Gogor kaltetuak izan dira aurtengo Deustuko jaiak eta, batik bat, Deustuko jai batzordea. Alde batetik eguraldiak ez zuen lagundu eta bestetik, behin jaiak amaituta, elektrizitate kableak lapurtu zituztela jakin zuen jai batzordeak.
Guzti horren aurrean eta egoera ekonomikoari aurre egiteko, larunbatean, ekainak 13, jai eguna antolatu zuten auzoan, egoera iraultzeko eta lapurretak eragindako zorrari aurre egin ahal izateko.
Hasiera batean, jaia Done Petri plazan egitekoa zen baina Udalaren baimen faltagatik, aurreko egunean, egitaraua aldatu behar izan zuten. Hala ere, jendeak ez zuen kale egin eta jendetza bildu zen Gazte Lokalaren inguruan.
12:00etan izan zen txupinazoa eta jarraian, bigarren eskuko arropen merkatua ireki zuten txaranga eta Luzarra kalean egindako jolasekin batera giroa alaituz.
Bazkarirako bi txanda egin behar izan zituzten Tintigorriren txokoan eta guztira, 200 pertsona baino gehiago batu ziren bertan. Era berean, Gazte Lokaleko kontzertuek arrakasta izan zuten; bertan entzun genituen, The Lasai, Garilak 26, Sutan eta Ximaurre erromeria.
Jai Batzordetik aurreratu dutenez, zorra kitatzeko beste diru atera ez bada ere, aurrera pauso handiak eman dira jai honekin, eta lanean jarraitzeko borondatea agertu dute.
[2015/04/08] Leire Arroyo: “Herri bateko jaiak herriko plazan izatea da zentzudunena”
[2015/06/12] Deustuko jai herrikoiak babesteko egunak leku aldaketa batzuk izan ditu