Pabellon nº6-ko laborategian sortutako musikala, Felipe Lozak idatzi eta zuzendu du. Cabaret Chihuahuaren sortzaileak oraingoan, Sestaoko gazte baten istorioa taularatuko du. Ugaitz Alegria aktoreak aurreratu digunez, gazteak lana bilatzeko dituen zailtasunak ezagutuko ditugu "aktoreek bere burmuinera egindako bidaia baten bidez"; baita, gazteak bere buruarekiko duen autoestimo eza eta bere neuronen jokaera egoera ezberdinen aurrean ere; "guztia modu ironikoan kontatuta".
Ugaitz Alegriak mahaigaineratu digunez, antzezlanerako espresuki sortutako musika Iñaki Marurik konposatu du, bera delarik aldi berean, musika zuzendaria eta pianojolea. Bestalde, Ugaitz bera arduratu da koreografiak lantzeaz.
Alegriak argitu nahi izan digu "askok Cabaret Chihuahuaren bigarren zatia dela uste badute ere, batek ez duela bestearekin inolako zerikusirik". Hala ere, antzezlanean parte hartzen duten 10 aktoreak Cabaret Chihuahuan lanean egondakoak dira: Ugaitz Alegria, Irene Bau, Jon Casamayor, Izaskun Fernandez, Quique Gago, Olatz Ganboa, Karmele Larrinaga, Iñaki Maruri, Itxaso Quintana eta Mitxel Santamarina.
Chichinabo Cabaret ikustera joateko aurretiaz sarrerak gordetzea komeni da; 639766720 zenbakira deituta edota pabellon6.org/reservas/ helbidean.