Kabiak 10. urteurrena ospatuko du azaroko azken asteburuan eta giroa berotzen joateko, egitarau zabala prestatu dute urrirako zein azarorako.
Hasteko, gaur, urriak 20, arratsaldeko 19:30ean, Anuken egia dokumentala proiektatuko dute. Xabier Kalparsoro Golmaio, Txato eta Anuk (Zumaia, Gipuzkoa, 1966ko abenduaren 7a - Bilbo, Bizkaia, 1993ko irailaren 26a). Irailaren 23an udaltzainek atxilotu zuten Durangon, Indautxuko polizia etxera eraman eta bertatik erietxera, koma egoeran. Bertsio ofizialaren arabera, "bere burua leihotik behera bota zuen". Handik bi egunetara hil zen. Dokumental honetan bere inguruko lagun, senide zein militantekideek bertsio ofiziala ezbaian jarri eta guda zikinaren beste kasu bat dela salatzen dute.
Bestalde, ostiralean, urriak 23, 21:00etan, "Askapena aurrera!" lelopean afari internazionalista egingo dute elkartean, eta parte hartzaileek 12 euro ordaindu beharko dituzte.
Azaroaren 14ean, larunbata, 18:00etan, gin tonic tailerra egongo da eta hilaren azken asteburuan, azaroaren 27, 28 eta 29an, Kabiaren 10. urteurren ospakizuna egingo dute. Oraindik ez dute egitaraua ezagutzera eman baina data esanguratsu hau "por todo lo alto" ospatzeko asmoa azpimarratu dute.
Guzti hau gutxi balitz, aurten ere, Euskal Herriko Mus Txapelketaren kanporaketak Kabian ere jokatuko direla iragarri dute eta aurrera emango dutela daten berri.
Bukatzeko, prestatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.