Bazen garaia

bertonaldizkaria 2015ko urr. 21a, 09:40

Argazkiak: Iñigo Azkona

Oihana Pascual izan da 2015eko txupinera. 37 urteren ostean Txomin Barullo konpartsak txupinera izan du. Mahatserrian jaioa, hezia eta hazia. Aurtengo txupinera 'lanak' ederto bete ditu.

Aurten txupinera suertatzeko aukera asko zuen Txomin Barullok. Zelan bizi izan duzu denbora hori dena?

Kar, kar, kar. Aurreko denbora? Konpartsan 37 urtez zain egon gara, eta hauxe izan da gure urtea. Gainera, jakinda hautaketa prozesua zelan den, hau da, zozketaren bidez txupinera izan ez duten konpartsen artean, geroz eta gutxiago geratzen ginen, eta azken urteotan ‘aurten bai, tokatuko zaigu’ esanez ibili gara. Eta tokatu zitzaigunean ez genuen sinesten. Hasieran poza eta gero apur bat bertigoa sentitu genuen. Aukeraketa zelan egin pentsatuz hainbat denbora eman genuen, ez bakarrik izen bat, konpartsaren aldetik zer behar genuen eta zelan nahi genuen disfrutatu erabakitzeko.

Ez zeneukaten pentsatuta aspaldi nor izan zitekeen?

Bai eta ez. Ez zegoen ezer zehatzik pentsatuta, baina gero, jakinda tokatu ahal zitzaigula, hitz egiten, lehenago edo beranduago hautagaiak irteten dira, ateratzen dira izenak, eta nirea ere irten zen. Orduan hasi nintzen pentsatzen ‘baliteke’. Baliteke aurten tokatzea eta baliteke ni izatea. Eta horrela izan zen, horrela aukeratu ninduten.

Eta zer, beldur apurren bat?

Bai. Jendeak esaten dizu, ‘urduri ipiniko zara’. Gogoan daukat muntaketako astean eta txupinaren egunean ez nintzela apenas urduritu. Beno, urduritasun puntu bat banuen, bai, baina ni benetan urduritu nintzen ni izango nintzela erabaki zen egunean. Ekainaren erdian edo izan zen. Kaka praketan eginda ibili nintzen nahiko mobida potoloa delako, konpartsarentzat zein norberarentzat. Zein espektatiba dagoen, zenbat gauza diren, zelako esposizioa izango duzun... ez dakit, ez dago prest egoterik horretarako. Baina behin prozesuan sartuta, pare bat aldiz batzartuta eta zer den ikusita, pilo bat jendek laguntzen dizunez  konpartsetatik hasita, prozesu horretan hasi nintzenean lasaitu nintzen. Dena hain neurtuta dago. Uste dut ez-jakiteak ematen dizula beldur gehien.

Zelan eragin du zu txupinera izateak zure konpartsan? Aste Nagusi ‘normala’ izan da?

Ez, guztiz desberdina izan da. Berez, konpartsari dagokio txupinera, baina bestaldetik, oso pertsonalista da papera, zuk egiten duzu eta zuk betetzen duzu ardura hori. Baina guk hasieratik izan genuen argi konpartsan gozatzeko zela izendapena, jendeak parte hartzeko, urte berezia gehiago programatzeko, elkarrekin egoteko bazkarietan, kalejiretan eta horrelakoetan, eta zentzu horretan, kristoren ilusioarekin bizi izan dugu. Aitortu behar dut badaukala bestelako lana, hau da, programa gehigarriak egiteak sekulako lana eta ardura gehigarria dakarrela, baina beno, positiboa da. Nik uste dut konpartsari beste bultzada bat eman diola, bai animikoki bai proiekzio aldetik. Txomin Barulloko kamisetak inoiz baino gehiago ikusi ditut. Ikusgarritasun horrek ematen dizu animoa, eta 37 urte barru tokatzen zaigunean izango dugu berriro ere txupinera.

Zelako jendea eduki duzu hor, inguruan?

