Anari, Anari Alberdi, 1970ean jaiotako abeslari eta musikagile azkoitiarra da. 1997an argitaratu zuen bere lehen lana eta ordutik bakarreko bost disko eta Petti kantariarekin beste bat aurkeztu ditu.
Bere lanek oso kritika onak jaso izan dituzte eta sarritan euskal PJ Harvey dela esan ohi dute, edo Cat Power eta Nick Cavekin alderatu izan dute.
Bere lanak:
•'Anari' (Esan Ozenki, 1997). CD.
•'Habiak' (Esan Ozenki, 2000). CD.
•'Anari ta Petti' (Metak, 2003), lau kanta biltzen zituen CD berezia, Pettirekin elkarlanean.
•'Zebra' (Metak, 2005). CD.
•'Anari Kafe Antzokian Zuzenean' (Bidehuts, 2008). Single eta EPa.
•'Irla Izan' (Bidehuts, 2009). CD.
•'Zure aurrekari penalak' (Bidehuts, 2015). CD.
2007an eta Inoren Ero Ni eta Lisabö taldetako kideekin batera Bidehuts disko etxea sortu zuen, bere lanak askatasunez argitaratu ahal izateko.
Zure aurrekari penalak disko berria argitaratu du maiatzean. Oraingoan, kontzertu intimoa eskainiko digu.
Mahai-ingurua: Genero ikuspegia zeluloideetan
Irati Jimenez, Katixa Agirre eta Ainhoa Sarasolak parte hartuko dute mahai-inguruan Fermin Etxegoienek kudeatuta.
Lehengo biek, Vírgenes catódicas. Putas recalcitrantes lana argitaratu dute eta bertan, telesailetan ematen ohi den emakumearen irudiaz eta genero harremanez hausnartu dute. Gizarte fenomeno bihurtu dira azken hamarkadotan telesailak, David Lynch zinema zuzendariak Twin Peaks harekin erakutsi zuenenetik ordura arte gutxietsitako generoa artelan kategoriara hel zitekeela. Baina zer-nolako balioak transmititzen ari dira telesailak, batez ere generoari dagokionez? Galdera horri erantzuteko, bost idazle, pentsalari eta irakaslek hausnarketak bidu dituzte Vírgenes catódicas. Putas recalcitrantes liburuan (Txalaparta).
Hirugarrenak, Ainhoa Sarasolak zeluloideetara jo du emakume zuzendariak ikustatzeko. Aretoetan gehien ikusitako ehun filmetatik, zazpi baino ez dira izaten andrazkoek zuzendutakoak. Industriaren botereguneak gizonen esku daude oraindik ere, eta desoreka gainditzeko neurriak eskatzen dituzte emakume sortzaileek.
Hortaz, hirurak arituko dira proposaturiko gaien bueltan. Mahai-inguru honen ondoren, Anari musikagilearen kontzertua izango dugu formatu txikian.