Elvira Barciela: “Nire belaunaldiarentzat hitz tristea da errefuxiatu hitza”

prestaldizkaria 2015ko urr. 21a, 09:35

Argazkia: Iñigo Azkona

Bederatzi urterekin Deustuko etxea utzi eta gerrako errefuxiatu izatea egokitu zitzaion Elvirari. Hiru urtez bizi izan zen Frantzian, asko eskertzeko dion herrialdean. 88 urterekin ez dela ahaztu behar diosku.

Zer esan nahi du ‘errefuxiatu’ hitzak zuretzat?
Ñabardura asko ditu hitz horrek errefuxiatu mota asko daudelako. Gerragatik edo bestelako arrazoi bategatik alde egitea erabakitzen duen pertsona izendatzeko balio du. Nire belaunaldiarentzat hitz tristea da. Herrialde ezezagun batera iritsi eta beste hizkuntza bati, beste ohitura batzuei, etxean ez genituen gauza askori aurre egin behar izan genielako. Baita bizimodu hobe bati ere, Frantzia aurreratuta baitzegoen orduan, batik bat kultura mailan, eta maila guztietan oro har. Horregatik pentsatzen dut kultura gabeko herriak beti ibiliko direla noraezean.

Zer deritzozu gerratik ihesean doazen pertsonak herrialde baten ez sartzeko hesiak eraikitzeari? Edota pertsona horiek atxilotzeari?
Ez dut uste irtenbidea mugak zabaldu eta 120.000 errefuxiatu hartzea denik, kontutan izan hemen pentsio kaskar batekin bizi garela. Zer egingo dugu datozen errefuxiatuekin, pentsio kaskarra eman? Herrialde guztiek egin beharreko zera da, bitartekoak jartzea gerrak gelditzeko eta enpresak sortzeko. Baina ez dezatela euren herria hutsik utzi lau lapurren eskutan. 

Zer egin dezakete euskal erakundeek eta euskal herritarrek?
Hemen bada jende asko beretik eman dezakeena. Zertarako nahi dute hainbeste diru jatekorik ez duten pertsonak daudenean.

Zer esango zenieke agintariei?
Herrialde horiei lagundu behar zaiela diruarekin, kulturarekin, enpresekin. Ahal  duten guztian lagun diezaietela.

Eta errefuxiatuei?
Babesa ematen dieten herriekin esker onekoak izan daitezela eta, nik bezala, bihotzean gorde ditzatela. Egokitu daitezela tokian tokiko ohituretara. Gogorra baita egokitzea, baina egokitu beharra dago.

Errefuxiatu hitzarekin identifikatzen zara?
Bai. La Habana itsasontzian alde egin genuen Frantziara sei anaia-arrebak, eta beste bik amarekin egin zuten alde aurrerago. Jose Antonio Agirre eta Juan Graciari esker, ‘gerrako umezurtzak’ babesteko proiektua jarri zen martxan. Gure amari esan zioten umeak Frantziara eramateko, eta berehala baietz erantzun zuen.

Gogoan duzu Deustuko etxea utzi eta Frantziara joan zineten eguna?
Oso argi. Egun batzuk lehenago agurtu genuen ama. Campo Volantinean hiru aldiz etzan ginen lurrean hegazkinak itsasadarrean zehar pasatzen zirelako. Udaletxeko zubi parean hainbeste denbora eman genuen lurrean. Trena hartu genuen Areatzan Santurtzira, eta bertan zegoen La Habana itsasontzia gure zain.

La Habanak lan handia egin zuen.
Ume gehien salbatu zuen mandatua izango den hura. Sotoan Errusiara zihoazen umeak zeuden, gorago Inglaterrakoak eta goian Frantziakoak. Nik orduan bederatzi urte nituen. Arreba nagusiari agindu zion amak neba-arrebok zaintzeko, inor ez galtzeko. Bordelen geratu ginen gu.

Zelako harrera egin zizueten Bordelen?
Gosetuta jaitsi ginen itsasontzitik, eta barra erdi ogi eta txorizoa eman ziguten; sekulakoa. Itsasontziko higiene falta zela eta, hazteriaren aurkako txertoa eman zieten denei, niri izan ezik. Txikia nintzen eta txertoa jartzen zuten gizonen azpitik pasa nintzen. Gogotik ordaindu nuen bihurrikeria hazteriak harrapatu ninduenean.

Bordeletik Limogesera eta handik Parisera heldu zineten.
Adinekoen etxe batean egon ginen Limogen Barakaldoko anaia batzuekin. Denbora eman genuen bertan leku aldaketa antolatu bitartean. Azkenik Parisera joan ginen. Baldor erresidentzian egon ginen hasieran, oso txarto, jendetza pilatu zelako bertan, txiki zein handi nahastean. Umeak ateratzen hasi zirenean gu erdigunera bidali gintuzten, egun Casa de España den eraikinera; oso ondo egon ginen bertan.

