‘Grebalariak Aske’, pozik eta harro egoteko

Jon Telletxea 2015ko aza. 3a, 09:54

Urtebete pasa da Jon Telletxea eta Urtzi Martinez gazte grebalariak Deustuko San Pedro plazako kioskoko teilatutik jaitsiarazi eta preso eraman zituztenik. 2012ko martxoko greba orokorrean desorden publikoa egotzita zigortu zituzten bi urte eta erdiko espetxe zigorrera. Euren kasuak ‘Grebalariak Aske’ eta ‘Deustuko Askegunea’ bezalako elkartasun mugimenduak sortu zituen. 

2014ko urriaren 11n kondena betetzen hasi ginen, Deustuko ‘Askegunean’ atxilotuak. 2015eko urrian kondena betetzen jarraitzen dugu. Bi urte eta erdiko espetxe zigorra.

Gaur egun preso jarraitzen dugu Urtzi Martinez eta nik neuk, Jon Telletxeak, bigarren graduan 100.2 artikuluarekin gau guztiak pasatzen ditugu espetxean; 15 egunero gau bat libratzen dugularik. 100.2 gradu hau izateko ikasketak egiten ari gara, kartzelan hasi genituen ikasketak, eta orain kartzelatik kanpoan jarraitzen ditugu ikasketak.

Espetxealdia Basaurin hasi genuen ‘Askegunearen’ ostean. 2014ko abenduaren erdialdean Zaballako kartzelara eraman gintuzten, han 2015eko erdialdera arte egon gara gutxi gorabehera. Zaballatik Nanclares de Okako kartzela zaharrera, 100.2 artikulupean oraindik. Denbora tarte txiki batera, hilabetera edo, Basauriko espetxera ekarri gintuzten, 100.2 artikuluarekin jarraitzeko. Egun, beste fase berri batean gaude, hirugarren graduaren bila goaz.

2017. urtean beteko dugu kondena osorik.

Prozesu hau hasi zenetik (Piol, Irantzu, Urtzi eta lauok) gure lehen atxiloketan, epaiketan, sententzia ezagutzean, kartzelara sartzeko agindua jaso genuenean, ‘Herri Harresian’ eta kartzelan egon garenean, elkartasun eta animo piloa jaso dugu. Hasierako momentutik jakin genuen gure burua bakarrik ez genuela sentituko, eta horrek asko lasaitu eta era berean poztu gintuen. Herri bat atzean geneukala sentitu genuen, edo bestela esateko, injustuizia horren aurrean jendea gure alde jarri zela nabaritu genuen. Ezagunak, ezezagunak, eragile sozialak, Deustuko herri mugimendua, sindikatuak...

Erantzun hori ikusita, ‘Grebalariak Askeren’ inguruan gertatutakoa, pozik eta harro egotekoa dela uste dut. Eta oso beharrezkoa izango da horrelako elkartasun maila erakustea noizbait berriro horrelako eskubideen zapalketaren bat gertatzen baldin bada. Izan ere, gure herrian errepresioak ez duela mugarik argi geratu da.

 

Jon Telletxea