Zinebi 57

Mikel Rueda 'Caminan' laburra errodatzen ari dira Punta Zorrotzan

uriola.eus 2015ko ira. 22a, 11:51
Argazkia: @BilbaoEkintza

Maribel Verdu aktore ezaguna German Alcaraz eta Mikel Tello aktore gazteekin batera ari da lanean Punta Zorrotzan egunotan. Mikel Rueda zuzendariaren 'Caminan' laburrean, 'Bilbao-Bizkaia. Exterior. Dia' proiektu zabalaren baitan.

Film laburrez osatuta dagoen film luzea da 'Bilbao-Bizkaia. Exterior. Dia' izenekoa, eta "Bilbo, bere ingurunea eta espazioak, nazioartean zine eta ikus-entzunezkoen industriaren eszenatoki gisa sustatzeko" xedez sortua izan da. Horretarako zazpi zinegile elkartu dira, batzuk beteranoagoak, besteak gazteagoak, une askotan filmatu den eta orain eraldatuta dagoen hiriarekin duten erlazioaren "zazpi begirada pertsonal emateko". Zazpiek euren esfortzua bateratuko dute, oso ikuspuntu anitzetatik filmatutako hiriaren erretratua osatzeko.

Filma Campos antzokian estreinatuko da azaroaren 19an, azaroaren 13an hasiko den Zinebiren 57. edizioaren barruan.

 

Zazpi film labur hiria filmaziorako gune gisa sustatzeko

Film laburren egileak zazpi zinegile bilbotar –bertan jaiotakoak edo bilbotartuak– izango dira, Pedro Olea, Javier Rebollo, Enrique Urbizu, Mikel Rueda, Luis Marias, Imanol Uribe eta Alaitz Arenzanak eta Maria Ibarretxek osatzen duten Sra. Polaroiska taldea. Talde horren lana zine esperimentalaren, arte-ekintzaren, sorkuntza eszenikoaren eta koreografiaren inguruan egituratzen da. 16 mm-tan filmatutako lehenengo lanarekin Infojuve 2003 saria irabazi zuten. Ordutik aurrera, euren lanak arte zentroetan eta jaialdietan erakusten dira. Oraingo honetan, euren erregistro pertsonala erabiliz, bekatu kapitalak filmatu nahi dituzte Hiriko zortzi txokotan, ohiko bekatuei tristuraren bizioa gehituz.

Oso anitzak diren gaien artean, Pedro Olea fantasiazko generoarekin ausartuko da, zonbiei buruzko film laburrarekin. Horrela, 'Zombi Eguna' lanean, Sabino Arana, Juan Crisostomo de Arriaga edo Miguel de Unamuno altxatuko ditu euren hilobietatik, besteak beste. Enrique Urbizu zuzendariari dagokionez, Casilda Iturrizar parkeko urmael idilikoa hilketa latz baten eszenatoki bilakatuko du 'Los fantasmas del parque' lanean.

 

[2015-06-24] Zazpi film labur errodatuko dituzte Bilbon, hiria filmaziorako gune gisa sustatzeko