Botikazarreko Parkeak estalki eta jolasgune berria ditu

uriola.eus 2015ko urr. 16a, 14:25

Estalkiaren materiala metakrilatoaren antzekoa da, kolore urdin argia dauka eta hiru ataletan banatuta dago. Estaltzeaz gain, Udalak erabat berritu du Deustuko jolasgune hau.

Bilboko Udalak gaur inauguratuko du Botikazarreko Parkearen estalkia. Hiru ataleko metalezko egitura da eta metakrilatoaren antzeko estalkia dauka, urdin argitan.

Umeentzako jolasguneak ere berritu ditu. Hurrengo osagai hauek ditu: teilatupeko hiru dorre, zubixka, txirristak eta eskailera, lau jarlekuko karrusel birakaria, malguki-balantzina, zabuak, inguratzen duen hesia, besaulki antzeko jarleku luzea eta segurtasuneko gomazko zorua. Hala, deustuarrek aisiarako eremu honetaz gozatzeko aukera izango dute egun eguzkitsuetan zein lainotsuetan.

"Gure hiriko espazio publikoaz urteko 365 egunetan gozatu behar da", esan du Juan Maria Aburto alkateak. Izan ere, Estatuko hiri euritsuenen rankingeko laugarrena da Bilbao. "Horregatik, eguraldiaren gorabeherek umeen kanpoaldeko aisian eraginik ez izateko lan egiten du gure Udalak", gaineratu du Aburtok.

2015ean, Obrak, Zerbitzuak, Hiri eraberritzea eta Espazio publikoko Sailak lau jolasgune estali ditu: Zorrotzako Azoka Plaza; Otxarkoagako Garai Lorategiak; Abusuko Ibaieder Parkea; Deustuko Botikazarra; eta laster Miribillako Gernika Lorategia kalea.

Hala, guztira estalitako 10 jolasgune daude Bilbo osoan. Jolasgune guztietan desgaituentzako elementuren bat dute eta guztietan argiteria dago. Deustuko Botikazarreko jolasgune honetako estalkia berritzean eta ingurunea hobetzean 480.000 euro inbertitu dituzte.

Udalak orain herritarren parte-hartzerako prozesu bati ekingo dio, hain zuzen ere, Miribillako Gernika Lorategia kaleko jolasgunean ipiniko den estalki-mota erabakitzeko. Udalbatzak urtea amaitu baino lehen estali eduki nahi ditu. Horretarako, elkarrizketarako eta parte-hartzerako prozesuari ekingo dio auzoko kolektiboekin eta auzo-elkarteekin batera, ipini beharreko estalkiaren gaia elkarrekin lantzeko. Zoruaren materiala segurtasuneko gomazkoa izango da eta azalera osoan muinotxoak izango ditu, olgetan ibiltzea pizteko asmoz.

Halaber, umeentzako parkeak eguzki-panelak izango dituela esan behar da, telefono mugikorretarako lau kargagailuri argindarra emateko.

 

Estalitako hamar jolasgune

2015ean estalitako lau jolasguneekin eta Miribillan egiten hasiko diren bosgarrenarekin, dagoeneko 10 dira gaur egun hiri osoan estalita dauden jolasguneak. Aurretik aipatutakoez gain, Amateur Zirkua kaletik sartuta Cocherito Bilbao kalekoa, Txurdinagako Europa Parkeko Pergolakoa, Otxarkoagako Makaldi Parkekoa daude edo egituren azpiko estalkiak ditugu, esate baterako, Errekalde plazan eta Abandoibarra pasealekuan.

Hala, Bilboko Udalak auzo bakoitzean estalitako jolasgune bana ipintzeko konpromisoan aurrera egiten du, "bilbotar gazteenek kanpoan aisiaz egunero gozatu ahal dezaten". Halaber, Obrak, Zerbitzuak, Hiri eraberritzea eta Espazio publikoko Sailak, besteak beste, hurrengo jolasguneak berritu edo handitu ditu: Arbidea, Betolatza, Areatza eta Udaletxeko zubia.