"Bilboko alkatea izateak uste baino lan eta ardura gehiago ematen du"

prestaldizkaria 2015ko abu. 4a, 10:10

Alkate kargua hartu duenetik lanpetuta dabil Juan Maria Aburto. Uztailean ere konpromiso asko eta denbora gutxi izan ditu. Horregatik idatziz erantzun die PREST! aldizkariaren galderei.

Zergatik zara polikari?

Ez nago seguru nik erabaki ote nuen. Nik uste dut politikak harrapatu ninduela, pertsonen bizitza hobetzeko ematen duen aukeragatik. Hauxe da politikak ematen didan atseginik handiena.

Zer dela eta erabaki zenuen Bilboko alkatetzara aurkeztea?

Oso gustura nengoen Eusko Jaurlaritzan, Urkullu lehendakariarekin lanean, baina alderdiak Bilboko alkatea izateko aukera eskaini zidanean, ez nuen zalantza izpirik izan. Bilbotar batentzat ez dago ohore handiagorik.

Hauteskunde kanpainan zerk harritu zintuen gehien?

Nola erabiltzen duten batzuek gezurra boto gutxi batzuk ateratzeko.

Alkate kargua hartu duzunetik, zelan sentitzen zara? Zertan ematen duzu denbora gehien? Zerk ematen dizu errespetu gehien?

Oraindik ez dut amaitu karguari neurria hartzen, baina aste gutxi hauetan ondo baino hobeto konturatu naiz Bilboko alkatea izateak uste baino lan eta ardura gehiago ematen duela, eta edozein ezustekori erantzuteko prest egon behar duzula eguneko 24 orduetan. Zalantzarik gabe, erronka honi behar bezala aurre egitea da errespetu gehien ematen didana.

Zelako kudeatzailea zara? Zein bertute duzu? Zein akats?

Nik argi daukat administraziotik kudeatzen dugun dirua herritarren dirua dela, eta herritarren mesedetan eta herritarrei begira gastatu behar dugula, gardentasun eta zorroztasun osoz, lehentasunak finkatuz eta zehaztasun guztien berri emanez. Hau bertutea da guretzat, baina beste batzuentzat akatsa izan daiteke.

Zergatik erabaki duzu alkate eta zinegotzien soldata mantentzea?

Udalbatzan esan nuen moduan, urteko 365 egunetako 24 orduetan jardunerako prest egon behar duten Bilboko alkate honen eta Udal Gobernuko gainerako zinegotzien soldatak legezkoak dira erabat, eta beren horretan mantentzea erabaki dugu, aldaketarik gabe. Denok dakigu sektore pribatuan askoz ere soldata handiagoak ordaintzen direla ardura txikiagoko karguetan, eta nik uste dut herritarrei benetan axola diena politikarien jarduera eta portaera dela, eraginkortasunez eta zintzotasunez joka dezatela, alegia.

2015eko Enplegu Plana aurkeztu duzu. Plan horretako zein arlo azpimarratuko zenuke?

Gauza guztien gainetik, erakunde eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza eta batera jarduteko borondatea.

Lehen 100 egunetarako 70 jarduera iragarri ditu Udal Gobernuak. Lehentasuna enpleguak eta jarduera ekonomikoak izango dute. Zer lortzea duzu helburu?

Nik beti esan dut gizarte-politikarik onena kalitatezko enplegua sortu eta bultzatzea dela. Horixe da gure lehentasun nagusia: enplegua eta jarduera ekonomikoa. Baina enpleguak huts egiten duenean, gizarteak babes-sistema egokia behar du, inor bazterrean gera ez dadin. Pobreziak ahultasun morala eta arrisku soziala dakar, eta horren aurrean, gizarte-politikak duintasunaren eta egonkortasunaren aldeko inbertsiorik egokiena dira.

Zorrotzaurre Planak 10 urte bete ditu, zein iritzi duzu planari buruz eta izan dituen aldaketei buruz?

Zorrotzaurre berriko ‘ezagutzaren uhartea’ aukera historiko paregabea izango da, Bilbok hiri-eredu adimendunaren aldeko jauzi kualitatiboa eman dezan, talentuan, sormenean eta teknologia berrietan oinarritutako balio erantsi handiko industria-erabilera jasangarriak erantsiz bertan sortuko diren etxebizitza, berdegune eta ekipamendu publiko berriei. Batzuek Zorrotzaurre Planak martxa azkarragoa izatea nahi zuketen, baina lurzoruen jabetzaren aniztasunak eta administrazio barruko tramitazio-fase desberdinen iraupenak prozesu osoa moteldu dute urteotan.

Ramon y Cajal kaleko igogailuak Deustu eta Arangoiti lotuko ditu. Zelako obra izango da?

Arangoitiko igogailu zaharra duela lau urte itxi zen segurtasuneko arazoen ondorioz, baina Bilboko Udala antzeko ekipamendu bat abiaraztearen alde azaldu da urteotan guztiotan. Eta orain iritsi zaigu aukera, Irakasle Eskolako orubean eraikitzen ari diren etxebizitza berrien eskutik. Hirigintza kontuetan ere, gure asmoa inor bazterrean ez uztea da, mendialdeko auzoetan bizi arren.

San Inazio eta Zorrotzaurre lotuko dituen zubiaren proiektua aurkeztuko duzu. Zer aurrera dezakezu?

