Txente Askasibar aske geratu da

uriola.eus 2015ko urr. 5a, 13:00

Argazkiak: www.naiz.eus

San Inazioko presoa aske geratu da gaur goizean. Topaseko (Salamanca) kartzela atarian zain izan ditu senide eta lagunak. Arratsaldean jasoko du auzotarren babesa Levante plazan.

18/98 auziaren baitan, 'Enpresak' atalean, Audientzia Nazionalak 13 urteko kartzela zigorra betetzera zigortua zuen Txente Askasibar bilbotarra. 2009an Auzitegi Gorenak zortzi urte eta erdira murriztu zion espetxealdia.

Zigorraren 3/4ak beteta zituenean, adinagatik eta gaixo egoteagatik hirugarren gradua eskatu arren, ez zioten eman; hortaz, zigorra osorik beteta itzuliko da gaur arratsaldean San Inaziora, 70 urte dituela.

Askasibarren BBVA banketxeko lankide ohiak hilero elkartu dira Plaza Biribilean -azkenengo asteazkenean- bere askatasuna exijitzeko. Lankide eta lagunek argi daukate, "zigorra bete aurretik Txente askatzea lortu ez badute ere", bere askatasuna "ospatzea eta merezi duen maitasuna eta ohorea ematea" inork ez die kenduko.

Gaur goizaldeko 03:00ak aldera, San Inaziotik Topaseko espetxera autobus bat irten da hainbat familiarteko eta lagunekin.

Arratsaldeko 19:30ean, Askasibar San Inaziora heltzea aurreikusten dute eta beraz, lehen agurra egiteko deia luzatu diete herritarrei.

Argazkiak: www.naiz.eus

[2015-09-24] Txente Askasibarren aldeko azken elkarretaratzea egin dute

[2015-06-24] BBVAko langileek Txente Askasibarren askatasuna exijituko dute beste behin

[2015-04-20] Elkarretaratzea: 'Txente Askasibar askatu!'

[2015-02-02] Otule Garai, Etxerat: "Jendea espaloietan negarrez ikusteak nire egoerak baino gehiago hunkitu ninduen"

[2013-06-14] Txente eta Rupi auzotar presoen salbuespen egoera salatzeko mobilizatu da San Inazio