“Gure zaporea” ei du Boga artisau garagardoak. Zein zapore da hori?
Industrialekin alderatzen da modu naturalean ekoizten delako. Horrek ematen dio gorputz eta zapore berezitua. Pilsen garagardoa da, horixka, fruta gustu eta mikaztasun apur bat dauzka. Beste artisau gargardo batzuen ondoan nahiko garagardo leuna da talde zabal batera heldu ahal izateko.
Boga bogan dago?
Poliki-poliki zarata egiten ari da, badoa aurrera, baina gure proiektua eta enpresa jaioberriak dira oraindik. Kalean denbora gutxi daramagu. Falta dugu lan komertzial dezente egitea. Bilbo inguruan, hor zentratzen da gehien bat gure salmenta gunea. Jendea hasi da hitz egiten Bogari buruz, eta espero ez duzun pertsona batzuk esaten dizute hau eta bestea, eta poztekoa da. Poliki-poliki lortuko dugu Boga bogan egotea.
Orain arte zer lan egin duzue?
Ekoizpen prozesuan trebatzeko, behin betiko zaporea definitzeko eta merkatuaren gorabeherak ikasteko fase pilotuan jardun dugu. 2014ko apirilean kooperatiba sortu genuen eta aurtengo uztailean lantegi propioa jarri dugu martxan. Lehen loteak Aste Nagusirako atera genituen, gure botadura, gure behin betiko zaporearekin egin genuen. Oso harrera ona izan zuen. Konpartsekin batera egindako lana izan zen. 11 txosnetan instalatu ditugu kañeroak eta salmenta potoloak izan dira hasiera izateko: 100 bat kupel, 3.000 litro inguru. Beste taberna batzutan ere zabaldu dugu Boga. Egun, gure bezero karteran 100 bat kontaktu daude eta horietatik iraunkorrak 30 bat dira. Batez ere Bizkaian eta Bilbo inguruan kokatutakoak. Aurrerantzean, kanpo lana edo kaleko lana egitea dagokigu.
Zein argudio ematen duzu Boga garagardoa saltzeko?
Batik bat produktu naturala dela azpimarratzen dut, hau da, ingurugiroan eta osasunean kalte gutxiago eragiten duela, artisau eran eginda dagoela eta lehengaiak bertakoak direla. Hortaz, garagardoak kalitate gehiago dauka, zapore gehiago, eta hori garrantzitsua da garagardoa baloratzen duten bezero eta azken kontsumitzaileentzat. Gero badira beste argudio batzuk. Gazte ekintzaileek sortutako kooperatiba garela, finantziazio etikoa erabili dugula eta lanpostuak sortzeko helburua dugula. Argudio horiek batuta animatzen dugu jendea produktua frogatzera.
Artisau gargardoak bogan daude. Lehia latza da?
Gure benetako lehia garagardo industrialekin dugu. Hiru familia handiek, Mahou-San Miguel, Heineken-Amstel eta Estrella Dammek, merkatuaren %99 bereganatuta dute. Norbaitekin lehia bizia badugu eurekin dugu. Egia da, geroz eta gehiago sortzen ari direla artisau garagardoak, markak batez ere, ez hainbeste fabrikak. Euskal Herrian dagoeneko 30 bat badira. Horrek lehia baino kultura aldeketan eragiten du, eta balioa ematen dio Euskal Herriko garagardoari, artisau produktuei eta tokiko ekonomiari. Guztion artean, nahiz lehia puntu bat egon, gizartean aldaketa sortzen ari gara gehiago kontsumitzeko eta benetan garagardoa baloratzeko.
Kontsumitzaileak geroz eta gehiago edaten du artisau garagardoa?
Bai, baina bada bitxikeria bat batik bat udan gertatzen dena. Bertako garagardoa gehien eskatzen duten bezeroak kanpotarrak dira. Europan zehar garagardo kultura hedatuago dagoelako, finean Europatik datorren olatua delako microbrewery edota craft beer delakoa. Aldi berean, poliki-poliki aldaketa ematen ari da bertako kontsumitzaileen artean ere, eta geroz eta jende gehiagok eskatzen du bertako artisau garagardoa. Oraindik jauzia dugu emateko. Bada jendea ez dakiena Euskal Herrian garagardoa egiten denik. Egon badago horrelako jendea, eta horiei heldu behar diegu.
Azoka eta plaza askotan egon zarete. Zelako harrera izan duzue?
Lan potoloa da, nekeza, batez ere asteburuetakoa, eta era berean polita. Nekazal eta artisau azoketan parte hartu dugu, baita bertako garagardo azoketan eta kultura ekimenetan ere. Batez ere euskal kulturarekin lotutakoetan, dela Ibilaldia, dela Korrika. Guretzat horiek oso plaza politak dira jende asko piltzen delako eta partaideek sentsibilitatea dutelako bertako kulturarekin, ekonomiarekin eta produktuekin. Eta hori da gure lehenengo bezeroa.
