Zerk ekarri zintuen hona?
Nire bikoteak. Bera deustuarra da, Fuerteventuran lanean nenbilela ezagutu nuen. 16 urtez izan naiz Kanariar uharteetan lanean. Han geundela nire aita oso gaixorik jarri zen eta Sanxenxora (Galizia) itzuli ginen. Berton hiru urte egon eta gero, hona etortzea erabaki genuen. Nire emazteak betidanik itzuli nahi izan du eta biok lan egiteko aukera hobeak genituen hemen han baino. Gure bi alabak txikiak zirela etorri ginen.
Espero zenuena topatu zenuen?
Bai, han baino lan hobea zegoen, azken urteotan hemen ere egoera okertzen ari den arren eta jendeak harrera ezin hobea egin zidan. Egia esateko, bidea eginda nuen, nire emaztearen inguruko jendearen artean berehala integratu nintzelako. Ate guztiak izan ditut irekita.
Zertan zabiltza hemen lanean?
Orain Ur Partzuergorako egiten dut lan, ur kontadoreak aldatzen ditut.
Zergatik utzi zenuen 20 urterekin zure jaioterria?
Lan baldintzak oso txarrak zirelako. Egunean 10 orduz egiten nuen lan eta 6 egun astean. 40.000 pezeta kobratzen nituen eta Fuerteventurara alde egitea erabaki nuen. Banekien han eraikuntzan lan egiteko aukera izango nuela, iturgintza lanetan aritu nintzen batez ere.
Gogorra egin zitzaizun zure jaioterria uztea?
Ez dut uste, argi nuen alde egin behar nuela. Orain etxea dugu han, eta ahal dudanean itzultzen saiatzen naiz. Nire ama dut han, oporretarako herri atsegina da Sanxenxo, hondartza ikaragarriak ditu eta oporretan bertara joaten gara.
Etxeko atarian Athletic-eko armarria duzula entzun dut, atea baino handiagoa omen da.
Bai, nire emazteari ezkontzan egin nion oparia da, beraz Athletic baino askoz ere gehiago da niretzat.
Nongoa sentitzen zara?
Galiziarra, herri hau maite dudan arren eta hemengo kontuetan inplikatzen saiatzen naizen arren, ni hangoa naiz. Hala ere, orain nire pentsaera eta ideologiagatik, gusturago sentitzen naiz hemen.
Ba al dago antzekotasunik Galizia eta Euskal Herriaren artean?
Bai, antzekotasun handiak daudela uste dut. Jendarte matriarkalak dira biak, herritar zabal eta solidarioak dituzte.
Gure artean 10 urte eraman arren, ez duzu zure galiziar doinua galdu.
Inondik inora. Odolean daramat, txiki txikitatik galizieraz hitz egin dut, gaztelera eskolan ikasi nuen, amaren etxean galizieraz hitz egiten dugu, nik uste dut horregatik dela.
Zer botatzen duzu gehien faltan?
Ez dakit zer erantzun. Egia esateko, ez dut ezer faltan botatzen, berton dudanari egokitzen saiatzen naiz. Zerbait esatekotan, ortua eta animaliak esango nituzke. Hemen ez dut tokirik horretarako.
15 urte barru non ikusten duzu zure burua?
Toki berean. Hementxe dut orain bizitza, familia, lagunak...ez dut nire burua beste inon ikusten. Han ama dut momentuz, bera ez dagoenean, oporretako lekua izango da niretzat.