Zergatik Kolonbia?
Askotan egin didaten galdera da eta erantzuna inprobisatu beharrean ibiltzen naiz beti. Gaur oraindik ez dut erantzun zehatzik, uste dut ezezaguna eta berri izateak nahiko arrazoi zirela. EHUk eskaintzen duen mugikortasun programari esker etorri nintzen hona eta batez ere, nire gurasoen laguntzari esker. Aukera paregabea izan da.
Merezi izan du orduan toki ezezagun batera joateak
Bai, ez nengoen oker, oso jende atseginarekin eta esperientzia ederrekin aurkitu naiz bidean. Kolonbiarrak ostalari lanetan oso onak direla esan beharra daukat, gainera. Gizarte honen konplexutasunaz ohartu naiz eta galderak dira geratu zaizkidanak erantzunak baino gehiago.
Bidaiatzeko aukera izan duzu?
Bai, herrialde osotik ibili naiz. Zorionez, ikasketek tarte zabala utzi didate eta dezente bidaiatu ahal izan dut. Gainera, unibertsitatearekin ere irteerak egiteko aukera izan dut. Orain, ikasketak bukatuta, San Agustin eta Tierradentro bezalako lekuak ezagutu nahi ditut, antzinako indigenen aztarnak aurkitu daitezkeen leku magikoak dira.
Eta ikusi duzuna gustatu zaizu?
Zoragarria da Kolonbia, inoiz imajinatuko ez nuen lekuetan egon ahal izan naiz. Ia eskualde guztiak ezagutu ahal izan ditut: Karibe kostakoa, Andeetakoa, Amazonasa eta Pazifikoa, bata bestea baino ezberdinagoa. Hala ere, hain herrialde zabal eta anitza izanda, seguru nago mila txokoren berezitasunen berri izan gabe noala.
Dena izan da polita orduan?
Istorio gogorrak ere ezagutu ditut. Gatazkak korapilatsuegiak dira eta bizipenak, milioika. Gizarte talde minorizatuen artean indigenak, afroamerikarrak eta nekazariak bereizten dira. Lehenengoak lirateke borroka organizatuan denbora eta esperientzia gehien daramatenak, horrela, eskubide gehien onartuak dituztenak. Nekazaria da egoera okerrenean aurkitzen den gizarte taldea, euren lurren gainean erabakitzeko ahalmenik ez baitute, enpresa handien eskutan utziz ahalmen hori. Modernizazio eta garapena, aitzakia perfektuak bilakatzen zaizkio gobernuari milioika nekazari euren etxeetatik bortizki bota eta kale gorrian uzteko edota hiltzeko. Politika ustelaz aparte, jendearen bihotz ona da lurralde honetan aurkitu dudana.
Zerk harritu zaitu gehien?
Kolonbiarrek hainbeste sufrimenduri nola ahal dioten zoriontsu aurre egin galdetu diot behin eta berriro nire buruari. Garcia Marquezen nobeletan bezala sentitu naiz batzuetan, errealitate eta magia artean.
Zer duzu faltan?
Nire izaera den bezalakoa erakustea. Hemen, kodigoak oso desberdinak baitira eta normala dena Euskal Herrian, hemen, gaizki ikusia egon daiteke. Adibidez, umorea. Koadrila, familia, auzoa, jaiak eta bazkari gozoak ditut faltan gehien.
Mezurik baduzu Deusturako?
Urtzi eta Telleri musu bana!
Askotan esplikatu behar izan duzu han euskalduna zarela?
Bai eta hainbestetan zergatik naizen euskalduna esplikatu beharrak pentsamendu berri asko ekarri dizkit gogora, bueltan horiek ordenatzen jarraitzeko aukera izango dut. Norberaren jatorriari buruzko galderak sortzen dira kanpora zoazenean. Entzunda daukat, bidaiatzea ez dela herria uztea, herrira behin eta berriz bueltatzea baizik.
Eta nola ikusten da Euskal Herria urrunetik?
Txiki eta handi. Hiru milioi pertsona, Bogotaren erdia ere ez dira. Hala ere, jende askok eta askok du euskaldunon eta euskararen berri.