Erriberako eta Zorrotzaurreko auzotarrek bide zuzena hartu ahalko dute gaurtik aurrera Deustura joateko. Metroak eta minutuak aurreztuko dituzte 'Frank Gerhy' zubiaren bitartez. 75 metro luze eta 28 metro zabal den zubiak lotuko ditu etorkizunean uharte izango den Zorrotzaurre eta Deustuko Julio Urkijo kaleak.
Zubiko lanak bukatu artean oinezkoek soilik gurutzatu ahalko dute.
Inaugurazio ofizialean, goizeko 11:00etan, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak eta Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartuko dute.
Zubia
Arenas & Asociadoseko ingeniariek diseinatu dute 'Frank Gerhy' zubia, Guillermo Capellan eta Hector Beadek, hain zuzen ere. Zubiko piezak, berriz, Urssa enpresa arabarrak ekoitzi ditu. Lehorrean finkatu eta muntatu dira piezak, Kanala ireki baino lehen, etorkizuneko irla konexio gabe gera ez dadin.
Zubiaren egituraren azpitik uhartearen jardueran beharrezko izango diren hodi eta zerbitzuetarako -ur, elektrizitate, telefonia, gas...- tutuak ezarriko dira.
Zubiaren egituraren gainean, berriz, noranzko bakoitzean bina errei ibilgailuentzat, espaloiak -espaloietako bat bidegorriarekin bateragarria izango da-, zarata leuntzeko trenkadak, LED argiztapena eta eserleku luze bat -zubiaren luzeran-.
2015eko erdialderako aurreikusita zegoen zubiaren irekiera. Bere kostua 5,7 milioi eurotan balioztatu zen.
Iñaki Azkuna Bilboko alkate ohiaren nahia izan zen zubiari 'Frank Gerhy' izena ematea. Zubiko lehen harria Frank Gerhy arkitektoak berak ezarri zuen ekitaldi sinboliko batean joan den urriaren 25ean.
Argazkiak: Arenas&Asociados
Nati de la Puertak ekoitzitako bideoa