Lehenengo eta behin konpartsa. Ez dut topikoegia izan nahi, baina oso babestuta sentitu naiz konpartsan ‘txupizaintzak’ egin ditugulako. Jendea ibili da arduratuta konpartsan txandak betetzeko, nik goza nezan, eta behar nuenerako. Bestetik, pregoilaria izugarria izan da. Nik ez dakit nire kidea izan delako, baina benetan uste dut kristoren zortea izan dudala. Bere prestutasuna energia, gogoa, umorea... gurekin ibili da aste osoan, elkarrekin, pasada bat. Azkenik, Jai Batzordekoak. Laguntza, babesa... nik pentsatzen dut zortea izan dudala, zeren dena alde daukazunean askozaz gehiago disfrutatzeko aukera ematen dizu.

Agenda bete-betea izan duzu.

Agenda oso cañeroa da, oso, oso!

Txupineraren funtzioa zein da?

Ufa! Gatxa azaltzeko! Esaten dizute eta denok dakigu ‘zure konpartsa, Bilboko Konpartsak eta Bilboko hiritar guztiak ordezkatzea’. Bai, hori dena bada. Baina gero bada leku guztietan egon beharra ere, hau da, denok nahi dugu ekintzaren bat antolatzen dugunean txupinera eta pregoilaria bertan egotea, eta denok daukagu eskubidea aukera hori izateko eta disfrutatzeko, eta saiatzen gara, ahal den neurrian, bertan egoten. Pentsatu behar da sinboloa dela, hau da, aurten ni izan naiz, beste urteetan beste batzuk, eta beste haibat emakume izango dira datozen urteetan, eta danak gara bat: txupinera. Orduan, sinbolo horrek dakar ahalik eta ekitaldi gehienetan egotea, baina ez egote hutsagatik, ez argazkia ateratzeagatik bakarrik, argazkiak egin ditugu bai, parte hartzeagatik ere bai. Hori lortzeko, agenda terriblea da. Terriblea! Goizeko hamarretan aurpegia garbituta eta aurreko gaueko purpurina guztia garbituta, txupina bota; puntualak izan dira denak. Esandakoa, goizeko hamarretan hasi eta non stop gaueko hamarrak, hamaikak arte, eta gero, bakoitza liatzen dena.

Txori batek esan digu ez duzula gauez kale egin.

Baaai, baina nahi baino gutxiago ibili naiz. Gauren batean esan zidaten, ‘Oihana, agian joan etxera...’, eta nik: ‘Benga! Azkena’. Kar, kar, kar. Baina ematen dizu. Nire beldurra zen gorputzak aguantatzea, eta aguantatu dit. Pentsatzen dut adrenalina txute hain handia denez gorputzak ematen duela. Lo, atseden hartu, oso ondo pasatu dut, egunez ere egin dut juerga.

Orduan, eguneko eta gaueko jaia ikusi ahal izan duzu. Zelan egon da?

Gautxoria naiz baina egunez ere egonda nago. Konpartsok, izatez, egunez gero eta ekintza gehiago egiten ditugu. Ni ez naiz guztietan egon, baina askotan bai. Eguneko giroa finkatzen ari da, eta publiko guztietarako eskaintza dago. Agian, ondoen azken igandean pasatu dut. Datorren urterako berrantolatuko dut agenda hainbat gauzetan egon barik nengoelako eta egon nahi dudalako.

Zerk liluratu zaitu?

Kaskagorriko berbenak eta Txomi Barulloko buztan gisatuak. Aurten gainera, lehiaketa gastronomikoan irabazle izan gara, eta niretzat oso polita izan da.

‘Tongo, tongo’, diote.

Esan, esan, baina probatu baduzue badakizue ez dela tongoa izan. Gainera, gastronomikoan dabilen nire konpartsako taldetxoari kristoren maitasuna diot. Oso emozionantea izan zen.

Izan da une desatseginik?

Desatseginik, ez. Tira, kontuan izan behar da bero handia egin duela, jende guztiak nahi duela zurekin argazkia atera. Tarte batzuetan esaten duzu, ‘begira, arratsaldeko lauak dira, ez dugu bazkaldu, eta ez dakit nora joan behar garen’. Eta horrelakoetan, beno. Egia da ez daukagula ohiturarik horrela ibiltzen, eta batzuetan nahiko genukela gelditu, ostondu tartetxo batez. Baina era berean horren barneratuta daukazu horrela dela berez, egin egiten duzula. Nik ez dakit zenbat jendek daukan nire argazkia bere mobilean! Bizitzan behin da eta aurrera.

Zer kontatu dizu Marijaiak?