Bertan elkartu zineten zuen amarekin?
Gurutze Gorriaren bitartekaritzari esker lortu zuen gure amak irtetea bi anai-arreba txikiekin, eta denok elkartu ginen. Ondo egon ginen. Izeko baten eskutitza ere jaso genuen. Dolurik ez zuela egin behar esaten zion amari. Izan ere, gerran boluntario gisa parte hartu zuen gure aita Areatzako borrokan harrapatu eta hil zutela pentsatzen genuen. Baina ez zegoen hilik. Berriarekin hunkituta egunak eman zituen amak ohean.

Bikote batek etxean hartu zintuen.
Jendea hurbiltzen zen gu bizi ginen lekura umeak hartzera. Behin emakume oso eder bat etorri zen, senarrarekin, eta aurpegian laztandu egin ninduen. ‘Etorri nahi duzu gure etxera’ galdetu zidaten, eta baietz erantzun nien. Nespral jaun-andreak asturiarrak ziren, meatzarien erreboltan alde egindakoak Parisera. Eurekin bizi izan nintzen. Komunisten mitinetara eta antzerkira eraman ninduten. Leku guztietara eraman ninduten hiru urtez.

Noiz itzuli zinen Deustura?
Amnistia zegoela eta kanpoan zeuden umeak itzul zitezkeela esan zuenean Francok. Ordurako alemaniarrak Frantzian sartzekoak ziren, elikagaiak falta ziren eta beldur handia zegoen. 1940-41an bueltatu ginen. Etxea eta ortua kendu zizkigutenez, Iralabarrin izekoaren etxean sartu behar izan genuen. Gure aitari ez zioten Deustuko altzairutegian zuen lanpostua itzuli nahi ‘gorria’ zelako. Deustuko unibertsitatean preso egon zenez, presondegiko kapitainarengana jo zuen eta bere egoeraren berri eman zion. Bihotz oneko pertsona zen kapitaina eta eskutitza idatzi zuen bere alde, eta horrela lortu zuen lanpostua berreskuratzea.

Unibertsitatean kartzela egon zela ez dakite askok.
Nire ilobek Deustuko Unibertsitatean ikasi dute eta bertan da irakasle nire alabetako bat. Oso gogoan dut oraindik gure aitak bertan pasa zuen gosea. Pentsa, eta orain hori dena ahaztu behar duzu.

Gogorra izan zen itzulera?
Bai, ez genuen denontzat baliabiderik. Las Esclavas ikastetxean onartu ninduten eta apurka-apurka hasi nintzen lanean. Denetik egin dut bizitzan, garbitzaile, interina, gaixoen zaintza... denetik.

Hitzaldi eta elkarrizketetan memoriaren garrantzia azpimarratzen duzu. Zergatik?
Ez da ahaztu behar egindako akatsak ez errepikatzeko. Bestela, ez dugu aurrera egiterik lortuko. Kultura sustatzea funtsezkoa deritzot. Mundu honetan badira pertsona batzuk beste batzuei min egiten dietenak kultura faltagatik. Trebatuz, prestatuz pertsonak asko aldatzen dira. 1937an Frantzian konturatu nintzen kultura zein garrantzitsua zen, eta zein aurreratuta zeuden bertan.

Zer eman dizu Frantziak?
Zer eman behar diot nik Frantziari? Eskerrak eman behar dizkiot. Merci beaucoup France! Oraindik orain harremana mantentzen dut hango familia eta lagunekin. Hainbat aldiz egon naiz bisitan senideekin eta gerrako umeen elkartekideekin. Eurek ere etorri izan dira gurera.

88 urterekin baikor zara?
Ez ditut jasaten gobernari lotsagabeak, pol-tsikoak bete-beteta dituztenak. Alderdi politiko bateko kideen %88 lapurrak izatea onartezina da. Alderdi guztiak dira apur bat lapurrak. Pentsatu beharko lukete diruak gehiagorako balio duela ondo afaltzeko edota oporretan gastatzeko baino. Gose diren umeak, abandonatutako adinekoak... herrialde batek bere herrikideak zaintzen ez dituen artean ez goaz hobera. Bizitzak bestelakoa izan behar du, eta ez diru pilaketa hutsa. Hezkuntzan eta kulturan inbertitu beharra dago.

Zure zortzi iloba eta lau birbilobek zer esaten dizute?
‘Zelako istorioak amama, zelakoak’, esaten didate. ‘Nire aitak kontatu zizkidan’, esaten diet nik. Annualeko sarraskitik salbatu zen bakarrenetako bat izan zen gure aita. Ez nieke horrelakorik kontatu nahi, nik izan dudan tristeziarik izan ez dezaten.

 

Elkarrizketa: Lur Mallea

Argazkiak: Iñigo Azkona