Zorrotzaurreko proiektuan, hiru zubi aurreikusita daude: lehenengoa, IMQren ondoan eraikitzen ari den Frank Gehry zubia; bigarrena, San Inazioko Illes Balears kalea Zorrotzaurreraino luzatuko duena, eta hirugarrena, Zorrotzaurre Zorrotzarekin lotuko duena. Azken honetarako, urte batzuk itxaron beharko dugu oraindik, baina 100 Eguneko Planean bildu ditugun konpromisoen artean, San Inazio eta Zorrotzaurreren arteko zubia abian jartzea aurreikusi dugu. Nik uste dut, Udalaren barruan zein beste erakunde eta eragile publiko eta pribatuekin lortu dugun lankidetza-giroari esker, proiektu hau uste baino lehenago abia daitekeela.

Zein proiektu duzu Deustualderako epe labur-ertainean?

Hauteskunde eta gobernu programan aurreratu dugunez, auzokoen bizi-kalitatea hobetzen lagun dezaketen jarduketak bultzatu nahi ditugu, irisgarritasunari, segurtasunari eta atseden eta aisia-esparruen eskaintzari arreta berezia eginez. ‘Auzo-bihotz’ bana finkatu nahi ditugu Levante eta San Pedro plazetan, Sarriko, Botikazar eta Araneko parkeen erabilera sustatuz, kirol instalazioak hobetuz eta bertako merkataritza eta ostalaritzaren mesedeko neurriak bultzatuz. Orokorrean, bizitzeko atseginagoa den hiri-esparrua eratu nahi dugu, jendearekin eta jendearentzat, adostasuna eta partaidetza ezinbestekoak baitira proiektu hauek aurrera atera eta etorkizunak ekarriko dizkigun erronka berriei erantzun ahal izateko.

Zein premia ditu Deustuk? Zeintzuk dira zure lehentasunak Deustun?

Deustun, Bilboko gainerako auzoetan bezalaxe, enplegua eta jarduera ekonomikoa dira gure kezka nagusia. Baina Deusturen kasuan, ubidearen irekierak aukera ezin hobea eskainiko digu etorkizuneko ekonomia-eredu berrian murgiltzeko. Aurrerapen gisa, Udaletik doako wifi guneen sarea hedatzen jarraitu behar dugu, eta luze gabe, Auzo Factory berri bat abiaraziko dugu, Deustu aldeko ekintzaileen mesedetan.

Euskararen Aholku Batzordea sortzeko eta Udaleko Euskararen Erabilpenari buruzko Diagnostikoa lantzeko konpromisoa hartu duzu. Ez duzu uste neurriok berandu datozela?

Euskararen Ordenantza izan ala ez izan, Euskararen Legeak neurri jakin batzuk hartzera behartzen gaitu administrazio guztiok 1982. urteaz geroztik, eta Bilboko Udalak egin beharreko guztiak egin ditu urteotan hizkuntzaren ezagutza, prestigioa eta testuingurua hobetzeko asmoz. Dena den, bizitzan inoiz ez da berandu aurrerapauso egokiak emateko.

Lutxo Egiak 'Transitoak' performancearekin hilabetez, euskaraz edo ingelesez mintzatu da, gaztelania albora utzita, eta Bilbon euskaraz bizi daitekeela baina oso kalitate gutxirekin ondorioztatu du.

Une honetan, euskararen erabilpena bultzatzea da erronka nagusia, kalean, lanean, supermerkatuan, edonon... hizkuntza bizia eta normaltasun osokoa izan dadin. Eta erabilpena bultzatzearekin batera, hizkuntzaren kalitatea izango da, hain zuzen ere, Euskararen Aholku Batzordearen arduretako bat. Niren ustez, lan handia daukagu oraindik euskara erabat normalizatzeko, baina muturreko joerak eta hizkuntzen arteko talkak saihestu behar ditugu, euskararen inguruko kontsentsu sozialari eutsi nahi badiogu.

SAKONEAN

Deustuko alkate izatea nahiago zenukeen?

Ia ehun urte daramatzagu bat eginda bilbotarrok eta deustuarrok, eta denboraren poderioz Bilbo izeneko errealitate metropolitarreko kide bihurtu gara, Bilboren eta Deusturen mesedetan. Deustu bilbotarren ortua izan zen urteetan, eta orain, aldiz, bere betiko nortasunari eusten dion hiriko auzorik garrantzitsuenetakoa, eta Bilboko Alkatearen sorlekua, noski!

Zelako Deusturekin amesten duzu?

Nire ametsetako Deustu elkartasuna nagusi duen auzo seguru eta irekia da, merkataritza eta ostalaritzaz betetakoa, krisi ekonomikoa behin-betiko gainditu eta hiriko gainerako auzoekin batera, ezagutzan eta talentuan oinarritutako XXI. mendeko Bilbo berria, euskalduna eta kosmopolita, eraikitzen lagunduko duena.

Zer esaten/eskatzen dizute deustuarrek kalean eurekin bat egitean?

Normalean, hirigintza arloko eskariak izaten dira, eta askotan animoak ematen dizkigute lana behar bezala egiteko. Jendeak oso modu onez adierazten dizkizu gauzak, eta nik eskertu egiten ditut jendearen ekarpenak. Ekarpen horiekin landu genuen hauteskunde-kanpainako ditxosozko koaderno gorria, eta bulegoko mahaiaren gainean daukat, begibistan, emandako hitza gogoratzeko. Alkate bezala herritarren alde lan egingo nuela hitz eman nuen, eta horretan ahaleginduko naiz gau eta egun.

*Humberto Bilbaoren argazkiak