Agirre lehendakariaren etorbideko lehen zenbakia hutsik dago. Manuel Camaron arkitektoak 1908an Pedro Unibasoren aginduz altxatutako etxetxoa falta da. Unibaso sendiaren etxea, alemaniar ikastetxea, frantses ikastetxea, Carmen kolegioa, Virgen de Nazaret kolegioa edota haurtzaindegia izanikoa desagerrarazi du hondeamakinak. Aldaketa askoren lekuko izan dena ez dago, historia eta istorioen gordailu izan denak agur esan digu.
Martxotik ezagutzen zen eraispenaren berri Arkitektura karrera amaierako proiektua etxetxoari buruz egiten ari den Diego Grisaleñak adierazi digunez. Orduan eskuratu zuen mormoien fundazio batek, lursailaren jabe berriak, eraispena gauzatzeko Bilboko Udalaren baimena. Diegok abuztuan espero zuen etxetxoaren eraispena. Bere hitzetan, “abuztuzidioa”. Baina, ez, irailaren 3an hasi ziren eta 8rako botata zegoen. “Zein azkar desagerrarazten den kostata eraikitakoa”
Lagun batzuekin batera, prozesuaren lekuko izan da. Argazkietan eta bideoan jaso du etxetxoaren amaiera. “Memoria nahiko motza dugulako” egin du. “Udalak are motzagoa”, zehazten du Diegok.
Etxetxoaren kanpoaldeko hesian obren seinalea paratu orduko piztu zen Diegoren alarma, eta loak ezin harturik, change.org atarian etxetxoaren eraispena gelditzeko sinadurak biltzeari ekin zion. Hiru egunetan 1.200 lagunen sinadura biltzeraino. “Asko”. Orduan konturatu zen Diego berarentzat garrantzitsua zen etxetxoa “beste askorentzat ere bazela”.
Jendearen babesak Diegoren tesia berresten du. “Eraikin hori beti egon da hor, Deusturen zati izan da, nahiz herritarrek kasu handirik ez egin. Garrantzitsua izan da. Horrelako eraikinik ez dago Bilbon. Bere kokapenagatik, historiagatik eta testuinguruagatik. Dena aldatu den bitartean iraun duen moduan irauteagatik. Gaur egun ere, balio zezakeen”.
Deustuko etxetxoaren antzeko kasuak “milaka” daude inguru hurbilean. Donostiako Gros auzoko Kortxoenea, esaterako. Grosen zein Deustun eraikin historikoak botatzeko arrazoiak ekonomikoak dira Arkitekturako ikaslearen ustetan. “Oinarrian beti dago dirua”, dio. Donostian luxuzko etxebizitzak eraikiko dituzte eta Deustun erlijio zentro bat.
Zabaldu dira, bai, iritzi ugari mormoien eliza dela eta ez dela. Erlijioa tarteko, “eztabaida desbideratu egin da” Diegoren arabera. Eztabaidak honako galderei erantzun behar die: “Zer egiten ari dira gure ondarearekin? Zertarako erabili nahi dugu gure ondarea?” Pozik dago Diego deustuarrak galdera horiek hausnartzen sumatu dituela eta. “Abiapuntu horretatik egin ditzagun gauzak”, esanez animatzen ditu urratsak ematera. Proposamen pare bat ere badu. “Deustuko trenbideak eta geltokiak itxita darama denbora, tailer eta patio hutsak daude Luzarran eta Ramon y Cajalen. Horiek berreskuratzeak merezi duen pentsatu behar dugu eta, aukeraren bat ematen badute, berrerabili. Ikasi egin behar dugu etxetxoarengandik”.
Helburua ez da eraikin zahar guztiak mantentzea. “Arrazoitu” beharra dago mantendu nahi dena. “Gauzek ez dute baliorik, balioa guk ematen diegu, eta arruntak diren edota egunerokoak diren espazioei balioa ematearen aldekoa” da Diego.
Espazioak berrerabiltzeko “modu herrikoia” defendatzen du. Okupazioa, tartean. “Udalaren mugetatik kanpo” asko egin daiteke. Erakundeek “bidea erraztu behar dute, utzi egin behar diete egiten sortzen diren ekintzei”. Ekimen herrikoiei bultzada emateko, erakundeek “alokairu merkeak” eskaintzea dute.
Etorkizuna
Bi urtez elkarturik egon dira etxetxoa eta Diego Grisaleña. 2016ra arte elkarturik jarraituko dute, nolabait. Ordurako espero du Diegok etxetxoari buruzko karrera amaierako lana defendatzea Donostiako Arkitektura fakultatean. Ordurako etxetxoaren lursailean eliza eraikitzeko lanak hasita egongo dira. 90 ibilgailurentzako hiru solairuko parkina egiteko lanak ziurrenik bai. Ziurra ez dena atzealdeko eraikinaren etorkizuna da. Jabe berriek fatxada mantendu beharra duten arren, bere garrantziagatik babestuta dagoelako, Diegok ez du itxaropenik. Trikimailuren bat asmatu eta eraitsiko dutelakoan dago.
Helmugatik gertu, balantzea egiteko ordua iritsi zaio Diegori. Bi urte luzeko lanean asko ikasi duela aitortzen du. “Deusturi buruz eta nire buruari buruz asko ikasi dut. Beste begirada batekin begiratzen diot auzoari, orain, guztiz desberdina iruditzen zait Deustu. Lehen baino gehiago gustatzen zait, eta zaindu egin nahi dut”.
[2015-09-07] Deustuko 'etxetxoaren' eraispena gelarazteko ia 1.000 sinadura bildu dituzte
[2015-05-12] Deustuko etxetxoaren eraispena eta proiektu berria
[2015-04-08] Bazen behin Deustuko etxetxo bat