Poesian babes bila, Goizalde Landabasoren lan berria

prestaldizkaria 2015ko aza. 4a, 10:58

Goizalde Landabasok poema liburu berria dakarkigu; idatzitakoa ez galtzeko, segurtasun kopia poetikoa egin du. Bizi dugun garai hauetan teknologiak agintzen du eta teknologiaren menpe geratu dira gure memoria, gure oroitzapenak... dena. Babeserako kopia liburuak memoria berreskuratzeko ahalegina izan nahi du.

“Noiz bihurtzen dira jazoerak gomuta? Oroitzapena eraikitzen ari naiz. Laster, ez dakit noiz desagertuko den dena. Babeserako kopia egin behar dut”, dio Goizaldek Inoiz poeman. Hitzaurrean Harkaitz Canok esaten duen moduan, “argazkigintzari ere eman diogu gure memoria”. Babeserako kopia lana ahalegin bat da memoria hori berreskuratzeko, memoria hori gure baitara ekartzeko. Nor garen gogoratzeko eta, batez ere, memoriak kale egiten duenean, nor ginen gogoan izateko.

Babeserako kopiak hiru atal ditu: Izan, Odola eta Denbora. Lehenengoa Izan deiturikoa da. “Norberaren burua berreskuratzeko ariketa bat izan da; Nor naizen esatea. Alde existentzialena da”. Tematikoak badira ere atalak, batetik bestera mugak oso lausoak dira. Odola alderik indartsuena da, barru-barrutik ateratzen dena. “Maitasuna, ez maitasuna, sexua, mina, bakardadea, on eta txar guztiak hor bilduta daude”.

Azkena Denbora, denbora pasatzen da eta Goizalderentzat ere denborak aurrera egiten du, zahartzaroaz dihardu idazleak. “Falta denari eta izan zenari begirada bat dago. Bideak egiteak bidean gauza batzuk galtzea ekartzen du. Gauza batzuk galdu eta beste batzuk irabazi, hutsune batzuk sortzen zaizkizu eta beste aukera batzuk ere agertzen dira”.

Vladimir Holanenen poema batek zabaltzen du Babeserako kopia poema liburua. “Igandez euria denean eta zu bakarrik eta lapurrik ere ez zure etxe irekira ez mozkorrik ez etsairik zuri ate joka”, dio. Bakardadea da liburuan presente dagoen gaia. Poema horrek “ondo islatzen du sentimendu hori, zelan sentitzen den norbera igande goiz batean, altxatu eta ingurura begiratu eta inor ez dagoenean”.

“Gure memoria gugandik kanpo dago dagoeneko, mundua gogoratzeko argazkiak ateratzen ditugu, istant guztiak islatzen dira bideo edo argazki batean, baina gero gugandik kanpo daude, ez daude gure gorputzean, ez daude gure memorian, beste euskarri batek daukan memorian daude. Memorian berreskuratu behar dugu, babeserako kopia bat egin behar dugu, guk geuk gure baitan izateko, oroitzapen horien beharra daukagunean, itzultzea errazagoa izateko”, kontatu digu Goizaldek.

Liburua, hasieran, ariketa soila izan zen. Bere buruari egunero idatzi beharra agindu zion, eta egunero idazten zuen zerbait, horretarako blog bat sortu zuen eta bertan egunero zerbait idazten zuen. Momentu batean konturatu zen bazuela materiala zerbait osatzeko, eta hor hasi zen liburuaren arkitektura. Orrazketa sakona egin ostean, Harkaitz Cano eta Iratxe Fresneda lagunei eman zizkien testuak. Haien laguntzarekin Babeserako kopia osatzen joan da.

Laborategi lana ere badago kopia honetan. “Behin poemak hautatuta; disekzionatzen hasten zara poema bakoitza eta zientifikoaren begiradarekin lan egiten duzu”. Ondoren liburua osatu du.



Nork bere istorioa aurkitzea
Goizalde Landabasok poesia asko irakurtzen du, batzuetan oso identifikatuta sentitzen da irakurtzen duenarekin. “Emily Dickinson irakurtzen, nik nire burua aurkitzen dut, eta Emily Dickinson jaio nintzenean hilda zegoen. Zerk lotu gaitzake horrelako emakume  bat eta biok? Askotan kezka existentzialak berdintsuak izan daitezke, gizakiarekin batera doazenak”.

Goizalderentzat berak sentitzen dituen gauzak oso unibertsalak izan daitezke. Horregatik plazera sentituko du bere poemak irakurtzen dituen pertsonak bere burua nonbaiten aurkitzen badu.

Ikuskizuna
Olerkiak oholtzara eramateko lanean dabil Goizalde uneotan, irakurraldi berezia prestatzen Ane Zabala eta Galder Perez aktoreekin batera. Irudia, ahotsa eta musikaz memoria astindu eta Babeserako kopia eraikitzeko asmoa du hirukoteak. Azaroaren 25ean, Deustuko Mullerrenean izango dira (Ramon y Cajal 42) Berbaizu euskara elkartearen eskutik.

 

Testua: Ane Zabala