Zeintzuk dira Bogaren hurrengo erronkak?
Garagardo kultura suspertzeko leku askotan ekimenak egiten dira hilabete hauetan, garagardo kontsumoa jaisten den hilabeteetan, alegia. Udak egarria dakar eta neguak kendu egiten du. Beraz, ekimen askotan parte hartuko dugu. Azaroan kaleratuko dugu gure bigarren produktua, gure garagardo iluna, amber motakoa. Abenduan fabrikaren inaugurazio ofiziala egingo dugu, dastaketa gunearekin, eta hortik aurrera berriro indarra hartuko dugu urte berriari ekiteko. Bezero kopurua hirukoiztu behar dugu, eta helburu egingarria dela uste dut. Mugarri bezala jarri dugu 40.00 litro ekoiztea udatik udara.
Garagardo iluna gora egiten ari da.
Kristoren gorakada izan du azkenaldian. Aldaketaren baitan dago, batetik, aldaketa aktiboa, artisau garagardo egileek eragindakoa eta, bestetik, pasiboa, kontsumitzaileen nekearekin lotutakoa. Betiko garagardo arin eta horixka horrekin nekatuta daude lagun asko, industrial eta pasteurizatuarekin, zaporerik ez duena, egarria ken dezakeena baina gehiago ematen ez duenarekin. Jendea hasi da gauza berriak frogatzen, eta garagardo iluna eta inportaziokoak egin du gora. Bere garaian ardoarekin gertatu zen antzeko kontua da.
Botilan ala kupelean dago etorkizuna?
Orain arte, batez ere, kupela gehiago saldu dugu. Hala ere, merkatuan sartzen laguntzen duen edukiontzia botila da. Gure helburua kupela lehenestea da, salmenta bolumenagatik eta erreferentzia izateagatik, alternatiba gisa islatzeko. Izan ere, kañeroan dago botere sinbolikoa mundu honetan.
Kanpora joko duzue?
Saiatuko gara urte amaierarako internazionalizazioari ekiten. Estatuko herrialdeetara jotzen, batik bat Kataluniara, oso hedatuta baitago bertan artisau garagardoen mundua, eta Europa osora.
Erakundeek eta banketxeek gazteei enpresak sortzeko laguntzak ematen dizkietela esaten dute. Iristen dira?
Eskuragarriagoak eta ugariagoak izan behar dira laguntzak lan handia eskatzen dutelako, ate asko jo behar direlako, paper asko bete behar direlako. Behin bilatzen hasita, eta ordu asko sartuta, lortzen dira laguntzak; guk ere lortu ditugu laguntzak. Likidezia da gauzak martxan jartzeko lehen muga. Guk laguntza publikoa baliatu dugu, baina gure benetako motorra finantziazio etikoa izan da, Koop 57rena, hain zuzen ere. 100 elkarte eta lagunek babestu gaituzte abal mankomunatuen bitartez, eta hori da gure benetako altxorra, Boga martxan jartzea lortu duelako.
Non ikusi nahi zenuke Boga?
Leku guztietan. Nahi nuke pentsaezina den leku baten ikusi, esaterako, nire girokoa ez den taberna baten gorbatadun pertsona bat Boga bat eskatzen.
Deustuko Erriberan hiru artisau garagardo azoka antolatu dira.
Hiru edizio izan dira Zawpen, Garabia aretoan lehen biak eta hirugarrena kalean. Handituz joan den ekimena izan da, eta etorkizunean badakigu buelta bat ematen ari direla leku handiagoa egiteko, bai ekoizleak bai publikoa biderkatu egin baitira. Oso baikorra izan da esperientzia giro anitzetako koadrilak eta lagunak elkartzea lortu delako.
Lortu duzue Deustuko Oktoberfest karpan sartzea?
2014an harria bota genien Deusto Bizirik elkartekoei. Elkarteak ez du esku-hartze zuzenik ekimenean. Kanpoko enpresa batek kudeatzen du, eta garagardo industrialek daramate dinamika osoa. Esklusibitatea ere badute taberna askotan gertatzen den bezala. Aurten ere saiatu gara, baina ez dago modurik parte hartzeko. Gustatuko litzaiguke geroz eta zabalduago egotea bertako garagardoen kultura benetan presio puntu hori egiteko elkarte eta enpresei. Kasu egin behar zaie bertako enpresa eta produktuei eta, gainera, badirelako esaten duten ‘Bilbo’ markaren eta ‘Basque Country’-ren markaren eredu, turismoarentzat eta ekonomia suspertzeko gu ere bagarelako tresna eta, hortaz ere konturatu behar dira.
Deustuko jaietan zelako esperientzia izan duzue?
Bogaren aurre fasean Deustuko jaiak lehen jaiak izan dira eta horrela ahalbidetu genuen Boga ezagutzera ematea eta trebatzea instalazioekin eta banaketa zerbitzuarekin.