Zein da Intxixu Ikastolak egun duen arazoa?
Bi arazo ditugu bi zentro baikara elkarren ondoan. San Inazioko Institutuak ez du gimnasiorik eta ikasleek Gorputz Hezkuntzako klase guztiak ikastetxetik kanpo eman behar dituzte, auzoko kiroldegian. Intxixu Ikastolaren arazoa aterpe falta da. Ondorioz, jolastoki orduan, euria ari duenean, ez dugu lekurik umeentzat. Hortaz, geletan edota pasabideetan geratu behar dute ikasleek. Ezin dute kanpora irten. Arazoa gero eta handiagoa da geroz eta ikasle gehiago baititu ikastolak. Ikasturte honetan eskaerak eskaintza gainditu du. Jantokiaren ostean gauza bera gertatzen da eguraldi txarra dagoenean, zentro barruan geratu behar dute, eta eskolaz kanpoko ekintzak bertan behera geratzen dira euria ari duenean. Txikienek etxera alde egiten dute. Gelditzen direnak busti egiten dira. Ikastolako gimnasioa txikia da eta beste ekintza batzuetarako erabiltzen da. Ez dago denentzako lekurik bertan.
Zer suposatzen du ikasleentzat atsedenaldian kanpora ezin irteteak eta hainbeste ordu eraikin barruan egoteak?
Irakasleek diote ikasleek ez dutela hankak luzatzeko aukerarik edota oihu egiteko momenturik. Gelan ezin dute hori egin. Formakuntzarako ez da ona. Zentroak argi du, jolastokiko ordua horretarako dela, beharrezkoa, eta curriculumean ageri da. Ordu asko dira segidan leku berean ematen dituztenak.
Noiztik du ikastolak arazo hori?
Eraikin hau institutu bezala erabili izan da, eta Intxixu Ikastola publifikatu zenean Hezkuntza Sailak hemen finkatzea erabaki zuen. Aurretik, baina, hemen institutukoak zeuden, eta orduan sortu zen arazoa. Bi ikastetxe desberdin zirelako, bi behar ezberdinekin, biak inguruarekin lotura handia zutenak eta geroz eta matrikula gehiago zutenak. 2000. urtean Hezkuntza Saileko Plangintza Sailak erabaki zuen ezinezkoa zela Intxixuk lerro bakarrarekin jarraitzea, zeren matrikulazioa geroz eta handiagoa zen eta ezin zen mundu guztia kanpoan utzi. Orduan irtenbide modura Haur Hezkuntzara bideratutako eraikin berri bat eta bi gimnasio berri egitea pentsatu zuten, bat Intxixurako eta bestea instituturako. Plangintzakoek Baliabide Zerbitzura pasa zuten proposamena, etorkizunerako egokia zen proiektua gauzatzeko. Baliabideen arduradunei izugarria iruditu zitzaien proiektua, gehiegi balio zuela. Hartara Intxixu publifikatu berria zen, auzoan bertan beste eskola bat zegoen, eta Hezkuntza Sailak Bizkaian beste arazo batzuk zeuzkan.
Orduan beste proiektu apalago bat onartu zuen Hezkuntza Sailak?
Bai, 2006/2007an eraikin txikiago bat eraiki zen Haur Hezkuntzarako, baina gimnasiorik ez. Bi lerroko ikastetxea izatera pasa zen Intxixu. Urte batzutan hiru lerro ere izan dira eskaera izugarria izan delako, iaz ere jende piloa geratu zen kanpoan, eta aurten gauza bera. Hezkuntza proiektu moduan ikastola erakargarria da auzotarrentzat.
San Inazioko Institutuarena kasua berezia da. Bakarra da?
Ez, Briñas eta Garcia Rivero eskoletan antzeko arazoa dute, leku falta. Felix Serranon arazo bera zuten, baina lurrazpian sekulako gimnasioa egin zuten, eta horrela konpondu zuten kirol gune gabezia.
Institutuan izan da aurerrapenik?
2010/12 plangintzan, San Inazioko Institutuan 400 metro karratuko gimnasioaeraikitzeko diru partida eta proiektua onartu zituen Baliabide Sailak. Ez zen eraiki krisia heldu zelako. Proiektua bertan behera geratu zen. Ordutik institutukoek gimnasioa eskatzen jardun dute, eta guk, Intxixuko gurasook eurekin bat egitea erabaki dugu, leku estali bat behar baitugu.
Hezkuntza Sailak zein irtenbide eman nahi die bi arazoei?
