'Berbalagunen jaia' lotsarik gabe euskaraz hitz egiteko

uriola.eus 2015ko urr. 15a, 11:14

Deustuko Mullerenean Bilboko berbalagunek ongietorria emango diote 2015-2016 ikasturteari. 20:00etan poteo kalejiran abiatuko dira Ramon y Cajal kalean zehar Ane Zabala eta Galder Perez aktoreek gidatuta.

“Lotsa gabe” euskara berbalagunekin batera parktikatzeko gonbidapena luzatuko zaie gaur arratsaldean herritarrei, bai euskal hiztunei bai euskara ikasleei. Horretarako, lagun artean eta taberna giroan elkartuko dira gaur Deustun berbalagunak. Helburua, ikasturte hasieran elkar ezagutzea eta ondo pasatzea da, eta guzti hori euskaraz egitea.

 

'Zurekin hitz egin nahi dut'

Berbalagun-Mintzalagunaren 2015-2016 ikasturteko kanpainaren aurtengo leloa 'Zurekin hitz egin nahi dut' da eta euskarari ekarpena egiteko kontzientzia duten hiztun onak mintzalagun egitasmoetara erakartzea da kanpainaren helburua. “Praktikatu behar dutenei laguntzeko”, Manuel Moreno Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak aipatu duenez.

GEU euskaltzaleen elkarteko Zuriñe Etxeberriak azaldu duenez, mintzalagunek bi helburu nagusi betetzen dituzte egitasmoetan: “batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dutelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskararen aldeko ekarpena eginez”. Guztia, astean ordubeteko ahaleginarekin.

Izan ere, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta ia Euskal Herri osora hedatu dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.

Aurreko ikasturtean 6.000 mintzalagun baino gehiago elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Izen emateak gora egiten du urterik urte, eta hastear dagoen ikasturtean kopurua handitzeko bidean daude Mintzapraktika egitasmoak.

Mintzalagunek prentsaurrekoan adierazi dute berbalagun taldean aisialdiaz euskaraz gozatzen dutela, eta horrela, lagun giro euskalduna osatzen dutela. Egitasmoen azken helburua, hizketarako aukera emateaz gain, kideek beren egunerokoan euskaraz aritzeko saltoa ematea da.

 

Bilbon

Informazioa eskatzeko edota izena emateko bitartekoak Bilbon:

607 530 132

www.berbalaguna.blogspot.com

berbalaguna@aek.org

facebook.com/berbalaguna.bilbo