzatu dute; hiru hilabetetan –joan den urtarriletik martxora– Bilboko auzo guztietako –Artxanda salbu– pintada eta graffitiak erretratatzeari ekin zioten. Graffitiak biltzen hasi baziren ere, “harrapatu dugun guztia jaso dugu”: espraiarekin egindako pintadak, klarionarekin egindakoak, boligrafoarekin egindakoak, kutreak, politikoak, maitasunezkoak... Guztira, 550 argazki inguru Flickr plataforman edonork ikusteko eta Creative Commons lizentziapean partekatzeko argitaratu dituztenak. Horietako batzuk Pop Pilulak aldizkariaren laugarren zenbakian kaleratutako artikulu batean ere ageri dira.

 

Kopuruan eta kalitatean izan da aurrerapena. Orain 25 urte Bilboaldean “arraroa” bazen graffitiak ikustea, gaur egun “oso ohikoa” da. A8 autopistan metro batzuk egitea nahikoa da “bazter guztiak beteta ikusteko”. 25 urtetan graffitien estilo aldaketa ere izan da, “nabarmena” Txerra Rodriguezen arabera, “itzela”. Estiloari erreparatuta baino, gaiari erreparatuta, hiru multzotan sailkatu dituzte auzo guztietan agertzen diren hormairudiak: politikoak, artistikoak eta maitasunezkoak. Azken hauek, kalitate aldetik, “nahiko txarrak” izaten dira. Batik bat, auzoetako kanpoaldean aurkitu dituzte. “Lehen auzoetako erdiguneetan zeuden”, orain berriz “bazterrera mugitu dira”. Arrazoi nagusia udal garbitzaileen jarduna da. “Artea asko goraipatzen den Bilbon, hiri kultural eta modernoan, hormen garbiketa sistematikoa eta azkarra da”. Eta auzoen erdiguneetan apenas dago graffitirik.

 

“Safari” gisa deskribatu duten bilketa lana Alde Zaharrean abiatu zuten Txerrak eta Eiderrek. “Bereziak” dira Zazpikaleak. Graffitigileek azkar ibili behar dute euren zereginean eta ikusleek gozamenean pintadek gutxi irauten baitute. “Gaur asko egon daitezke eta bihar batere”. Dendetako pertsianetan egindakoak -baimenarekin- dira iraunkorrak diren bakarrak. Graffitia ulertzeko moduaren aldaketa irudikatzen dute, “gaur egun ohikoa dena”, eta Alde Zaharrean eta Bilbo Zaharrean onarpen horren “adibide asko daude”. Iritzi aldaketak “hasieratik dauden bi indarren borroka adierazten dute” Txerraren iritziz. Batetik legez kanpoko artea, kalekoa, eta bestetik instituzionalizaziora hurbildu dena. Bitarte horretan “graffitigile batzuen eta besteen arteko tentsioa dago, eta tentsioak iraungo du beste 50 urte edota graffitiak legez kanpokoa izaten jarraitzen duen arte. Eta ez dut uste hori inondik inora gertatuko denik”.

 

Gainerako auzoetan bizikletan ibili ziren Txerra eta Eider. Olabeaga eta Zorrotza izan ziren bigarren helmuga. Graffiti “gehiago daude” eta “nahiko kalitate handikoak”. Olabeaga eta Zorrotza dira Errekalderekin batera auzo emankorrenak. Eta horien aurretik, lehena, tarte handiarekin, Deustuibarra, “izarra”.

 

Oro har Bilboaldeko graffiti mugimenduak gora egin du, eta aurrerapen horretan Barrenkale Barrena kalean zabaldu duten denda izan da gakoa, “graffitigileentzako denda” da. Kolore eta tamaina guztietako espraiak aurki daitezke bertan. Urtebete pasatxoan “asko mugitu du” ekoizpena. Besteak beste, asko ugaritu dira errepide bazterretako graffitiak. “Gasteizera bidean, esaterako, Bilboaldeko sinadura berberak ikus daitezke”. Horien atzean dauden egile asko errepikatzen dira, eta horrek esan nahi du gure artean “ez dagoela hainbeste graffitigile”.

 

Deustualdean

San Inazio “basamortua da ia-ia”. Bitan pasa dira bertatik Txerra eta Eider aztertzaile, eta “apenas aurkitu dugu pintadatxoren bat”. Arangotin ere “askorik ez”. Deustun berriz, beste auzoekin alderatuta “asko daude”. 60-65 graffiti bitartean. Agirre lehendakariaren etorbidetik gora dauden kaleetan, Luzarran eta Ramon y Cajal kaleetan, eta behera daudenetan, Botikazarren, batez ere. Tartean, oso gutxi. 

 

Botikazarreko skate pista, salbuespena da. Bertan ikusi zuen bere lehen graffitiak Txerrak 90eko hamarkada hasieran. Graffiti izenarekin dei zitezkeen lehenak ziren berarentzat, Ameriketako Estatu Batuetako estilokoak. “Mundialak” iruditu zitzaizkion. Egun, piloa ikus daitezke. “Bat-batean egiten dituzte eta txanpinoiak bezala irteten dira”. Larunbat arratsalde baten bi gazte margotzen ikusi zituzten Txerrak eta Eiderrek. Skate pistan “bestelako lasaitasuna dagoela dirudi, ez dagoela arazorik”. Graffitiz josita dago pista eta “bi kale aurrerago ez dago batere”.

 

Deustuibarra, Zorrotzaurre eta Punta Zorrotza graffitiaren oasia dira, eta graffitigileenak. Bazterrean dauden auzoak dira, garraiobideetatik urrun. “Erdi abandonatutako guneak diren heinean askatasun gehiago dago”. Horrelako baldintzetan ohikoa da gaur egun “euren paradisua, edo, aurkitzea”. Eta hori nabarmena da, graffiti kopurua “ikaragarria” baita. 150 argazkitik gora egin dituzte Deustuko Kanalak sortzen duen penintsulan. “Graffitiak 150 baino askoz gehiago dira”. Argazki batzutan “irudiz betetako horma osoak” atera dituzte. Denak ez, baina gehienak jaso dituzte.

 

Graffiti politiko eta sozialak aurkitu dituzte, nagusi diren artistiko-estetikoen artean. “Grebalarien askatasuna eskatzen dutenak –Deustun bakar bat ez dute aurkitu–, marihuanaren legeztatzearen aldekoak edota legez kanpokoa den pertsonarik ez dagoela diotenak”. Badira ZAWP pabilioietatik sustatutako graffitiak eta Madril, Bartzelona, Berlin eta Londreseko graffitegile izen handikoak egindakoak. Izan ere, Interneteko graffitigileen foroetan irakur daitekeenaren arabera, Bilboaldean badira bi gune garrantzitsu “kanpoan sona dutenak”. Horietako bat Astrabuduatik Leioara arteko metroaren bide bazterra eta bestea Deustuibarra-Zorrotzaurre ingurua.

 

Zer gertatuko da Zorrotzaurre Planarekin? Zelan aldatuko da graffitiaren paradisua? Txerraren ustetan, beste hainbat lekutan pasatu den bezala, “zabor eta hondakinen bide beretik joango dira graffitiak”. Etorkizuna mozten den landarearen erantzunarekin alderatzen du Txerrak, “landare bat hemen moztuko dute eta han aterako da. Badago zer adierazi betiko bideetatik adierazi ezin dena. Graffitiek jarraituko dute, Deustuko Erriberan ez bada Sestao aldean agian, edo beste nonbaiten, baina egon, egongo dira gero ere”.

 

www.flickr.com/photos/hormen_safaria