Levante plazan iturri zibernetikoa kendu eta lorategi bertikala ezarriko dute

uriola.eus 2015ko eka. 10a, 10:53

Bi hilabete iraungo dute San Inazio auzoko plaza nagusia berrurbanizatzeko lanek. Besteak beste, iturri zibernetikoa kendu, pergolako estalkia berritu, led argiak jarri eta Bilboko lehen lorategi bertikala ezarriko dute.

650.000 euroko inbertsioa egingo du Bilboko Udalak Levante plazaren berrurbanizazioan. Plazaren erdian dagoen iturri zibernetikoa kenduko dute espazioa irabazteko; plazako argiztapena berrituko dute led teknologiarekin; pergolako estalkia ere berrituko dute; eta Bilboko lehen lorategi bertikala muntatuko dute.

Osotara 290 metro karratuko eremua beteko du lorategi bertikalak. Frontoiaren ondoan kokatuko dute, eta luzeran 222 metro izango ditu eta zabaleran 68 metro.

Altzairu galvanizatu egitura izango du lorategiak. Moduluka banatuta eta material sintetiko eta organikoz estalita egongo da. Goi aldea euritik babestuta izango du. Sistema telekontrolatu batek urez eta mantenugaiez hornituko du lorategiko landaretza.

 

Eragozpenak eta aldaketak

Bi hilabetez, gutxi gorabehera, espaloia okupatu eta aparkalekuak kenduko direla Levante plazan. Bidea etengabe egongo da libre oinezkoentzat. Okupatuko diren aparkalekuetan hesiak jarriko dira aurretiaz. Plaza hori hobetu eta berrurbanizatzeko okupatuko da esparru publikoa.