Cian Corcoran: "Gehien falta dudana belarra eta zelai berdeak dira. Hemen zementua baino ez dago"

Aitor Sarrionandia-Ibarra 2015ko eka. 8a, 11:21

Euskaldunak oso jatorrak omen garela dio ikasle irlandarrak, “behin ezagututa”. Bere izena “Kin” dela esan digu baina idazterako orduan Cian letreiatu digu. Deustuko Unibertsitatean ari da, horrekin batera gaztelera ere ari da ikasten, baina urtea disfrutatzeko baliatu nahi du. Euskal Herriari  buruz asko dakiela erakutsi digu.

Zertara etorri zara Deustura?
Erasmus programaren bitartez Nazioarteko Komertzio gradua ikastera etorri naiz.

Zergatik aukeratu zenuen gure herria?
Eguraldiagatik batik bat, hemengoa Irlandakoaren antzekoa da. Horrez gain, ezagutu gabe, hiria interesgarria  iruditzen zitzaidan.

Ikasteaz gain, zer egiten duzu hemen?
Atletismoa praktikatzen dut, talde batean nago. Gaztelera ere ikasten ari naiz, horretarako hemengo jendearekin nahastea eta ibiltzea atsegin dut. Azken finean disfrutatzea dut helburua.

Ikasturtea amaitzean, herrira itzuliko zara?
Uztailera arte zuekin ibiliko naiz, baina gero Europara trenez abiatuko naiz. Irailera arte ez naiz etxera itzuliko. Han oraindik beste ikasturte bat falta zait.

Hemengo zer duzu gustuko?
Orokorrean jendea gustatzen zait. Nortasun handikoak zarete, Irlandarren antzekoak. Behin ezagututa jatorrak eta dibertigarriak zarete.

Zer sumatzen duzu faltan?
Familia eta herria apur bat, batez ere herriko harreman zuzena. Izan ere, nire herria hau baino txikiagoa da eta hori nabaritzen da. Hala ere gehien falta dudana belarra eta zelai berdeak dira. Hemen eraikinak eta porlana baino ez dago.

Ba al dute antzik Euskal Herriak eta Irlandak?
Bai horixe. Jendearen nortasuna eta tabernak. Azken hauek saltokiak baino gehiago dira, elkarguneak, Irlandan bezala.

Euskal Herriko gatazka politikoaren berri ba al zenuen hona etorri baino lehen?
Bai. Gainera Irlandan gaztelera ikasi nuen eta nire irakaslea euskal herritarra da. Berak ondo baino hobeto azaldu zigun ez duzuela gustuko guk esatea Espainian gaudela.

Irlanda batua ezagutuko al dugu?
Ez dut uste. Gatazka oso sakona eta zaharra da. Ehunka urte darama konpondu gabe.

Irlandak egin duen erreferenduma, sexu bereko bikoteen ezkontza alegia, hango jendartearen eboluzioaren isla da?
Irlanda oso katolikoa da, baina azken urteetan elizak izan dituen aferek (sexu gehiegikeriak...) konfiantza galera ekarri dute. Gure belaunaldia arlo horretan ezberdina da. Hori guztia azaleratu da galdeketan.