Gimnasio bat eraiki nahi du, eta institutuko eta ikastolakoen artean partekatu dezagula jolastorduetan euria ari duenean. Hau da, Intxixuko patioa ez dute estali nahi gimnasioarekin konponduko garelakoan. Azken bileran esan ziguten 1.000 metro karratuko kiroldegia egin nahi dutela. Kirol anitzerako pista, deitzen diote ofizialki. Homologatua izango da futbito edota saskibaloi txapelketak jokatu ahal izateko.
Gustuko duzue kirol anitzerako pistaren proiektua?
1.000 metroko pista egin nahi dutela, bikain, baina guk gure aterpea nahi dugu, estalia den gunea behar baitu ikastolak. Bi ikastetxe garenez nork bere arazoa dauka. Intxixuko gurasook Hezkuntza Sailari irtenbide integrala eskatzen diogu. Sailekoen iritziz eraikin batekin bi arazoei irtenbidea ematea posible da, baina guk ez dugu uste horrela denik. Ezin dugu baldintzatu institutukoen ordutegia gure umeen jolastordura. Gurean ordu desberdinak ditugu patioa erabiltzeko. Ikastolak argi du bi zentroen esku utzi nahi dutela Hezkuntzakoek erabilpenaren arazoa, eta ez dago konforme horrekin, bi ikastetxeren beharrizanei erantzuteko eskatzen jarraitzen du.
Hain beharrezkoa duzue aterpea Intxixun?
Gimnasioa ez den beste gune babestu bat behar dugu. Bi urtetik aurrerako umeak nerabeekin leku berean ezin dira nahastu, arazoak leudeke, eta azkenean umeek geletan bukatuko lukete berriro. Bi gune izanez gero, ikasleak banatzea errazagoa da. Aterpeak eskolaz kanpoko ekintzak babespean egiteko balio du eta zain dauden senideak euritik babesteko. Hau Euskadi da eta hemen euri asko egiten du. Horrezaz gain, 17:30etatik aurrera egingo litzateken gimnasioa itxita legoke, eta guk klase eta eskolaz kanpoko ekintzen ostean umeekin egoteko lekua izatea nahi dugu ikastola. Elkarbizitzarako gunea izan behar du, eta aterpe batek lagunduko luke. Jolastokia estaltzeko baino ez dugu eskatzen.
Ikasleen funtzio eta jaialdietan zelan moldatzen zarete Intxixun?
Horrelakoetan ez dago denontzako lekurik. Azken funtzioa ikusteko tiketak banatu behar izan genituen, bina tiket ume bakoitzeko.
Bilboko Udala inplikatzen ahalegindu zarete aterpea lortzeko ahaleginean.
Saiatu gara proiektuaren finantzaketan Udala inplikatzen Jaurlaritzarekin gastuak erdibana ditzan. Udalak teorikoki ez du inbertsiorik egin behar ikastetxe publikoetan, mantenimenduaz baino ez da arduratzen. Jaurlaritzari dagokio obra berria egitea. Kontua da Udalak beste ikastetxe batzutan patioak estali izan dituela gastuak partekatuz.
Zer proposatzen duzue orduan?
Eraikina muga bat da, ikasleak etengabe hasten ari dira, eta leku gehiago behar dugu, edo kanpoan edo barruan, baina leku gehiago. Udala guztiz itxita dago finantzaketa erdibanatzera, bere jarrera beti hori izan ez den arren. Duela sei-zazpi urte Udala prest zegoen eta Jaurlaritza berriz desagertuta. Batetik, Udalari presioa egiten jarrituko dugu, ez bada diru aldetik, proiektuan edo bestelako zereginetan lagun dezan. Bestetik, gimnasio txikiago bat egiteko proposamena egin nahi diogu Jaurlaritzari, 700 metro karratukoa adibidez, eta aldi berean proiektuan gure eskaria sar dezala, hau da, ikastola sarreran dagoen patioaren estaldura. Ez dugu gimnasioarekin bakarrik geratu nahi, bestela Intxixun kristoren arazoarekin jarraituko dugu.
Zein unetan dago afera?
Duela bi urte berriro ere presioa egiten hasi ginen. Esan digute, teorikoki, proiektua aurten egingo dela. Hezkuntza Saileko Baliabide zuzendariak telefonoz jakinarazi zigun arkitektoa kontratatzeko baldintzak adosten ari direla, urte amaierarako proiektua prest egongo dela eta 2016/17rako 1.000 metro karratuko gimnasioa eraikiko dela. Ez da normala, bi urte daramate arkitekto bila. Lanean ari direla esaten digute, baina benetan ez dira ezertan ari. Gainera, eskaera ez aldatzeko esan digu Baliabide zuzendariak, eskaria aldatuz gero proiektua gehiago atzeratuko dela.
Zein izan da bi ikastetxeetako irakasle eta zundaritzaren jarrera?