Sekretuak dira, ezin dira kontatu. Marijaiak gauza asko ikusi ditu. Gajoa! Lehengo egunean kristoren melada hartu eta halan da ere, umoretsu jarraitu zuen.

‘El Conquis’ baino esperientzia hobea.

Ez naiz ‘El Conquis’-en egon, baina aukeran, zalantza barik nahiago dut Aste Nagusia. Askoz gutxiago sufritzen delako eta askoz gehiago gozatzen delako. Esperientzia izugarria, benetan. Bizitzen duzun artean ez dakizu zer den. Aste Nagusia nork bere esperientziatik egiten du. Baina konpartsa batean sartzen zarenean, nik beti esaten dut ‘0 urtea’ dela. Ikusten duzu zer lan dagoen atzean, zer making off’. Gustura egiten den lana da, eta zenbat lan. Zenbat jende, zelako koordinazioa. Behin hau bizi izanda, dena ikustea ezinezkoa bada ere, uste dut hartzen duzula abaniko handi bat, argazki benetan panoramikoa Aste Nagusiarena.

Zerbait ezberdina sumatu duzu Aste Nagusi honetan?

Bai, igarri dut. Ez dakienarentzako, eta konpartsei buruz ari naiz, kontutan hartu behar da Aste  Nagusia bederatzi egun direla, non stop, goizetik gauera, txosnak ez ditugu ixten. Garbitzeko, eskariak egiteko... txanda guztiak ez dira barran, esaterako, goitiberetan fardoak ipintzeko ere txanda dago. Eta horrez gain, bederatzi egun aurretik egoten gara txosna muntatzen. 18 egun pasatzen ditugu zurrunbilo horretan, eta urte osoa prestaketetan. Bilbainada latza gurea. Bilbainada zorgarria, baina latza. Hau da onena, guk egiten dugula Aste Nagusia, ez dut uste beste inon gertatzen denik horrelakorik mundu osoan. Pentsatzen jartzen naiz konpartsa berrietan; eurak zerotik hasi dira. Zenbat lan dagoen ez da ikusten kanpotik askotan: Marijaia eramateko, pertsona bi behar dira, bat barruan eta bestea kanpoan. Lan guztiak koordinatuta daude, beno, deskoordinatuta batzutan, kar, kar, kar. Baina zenbat jende dagoen bere denbora ematen, gozatzen, zerotik hasten, doan, nahi dugulako, jai hauek maite dituulako. Gero, besteen lanaren errekonozimendua: ‘Kontxo, nik ez nuke halako artistarik ekarriko’, ‘baina zenbat lan egin duzuen’ eta antzekoak esaten ditu jendeak. Asko eta oso ezberdinak gara konpartsak, nork bere bizipenak ditu, bere inguru sozio-politikoa, bere baldintzak, batzuk konpartsa handiak, txikiak besteak.  Hori dena koordinatzea. Batzuetan tira-birak dauzkagu, baina badaukagu ahalmena hori dena aurrera eramateko, eta ez da loreak botatzea, kristoren lana egiten dugu denon artean.

Eta bestelako eragileak?

Esan behar dut zorionekoa izan naizela, urteetan izan direlako tentsioak, zailtasunak, eta aurten urte erraza izan delako. Igartzen da, eta bat egiten dut Bilboko Konpartsek egin duten balorazioarekin, beti hobetu daitezkeela jaiak, baina igartzen da borondatea dagoenean denon artean, elkarlan horrek emaitza hobeak ematen dituela, beti.

Zer da zuretzat Marijaia?

Aste Nagusiaren espiritua, ama, gida, izan behar duguna, Aste Nagusiak izan behar duena, guztiona, herrikoia, babesten gaituena, beti parrandarako prest, uholdeei aurre egiten dakiena, suari ere aurre egiten dakiena, prest dago altxatzeko eta parranda egiteko, euskalduna, emakumea da baina guztiona da, eta gainera, emakume irudi polita da. Ikusten dudanean ‘Marijaia guapa’ irteten zait. Zelako jantzi bereziak eta zelako ipurdi eta gerribuelta latza daukan, eta hori da nahi duguna izan; oso harro nago Marijaiaren irudiarekin. Hau da guk proiektatu nahi duguna edota nahiko genukeena. Sinbolo bat da, baina nahiko erreala, hezurmamizkoa.

 

Elkarrizketa: Itxaso Perez

Argazkiak: Iñigo Azkona