Gasoil eta olio orban bi agertu dira itsasadarrean, Deustu parean

uriola.eus 2015ko uzt. 9a, 10:00

Deustuko eta Euskaldunako zubien artean "erregai orban bat" agertu zen atzo arratsaldez eta "handiago bat" gaur goizean Deustu eta Salbeko zubien artean Udaleko ordezkariek jakitera eman dutenez. Portuko Agintaritzaren arabera, olio ez kutsakorra da gaur agertu den isuria. Garbitu ostean, zaintza lanetan jardungo dute hurrengo egunetan.

Portuko Agintaritzak isuriaren zabalpena kontrolatzeko hesi xurgatzailea paratu zuen atzo SOS Deiak erakundeak 16:00etan jasotako abisu baten ostean. Portuko Agintaritzako ontzi batek gasoil isuria astindu eta lurruntzea lortu zuen 19:00etarako.

Bigarren orban bat aurkitu dute gaur goizean Deustu eta Salbeko zubien artean. Atzokoa baino handiagoa. Ez zabaltzeko neurriak hartu ditu agintaritzak, eta aurreko eguneko prozesu berarekin desagerrarazi dute orbana 13:30etarako.

Ziurtzat jo ez badu ere, agintaritzak ez du uste gasoila eta olioa itsasontzi batek isuri dituenik. Kasua ikertzen eta zaintza lanetan jarrituko du Portuko Agintaritzak hurrengo egunetan.