Bai ikastolako bai institutuko zuzendaritza guztiek eman dute arazoaren berri behin eta berriro, gabezia beti egon da hor.
Gurasoek mobilizazioak iragarri zenituzten, eta Bilboko Udalak bilera eskaria egin zizuen. Zertarako?
Udaleko ordezkariak Lantegi Batuak elkarteko kideekin etorri ziren. Batzarrean aipatu ziguten Lantegi Batuak fundazioak urteak daramatzala Bilbon eraikin berri bat egiteko lurzoru bila. Horretarako leku apropos bezala ikastolak duen berdegunea identifikatu dute, guk gutxi erabiltzen dugulakoan. Planteatu digute ikastolaren 2.500 metroko berdegunean Lantegi Batuaken eraikina egitea, ikastola eta institutua ados bagaude. Udalak bitartekari lana baino ez du egin, eta argi eta garbi esan digu ez duela jarriko dirurik obra berria egiteko. Oker zeudela esan genien, berdegunea erabiltzen dugula, bai gimnasio bezala, bai gurasoak egoteko leku bezala. Auzoko berdegune bakarrenetako da, ikastolaren nortasunaren ikur, belargunea eta ortua oso baloratuak dira. Ikastolak berdegunea behar duela adierazi genien, are gehiago urte batzuk barru inguruan garatuko den hirigintza planaren baitan babes ofizialeko etxebizitza piloa eraikiko dira, auzoan ume gehiago egongo direnean. Agian, orduan, ikastolak espazio gehiago beharko du, eta dirudienez ez dute hori kontutan izan. Alternatiba bezala, Lantegi Batuaki Kanaleko gunea proposatu genion, besteak beste, Udalarena delako.
Berdegunea Lantegi Batuaken eskutan uzteko proposamenak zer erantzun izan du?
Ikastolako Gurasoen Elkarteak aho batez erabaki zuen berdegunea ez zela negoziagarria. Lantegi Batuaken lana miresgarria eta beharrezkoa iruditzen zaigu, baina berdeguneak ikastolarena izaten jarraitu behar du. Klaustroak ere ezezko borobila eman dio. Hurrengo Eskola Kontseiluan proposamena aztertuko dute, baita San Inazioko institutuan ere. Uste dugu gure jarrera berbera izango dutela.
Hauteskunde kapaina baliatu duzue jendearengana eta alderdiengana iristeko. Lortu duzue?
Zarata egiten duzunean arreta deitzeko unea egokia da kanpaina, baina komunikabideek jaramon gutxi egin digute. Dena dela esan behar dugu Udaleko alderdi politiko guztiekin batzartu garela eta gure eskaeraren berri eman diegula. Denen aldetik jarrera ona eta ulermena jaso dugu. Oposizioan zeudenek erabateko babesa eman digute. Alfonso Gil sozialistak esan zigun PSEk Jaurlaritzaren aurrekontuak babesten zituela, eta arazoa non dagoen galdetzeko konpromisoa hartu zuen Gasteizen. Zenbat diru bideratuta dagoen, alegia. Erantzun zigun, imajinatzen genuena, Jaurlaritzak ez duela ezer zehatzik. Hortaz, berdin gaude.
Gurasoek gimnasioa eta aterpea eskatzeko burutu dituzuen mobilizazioek -sinadura bilketa, elkarretaratzeak, manifestazioak...- zertarako balio izan dute?
Agindutako ez dute bete, emandako hitza jan dute. Urte asko pasa dira, eta proiektuak benetan aurrera egingo duela ikusi arte ez gara fidatuko. Zalantzak argitzeko eta zerbait egiteko unea da, eta presio egitea da gure bidea. Ikastetxe publikoa da gure, bada ordua. Zerbait zehatza esaten ez badigute, proiektua bere aurrekontuarekin eta hasiera eta amaiera datarekin, mobilizazio gehiago egingo ditugu. Gurasoak oso haserre gaude. Aurreko ikasturtean 165 eskola egunetatik 95 egunetan euria egin zuen, 95 egunetan gure umeak zigortuta egon ziren, adarjotzea da. Kea saltzen digute, baina ez sua dagoelako. 2010ean gimnasioaren prozesua une berean zegoen, Hezkuntza Sailetik etorri ziren ordezkari batzuk, eta ikastolako zuzendaritzako kideekin eta guraso batzuekin gimnasioa kokatzeko lekua hautatzen egon ziren. Pentsa zein zehaztapen mailera iritsi ziren orduan, ezertarako. Ematen du guk, gurasook, aurkitu behar dugula irtenbidea. Arazoak argi daude, eta erakundeek eman behar dituzte, Udalak eta Jaurlaritzak, euren lana da. Alderdi berekoak izanda errazago izan beharko litzateke. Hau ez da hemen amaitzen.